Ikasys, ikastolen proiektu aitzindaria abian

Bizkaie! 2008-02-07 10:24

Ikasys Proiektua, norberak ordenagailu bidez ikasteko sistemea da eta tresna informatikoak (hardware), aplikazino informatikoak (software) eta, estrategia kurrikularrak (edukiak) buztartzen dituan multzoa da.

Ikastolen Elkarteak bere aitzindaritza eta esperientzia frogatuak ditu hezkuntza eremuko I+G+B egitasmoak eta proiektuetan, euskal eskolaren gestioan, oro har. Informazino eta Komunikazino Teknologia (IKT) alorrean 15 urte baino gehiagoko eskarmentua dauka eta euskerazko eta euskal kulturan ardaztutako software kurrikularra eta aisialdikoa produziduten aitzindaria izan da. Esangura horretan, eskola-gestinoari zuzendutako aplikazino informatiko propioak sortu, esperimentau, gauzatu eta barritzera heldu da eta eskola erkidegoaren barruko komunikazinoa errazteko aplikazinoak sortzen eta eguneratzen be jarraitzen dau.

Ikastolen IKT planak bi helburu orokor ditu. Lehenengoa, derrigorrezko irakaskuntzea amaitzerakoan, ikasleek, garatu beharreko gaitasunen artean oinarrizko IKT konpetentziak barruratuak izatea eta IKTen erabilpenaren bitartez, beste arlo edo ikasgaien ikaskuntzea hobetzea lortzea. Bigarrena, IKTak txertatuz, ikastolen antolaketa eta kudeaketa eredu egokiak arakatu eta proposatzea.

Lehenengo helburuagaz lotuta eta produkzinoagazko ardurea edozein IKT planaren zutabe nagusia izanik, Gipuzkoako Ikastolen Alkartearen bitartez, irakaskuntza-hezkuntza prozesuan lagunduko daben eta Ikasmaterialgintza Proiektuagaz bat datozen baliabide kurrikularrak sortzen ari dira. Marko honetan kokatzen da Ikasys Proiektua.


Abiapuntua

Ikasle bakotxak dauka bere estiloa eta erritmoa ikasteko orduan, eta bakotxaren berezitasun horri zelan erantzun behar jakon asmetea da hezkuntzearen arazo nagusietako bat.

Eskolako zenbait eduki ariketetan trebatuz eta memorizatuz barruratzekoak dira, eta arlo horreetan sortzen da zalantza gehien, hor ikusten baita alde gehien ikasletik ikaslera. Bakotxaren berezitasun horri urtenbide egokia emoteko, ikasleek ariketa batzuei erantzun behar izaten deutsee edo memoria ariketak egin behar izaten ditue.

Honen aurrean, gaur egun arazo honi erantzuteko, memorizetako diran ariketak ezelako euskarririk barik egiten dira eta ariketa bidez landu daitekezan eduki batzuei baino ez jake emoten konponbidea bide desbardinetatik, alde batetik, Ikasliburua erabiliz erantzuten jako (baina ikasliburuek ariketa berak ditute ikasle guztientzat), eta, batzuetan, sakontze edo errefortzu jarduerak be egiten dira; bestetik, jarduera liburuak edo koadernoak erabiliz eta, azkenik, fitxen fotokopiak erabiliz, edo irakasleek eurek preparautako diktaketa ariketen bidez.

Honek guztiak irakasleak ikasle bakotxaren bilakaerearen jarraipen sistematikoa era egokian egitea nabarmen oztopatzen dau. Testuinguru honetan, baliabide honeek ikasle eta irakasleakana modu personalizatuan heldu ahal izateko hutsunea bete guran sortu da Ikasys Proiektua.


Zer da Ikasys?

Tipologia zabaleko aktibidade didaktikoen bidez ikasleak oinarrizko konpetentziak lortzeko behar dituen baliabideak garatzeko hezkuntza ikerketa alorreko sistema barriztatzailea da. Ikasys Proiektua, norberak ordenagailu bidez ikasteko sistemea da eta tresna informatikoak (hardware), aplikazino informatikoak (software) eta, estrategia kurrikularrak (edukiak) buztartzen dituan multzoa da.


Helburua

Egoera sinpleetatik abiatuz (ikaskuntza puntualak), ikasgelan eta eguneroko bizitzan sortzen jakozan egoera-problemak ulertzeko eta egoera horreei aurre egiteko, ikasleari bere beharrei egokitutako tresna sendoak emotea da proiektuaren helburu nagusia. Ikasys Proiektuko jardueren bidez ikasleak konpetentzia desbardinak lortzen lagunduko deutsen eta helburu espezifikomoduan zehaztutako ikaskuntza puntualetan trebatuko dira. Beraz, jarduera honeen bidez konpetentzien garapenera bideratutako hezkuntza ikaskuntza puntualen sistematizazinoa lortu nahi da.


Zein dira Ikasys sistemearen osogaiak?

Hardware aldetik: eskola beharrei erantzungo deutsen eta erabilteko erraza eta merkea dan Ikasbook tresna informatiko mugikorra.Tresna hau gela arruntean integrauko da eta ikasle bakotxak bere ordenagailuagaz lan egingo dau.

Software aldetik: atal honek hiru web aplikazino batzen ditu, jarduerak sortzeko eta antolatzeko aplikazinoa, tresna informatiko mugikorrean jarduerak ejekutetako aplikazinoa eta irakasleek ikasleek egindako lanen garapenaren jarraipena egiteko aplikazinoa.

Eduki kurrikular aldetik: arloka eta zailtasunaren arabera mailakautako jarduera sorta batzen dau. 6-12 urte bitartean arlo bakotxeko 45.000 ariketa sortu dira, danetara, 225.000 ariketa bost arlotan banatuta (Euskerea, Gaztelania, Ingelesa, Matematika eta Ingurunea).


Proiektuaren funtzionamendua ikasgelan

Ikasgela arruntean jarduteko sortu da. Ikasle bakotxa bere ordenagailuagaz arituko da; ordenagailua neurri txikikoa eta prezio merkekoa da.

Oraingoz, Lehen Hezkuntzara zuzenduta dago, hau da, 6-12 urte bitartera. Denpora gitxi barru 12-16 urte bitartera be zabalduko da.

Sortutako 200.000 jarduera espezifiko landu ahal izango dira Lehen Hezkuntzako bost arlotan (Euskerea, Gaztelania, Ingelesa, Matematika eta Ingurunea). Jarduera honeek ordenatuak eta sekuentziatuak egongo dira eta ikasle bakotxari jagokozan jarduerak eskainiko jakoz. Jarduera honeen bidez konpetentzien garapenera bideratutako ikaskuntza puntualen sistematizazinoa lortu nahi da.

Ikasleen auto-erregulazinoa ahalbideratuko dau eta, era berean, irakasleak ikaslearen eta gelaren ikaskuntzearen jarraipen zuzena egin ahal izango dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu