Jaurlaritzeak, Generalitatek eta Xuntak hizkuntz aniztasunaren aldeko Pariseko Adierazpena sinatu dabe

Bizkaie! 2008-02-11 11:08   Euskerea berbagai

Adierazpen hori hiru gobernuek hizkuntz politikako gaietan izenpeturiko lan-hitzarmenaren barruan dago. Adierazpenaren arabera, hizkuntz aniztasuna Europar Batasunaren balio oinarrizkoetako bat da eta baita Europa batu eta danetariko baten aldeko berme sendoa be.

Eusko Jaurlaritzako, Kataluniako Generalitateko eta Galiziako Xuntako hizkuntz politikako arduradunek, hiru gobernuen izenean, hizkuntz aniztasunaren aldeko Parisko Adierazpena sinatu dabe Frantziako uriburuan, Expolangues hizkuntza, kultura eta kultur hartu-emonen ganeko azokan.

Adierazpen hori hiru gobernuek hizkuntz politikako gaietan izenpeturiko lan-hitzarmenaren barruan dago. Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak; Bernat Joan Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako idazkariak; eta Marisol Lopez Galiziako Xuntaren Hizkuntza Politikarako idazkari nagusiak aurkeztu dabe.

Baztarrikak nabarmendu dau Europa hizkuntz aniztasunaren 'sinonimo' dala, eta 'uniformizetako edozein asmo, hizkuntz aniztasuna ukatzeko edozein ahalegin eta elebakartasuna inposatzeko edozein asmo Europaren bihotzaren aurkako atentadua' dala. Sailburuordearen esanetan, 'hizkuntz aniztasunaren alde lan egitea beharrezko baldintzea da Europa edegia, modernoa eta demokratikoa eregiteko'.

Bernat Joanek, bere aldetik, katalanen, euskaldunen eta galiziarren arteko koordinazinoa azpimarratu dau eta helburua Balear ugarteetara heltzea dala dino, 'han be katalanez egiten dalako'.

Bestalde, Marisol Lopezek esan dau hizkuntz eta kultur aniztasuna sustatzea dala 'modurik onena edo bakarra', proiektu amankomuna dan 'Europa eregiko badogu'.

Eusko Jaurlaritzako, Kataluniako Generalitateko eta Galiziako Xuntako hizkuntz politikarako arduradunek uste dabe hizkuntza guztiek lortzen dabela munduaren aniztasuna. 'Horrek esan gura dau hizkuntza guztiek neurri berean sustatzen dabela alkarbizitzea. Horrenbestez, ez dago hizkuntza txikirik, kaskarrik, traketsik'.


Parisko adierazpena

1.- Hizkuntz aniztasuna Europar Batasunaren balio oinarrizkoetako bat da eta baita Europa batu eta anitz baten aldeko berme sendoa be.

2.- Euskal, kataluniar eta galiziar uritarrek eta europar guztiek be, euren buruak euren hizkuntzetan errekonoziduteko, aukera-bardintasuna gorde behar dabe gaztelaniagaz, hiru erkideetan koofiziala dan hizkuntzeagaz. Hiru lurraldeetako uritarrek aukerea izango badabe euren hizkuntza propioa euren lurraldeetako komunikazio-tresna nagusia izateko, behar-beharrezkoa da neurri egoki eraginkorrak hartzea.

3.- Aniztasun linguistikoaren koherentziaz, baztertu egiten ditugu hizkuntz aukerak erabilita jokabide diskriminatzaileak eragiten edo babesten dituan praktika guztiak.

4..- Europar lurraldeetako botere publiko guztiak eta bakotxa erantzuleak dira hizkuntz eta kultur aniztasuna bermatzeko lanean. Neurri berean, botere publikoek, nork bere esparruan, uritarrek euren hizkuntza propioa erabiltearen aldeko konpromiso linguistiko banakoa eta kolektiboa bultzatu eta bideratuko dabe, horixe baita oinarri sendoena hizkuntza aniztasun benetako baten aldeko bidean.

5.- Hizkuntzak uritar guztien oinordetzea dira. Gero eta hizkuntza gehiago entzuten da eta alkarren arteko komunikazio ugariagoa bideratzen da gure eguneroko plazan. Eleaniztasuna balio bat da gaurko munduan, balio bat dira munduan berba egiten dan hizkuntza guztiak. Hizkuntza propioen defentsea eleaniztasunaren defentsea da eta, aldi berean, baita hizkuntza guztien balioarena be.

6.- Espainiar estadua estadu eleanitza da. Uritarren ehuneko 40a bizi da gaztelania ez dan hizkuntza propioa daben lurraldeetan. Horregaitik eta beste gauza askogaitik, Estaduak aurrera egin behar dau hizkuntz aniztasunaren onarpen praktikoan, eta baita neurriak hartu be Estadu espainiarreko uritarrei bertako hizkuntzen oinarrizko ezaguera ziurtatzeko, eta baita hizkuntza propiodun erkidegotako hizkuntza ofizial guztiak gauzatzeko be.

7.- Europak bere baitako mugak gainditu gura ditu eta integrazino-bide indartsuan oinarritu europar errealidade eleanitz eta kulturanitzaren ezagutzea, horrek dakarrelako alkarren arteko onarpena eta desbardintasun orekatua. Talaia horretatik, hona gure asmoa: erkidegoen arteko eta mugen bestaldeko koordinazino naturala eta alkarrizketa kulturala sustatu gura ditugu hizkuntz errealidade antzekoak dituen Estaduko eta Europako erkidegoen artean.

8.- Munduan gero eta handiagoa, gero eta zabalagoa da alkarren arteko hartu-emon eta komunikazino ekonomikoa eta kulturala. Gure hizkuntza propioek eta hareetan egiten dan kulturak euren lekua topau behar dabe nazinoarteko joan-etorrian. Holan, modu koordinatuan lan egiteko asmoa agertzen dogu eta gure ekintzak eta ahaleginak batuko ditugula autortzen dogu, euskeraz, katalanez eta galegoz berba egiten daben kulturak promozionetako nazinoarteko arloan.

9.- Jaubetza publikoko komunikabideek emoten daben informazinoak Estadu espainolaren eta Europa osoaren errealidade linguistikoa islatu behar dau zuzentasun osoz.

10.- Informazino eta komunikazino teknologien erabilera personal eta profesionalek modu eraginkor batez egokitu behar dabe Estadu espainoleko eta Europako aukera linguistiko ugarietara, tresna ezinbestekoak diralako hizkuntzak zabaldu eta suspertzeko. Holan, aniztasun linguistikoa modu koherente batez berma dagien gaur-gaurko gizartearen komunikazino-garapenean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu