Aburruzagak Bizkaiko trikiti doinuak barriztau ditu

Bizkaie! 2008-02-05 14:42   Musikea

Orain dala lau urte argitaratutako Bizkaiko Trikitixa partitura-liburuari jarraipena emoteko, Xabi Aburruzaga trikitilariak izen bereko diskoa atara barri dau. Bertan, liburuko kantak eta Bizkaiko beste hainbat kanta batzen ditu, baina ikutu personalagaz.

Orain dala lau urte argitaratutako Bizkaiko Trikitixa partitura-liburuari jarraipena emoteko, Xabi Aburruzaga trikitilariak izen bereko diskoa atara barri dau. Bertan, liburuko kantak eta Bizkaiko beste hainbat kanta batzen ditu, baina ikutu personalagaz. 'Urtebete emon dot lan honetan, bolada luzea; biluzik egoan liburuari doinua emon deutsat, azken emoitza fresko honetara ailegau arte', azaldu dau musikariak.

'Trikitixea estandarizetan hasita egoala igarri neban, Gipuzkoako estiloa gailentzen egoala. Horregaitik, joteko era bizkaitarra bultzatzeko, proiektu honi ekin neutson, lehenengo liburuagaz eta orain diskoagaz'. Trikitixeagaz eta panderoagaz batera, beste instrumentu mueta batzuk agertzen dira lanean, besteak beste, gitarrea, mandolinea, bateria edota bibolina.

'Diskoa egiten egon nazan bitartean, laguntzaile piloa izan ditut eta euren esentzia itxi dabe lanean'. Xabi Aburruzagagaz batera (soinu txikia eta ahotsa), honako honeek osotu dabe taldea: Alberto Rodriguez (mandolina, gitarra elektrikoa eta akustikoa, ahotsa eta perkusinoak), Igor Peña (baju elektrikoa) eta Irkus Ansotegi (panderoa eta koilarak). Kolaboratzaile lanetan Mikel Markez, Amaia Oreja, Koldo Iturbe eta Rakel Pujana abeslariak; Xabi Zeberio bibolinjolea; Unai Arteaga, Xabier Berasaluze, Igon Jordan eta Igor Telletxea (perkusinoetan) izan dira.

Bestalde, autoreak berak aurtortu dauen legez, 'ni musikaria naz eta letrak egiten ez naz bape ona'. Horregaitik, hainbat kolaboratzaile izan ditu kantak berbaz janzten, tartean, Iñaki Aurrekoetxea, Meabe, Narbaiza eta Fredi Paia bertsolariak. Sasoi bateko letrak oraingo gaietara moldatu ditue eta 'hipotekea' edota 'aldaketa klimatikoa' lako gaiak jorratzen dira.


Grabazinoa eta kontzertuak

Diskoa igaz grabau eta nahastau zan Trik-trak estudioan, Alberto Rodriguez teknikariagaz. 'Estudioa geurea da eta, txikia izan arren, norberarena izateak kantak hobeto lantzeko askatasuna emoten deutsu'. Diskoan agertzen diran pieza guztien doinuak herrikoiak dira baina Aburruzagak moldatuta.

Aurkezpen-kontzertuak Leioan (zezeilak 7) eta Azkoitian (zezeilak 15) izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu