Kontseiluak alkarlanerako deia luzatu deutse eragileei udaleko hizkuntz politikea hobetzeko

Bizkaie! 2008-02-07 17:37   Euskerea berbagai

'Euskerea ez da normalizauko politika guztiak aldatu ezean' eta, horregaitik, 2011ko hauteskundeak baino lehenago bigarren neurketea egingo dala iragarri dabe Kontseiluko ordezkariek.

Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak nabarmendu dau euskerearen normalizazinoan aurrera egiteko herrietan hizkuntza-politika eraginkorrak beharrezkoak dirala, eta aurrera egiteko proposamena egin eta eragileei alkarlanerako deia luzatu deutse udaleko hizkuntz politikea hobetzeko.

2007an udalen hizkuntza-politikearen neurketearen emoitzak gizarteratu zituan Kontseiluak, eta, neurketa horren helburua abiapuntua zehaztea zan arren, orain aurrera egiteko bidea egin behar da. Beraz, lanari jarraipena emoteko hizkuntza-politika barria lortzeko tresnak aurkeztu ditu Donostian gaur egindako agerraldian Kontseiluak.

Era berean, udalei zein herrietako euskalgintzeari alkarlanerako proposamena luzatu deutse. ‘Kontseiluaren nahia Euskal Herriko udal guztiek aurrerapausuak emotea da eta helburu horri begira lan egingo dogu 2011an neurketa barria egin arte’, aurreratu dau Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Izan be, 2007an udalen hizkuntza-politikearen ganeko neurketea argitaratu eban Kontseiluak eta 66 udalerritan politika horreen azterketea egin. ‘Praktikan jarten dituen politikak ezinbestekoak dira herrian euskerea erabilteko aukerak emoteko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko’, azaldu dau.

Lehen azterketa horretan Kontseiluak hutsune nabarmenak topau zituan. ‘Gaur egun aztertutako udalerrietan apliketan diran politikak ez dira nahikoa euskerea normalizetako’, azaldu dau Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradunak.

Lasak azpimarratu dau euskerea ez dala normalizauko politika guztiak aldatu ezean. Horregaitik, 2011ko hauteskundeak baino lehenago bigarren neurketea egingo dala iragarri dabe Kontseiluko ordezkariek. ‘Orduan jakingo dogu zein izan dan urte honeetako eboluzinoa: zeintzuk diran hizkuntza-politikea hobetu daben udalak, zeintzuk ez daben aldatu, baita bakarren batek atzera egin dauen ala ez be’, azaldu dau Mendigurenek.

Bitartean eragite lanetan jarraituko dau Kontseiluak: batetik, herri gehiagotara zabalduko dau azterketea, eta, bestetik, udalakaz zein herrietako euskalgintzeagaz alkarlanean, aztertutako herri guztietan egoerea hobetzeko dinamikea sortzea sustatuko dau. ‘Jakin badakigu euskerearen normalizaznorako indarrak metatzea ezinbestekoa dala eta hori dala eta alkarlanerako gure prestutasun osoa adierazo nahi dogu’, esan dau Mendigurenek.

Honezkero, Kontseilua 2005ean egiten hasi zan neurketea herri gehiagotara zabaltzen hasi da eta badau gainera zeini zorionak emon. Zestoaren kasua da hau. Izan be, orain arte aztertutako udalerri bakar bat be ez zan heldu azterketea gainditzeko finkatutako 7 puntuko notara, eta Zestoako udalaren hizkuntza-politikeak 7,2 puntu lortu ditu, Azpeitiko udalerriaren gainetik.


Webgune barritua

Kontseiluak hizkuntza-politika barria lortzeko egindako ekarpenak webgune batean batu ditu: www.kontseilua.org/udalenhizkuntzapolitika Web-orri honek, neurketen emoitzak herritarren esku ixteaz gan, udaletako hizkuntza-politiken aldaketen barri emon nahi dau, besteak beste, herrietako euskalgintzearen esperientziak, lorpenak, atzerapausuak eta gaiari lotutako albiste guztiak.

Esate baterako, hemen topau daitekez Akordio Soziopolitikoko eragileek adosturiko ordenantza eredugarriak. Tresna honek lekuan lekuko errealidade soziolinguistikoak kontuan hartuz, hizkuntza-eskubideak bermatzen dituan eta herritarrak juridikoki babesten dituan ordenantza-proposamena da.

Euskalgintzeak sustatutako ekimenek be badabe euren txokoa webgunean. Hemen kokatzen da esaterako, Errenteriako euskalgintzeak martxan jarri barri dauen kanpainea: hizkuntza-politika barria lortzeko asmoz, 300 sinadura batu eta herriko Udalean aurkeztu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu