EHUk atezainei lana euskeraz egiten laguntzeko liburuxkea argitaratu dau

Bizkaie! 2008-02-07 14:42   Euskerea berbagai

Atezainen lan eremuan, berba egitean edo idaztean, sor daitekezan zalantzak argitzea da liburuxkearen helburua. Unibersidadean euskerearen erabilerea bultzatzeko planaren barruan kokatzen da ekimen hau.

Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Euskara Erretoreordetzeak ‘Atezainok euskeraz’ liburuxka atara barri dau, atezainek euskeraz lan egiten laguntzeko egina. Hain zuzen be, atezainen lan eremuan, berba egitean edo idaztean, sor daitekezan zalantzak argitzea da liburuxkearen helburua. Unibersidadean euskerearen erabilerea bultzatzeko planaren barruan kokatzen da ekimen hau.

’Atezainok euskaraz’ liburuxka barria EHUko Administrazino eta Zerbitzuetako langileen artean sortutako erabilera-taldeen ondorioetako bat da. Hain zuzen be, Donostiako Erizaintza Eskolako atezainen taldean hasi ziran atezainek euskeraz lan egiten laguntzeko materiala sortzen eta ‘Atezainok Euskaraz’ izeneko dokumentu xumea sortu zan. 2004ko lehen bertsino hori zuzendu, osotu, txukundu eta egokitu ondoren, ‘Atezainok euskaraz’ barria kaleratu da orain.

Liburuxkeak koaderno-itxurea dauka, kiribilduna da, batez be lanerako tresna izateko asmoagaz jaio baita, atezainen laneko mahaiaren gainean zabalik eukiteko. Kapitulu bakotxaren amaieran orrialde zuri bat be badauka, norberak oharrak idazteko. Liburuaren edukiak zehazteko, atezainen lan jarduerak aztertu ziran, eta batez be praktikoa izan nahi dauenez, egoera eta adibide gehienak errealak dira, atezainek eurek proposatuak edo jarriak.

Liburuak bost atal nagusi ditu. Lehenengoak ‘Euskaraz hitz egin’ dau izena. Atezainek jarduera gehienak ahoz egiten ditue eta, batez be, bi nabarmentzen dira horreetan: harrera egin eta argibideak emon. Horren inguruan hainbat aholku emoten dira atal horretan.

Bigarrenean, ‘Euskaraz idatzi’ izenekoan, atezainek idatzi behar dabenean -gehienetan testu laburrak izaten dira, baina batzuetan eragin handikoak be bai, jentearen aurrean jarten baitira irakurteko- argibideak emoten dira.

Gero ‘Hiztegia’ dator, atezainek sarri-sarri erabilten dituen berbakaz. Ondoren, ‘Prozesuak’ atalean, atezainen eginkizunak (eskolako ateak zelan edegi edo zarratu, berokuntza-sistemea zelan jarri abian eta abar) idazteko aholkuak dagoz laburbilduta. Azkenik, ‘Material lagungarrian’ gehiago sakontzeko lagungarriak izan daitekezan hainbat baliabideren barri emoten da: liburuak, Internet bidezkoak, hiztegia eta kontsulta-guneak.

Etorkizunera begira, Euskara Erretoreordetzeak bide horretatik jarraitzeko asmoa dauka, erabilerea bultzatzen. Holan adierazo dau onartu barri dan Euskararen Plan Gidarian, 2008tik 2012ra aplikauko dan planean hain zuzen be. Horren arabera, erabilera-planak jarriko dira abian hainbat ikastegitan, eta erabilera-talde batzuk be jardungo dabe lanean; berbarako, 2008an, idazkaritzetako langileen txandea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu