Iñaki Urrutia: ‘umore premina handia dogu danok be’

Koldo Isusi Zuazo 2008-02-01 12:57   Barriketan
'Euskadi Comanche' programako aurkezlea

Euskaldunon alde ezkutua ezagutzeko asmoagaz, ‘Euskadi Comanche’ umorezko saioa estrainauko dau ETB2 kateak zezeilaren 6an. Astero, ordubeteko saioan, gaurkotasun handiko gaien errepaso satirikoa eskaintzeaz gan, ezkutuko kamerak eta prentsako iragarki faltsuak erabiliz zein kalean egindako alkarrizketen bidez gai sakon eta arinen gainean euskaldunen benetako eretxia ezagutarazoko dabe.

Aurkezle lanetan, barriz, Iñaki Urrutia umorista eta monologistea izango da, Paramount Comedyren kanterakoa, El Club de la Comediako finalistea eta telebistan, ‘Noche sin Tregua’ (Paramount Comedy), ‘Rufus y Navarro’ (TVE1), ‘Escapistas’ (AXN) eta ‘Como te lo Cuento’ (Localia) saioetan ibilitakoa. Gaur egun Punto Radio katean kolaboratzaile dabil egunero Mª Teresa Camposen programan.


1.- Zer moduz lehenengo ‘Euskadi Comanche? Zeintzuk izan dira lehenengo sentsazinoak? Lantaldeagaz zelan konpondu zara?

Oso pozik nago. Lehenengo programea esperientzia zoragarria izan da eta ilusino handiagaz nago. Programea sano dibertigarria izango da, ausarta, ikusleek itzel pasauko dabe eta zeresana emongo dauela pentsetan dot eta hori onerako izatea espero dot.

Lantaldea be primerakoa da, eta ez dinotsut hau eurekaz behar egin behar dodalako, profesional bikainak dira, esperientzia handikoak, besteak beste, ‘Vaya Semanita’ lako saioetan ibilitakoak batzuk eta esango neukizu orain arte tokau jatan lantalderik onenetakoa dala oraingo hau, benetan.

‘Euskadi Comanche’ saioak umorea egiteko estilo barria dakar eta arrakastatsua izan daitekela uste dot.


2.- ‘Euskadi Comanche’ telebista, zine eta publizidadean 15 urtetik gorako esperientzia dauen Allmura produktoragaz alkarlanean, 10 film luze baino gehiago produzidu, zenbait Goya sari eta Oscarretarako hautagai bat jaso dituan Altubek produzidutako umorezko programea da. Beste telebista batzuetan ibili ostean, zelan baloretan dozu ETBko abentura hau? Zenbat programa izango dira?

Balorazino oso positiboa da. Pentsaizu aurkezle bakarra izango nazan lehenengo aldia izango da eta, beraz, aukera ona, sekulakoa da niretzako. Hona etorri baino lehen, aurkezle lana egin izan dot, berbarako AXNko bidaiei buruzko ‘Los Escapistas’ izenekoan baina beste hiru aurkezlegaz batera; oraintsu Localian be ibili naz ‘Como te lo Cuento’ saioan beste lagun bategaz aurkezle lanetan, hasieran Berta Colladogaz eta gero Monica Hoyosegaz. Orain, barriz, neu naz aurkezle bakarra eta, errespetu guztiagaz, ez Villaconejoseko Telebistan, ETBn baino, telebista autonomikoetatik garrantzitsuenetakoa dan honetan.

Bigarren itaunari erantzunez, aurreikuspenen arabera, lehenego eta behin programa bi grabau doguz, lehenengoa, estreinua zezeilaren 6an, 22:00etan emitiduko da eta, ezustekorik ezean, gauzak ondo badoaz, bigarrenaren ondoren, beste 13 grabetako esperantzea dago; danetara, 15. Hortik aurrera, mugarik barik grabetan jarraitu gura geunke baina hori ez dago gure esku.


3.- Programearen izenburuak zeozelako probokazino kutsua dauka, Euskadi eta euskaldunon izaera ‘basatia’ aditzera emonaz. Programearen helburuetako bat ete da euskaldunok geure buruaz barre egitea?

Bai. Zabal dabilen topikoa da euskaldunak serioak dirala eta hori ez da egia; ETBn umorezko saio bi dagoz: ‘Vaya Semanita’ eta ‘Esto no es serio’ eta horrek argi erakusten dau Euskadin ez dagoala umore faltarik; baieztapen hori indartzeko ‘Euskadi Comanche’ beste proba bat izango da, geure buruaz ez eze, geure hurreko egoera eta pasadizoez be barre egiten badakigula erakusteko. Gure programan herritarrak eurak izango dira protagonista, amu lana egingo daben lagunak kenduta aktore inprobisatuak herritarrak eurak izango dira.


4.- Aita bizkaitarra eta ama aragoikoa dozuzala jakinik, euskal jatorrikoa izatea mesedegarria izango da zuretzako ‘Euskadi Comanche’ programea egiteko? Umorea unibersala ete da?

Duda barik mesedegarria izango da. Berez xelebrea edo gaztduna izan arren, umorerako sena izan arren, holako programa bat egiteko lekuan lekuko egoera, herritarren jokabidea eta idiosinkrasia ezagutzea, gauza batzuri zergaitik egiten deutsen barre eta beste batzuri ez ezagutzea nahitaezkoa da eta, esangura horretan, bertokoa izatea edota euskal jatorrikoa izatea sano garrantzitsua da.

Halan da be, umorea unibersala dala pentsetan dot. Egia da leku batekoa edo bestekoa zarala marketan daben bereizgarri edo ezaugarri batzuk badagozala egon, topikoak tarteko; berbarako, Cadizen herritarrek zanetan daroe umorea, taberna ilun eta zikinenean topau zeinken kamarerua, edozein taxi gidari xelebre-xelebreak dirala. Kataluiniarren kasuan, ironia nabarmentzen da; Buenafuentek berbarako ironia, garraztasuna, esangura bikotxeko berba edota esaldiak erabilten ditu.

Kontuak kontu, umorea ulertzeko eta biziteko erak, umore muetak desbardinak izan arren, barren-barrenean umorea bat dala, unibersaltasun puntua badagoala esango neuke. Bakarrizketakaz konprobau izan dot leku danatan jenteak barre egiten dauela, Lugon, Sevillan zein Murtzian. Mr Bean, Monty Python, Will Ferrer eta holakoakaz, herrialde desbardinetakoak izan arren, barre egiten dogu; beste eztabaida bat izan daiteke zure gustokoak diran ala ez.


5.- ‘Vaya Semanita’, ‘Vuelta de tuerca’, ‘Esto no es serio’... Umorezko saioen uriolea dago ETBn eta ganerako telebista kateetan. Zergaitik? Gai eta egoera serioakaz gogaituta ete gagoz?

Latindarrok umorea barruan daroagun zeozer da; poztasuna, umorea berezko ezaugarriak doguz, eguzkiak gogor joten dau gurean, eguzki-ordu asko dira eta horrek marketan gaitu. Orain serio. Igarriko zenduan politikoak danak be nahikoa hasarre dabilzala, herritarrak eurak be, beharragaz, estresagaz, trafiko pilaketakaz, euren futbol taldearen ibilbide eskasagaz gogaituta dabilz eta umore premina handia dogu danok be. Umorea oinarrizkoa eta beharrezkoa da. Guri sarri pasau jaku bakarrizketa bat amaitu eta jentea gugana etortea zorionak eta eskerrak emoten tarte alaia eta atsegina pasauarazo deutsegulako. Eguneroko gai eta egoerak ahaztu eta deskonekteteako gogoa atzemoten dot eta, esangura horretan, umorezko programak igesbide ona dira.


6.- Sekula baztertu ez dozuzan bakarrizketak izan dira zure benetako eskolea. Publikoa hain garrantzitsua da artistontzat?

Publikoagaz dozun zuzeneko kontaktu eta konplizidadeak ez dauka parekorik. Publikoa aurrean dodala disfrutetan dot gehien eta zorionez, ‘Euskadi Comanche’ programan be publikoa egongo da platoan; niretzako oso garrantzitsua da publikoagaz lortzen dan feedback hori. Jakina, bakarrizketatan publikoagaz dozun kontaktua bai denporan eta bai intensidadean aberatsagoa da eta holakorik ez dago telebistan ezta zinean be. Oraintsu Donostiako Kursaalen egon gara pare bat egunetan Paramount Comedygaz eta ederra izan da, oso betegarria 600 lagunen aurrean jardutea.


7.- Azken aldian telebista munduan zabilz eta horrek bakarrizketa saioen murrizketea ekarri dau?

Bai eta Ez. Sano lanpetuta ibili arren, berez burrukalaria naz eta, ganera, jentearen aurrean azaltzea beharrizana da niretzako. Localian kontratua amaitu eta hamabost eguneko atsedenaldia hartu ostean, Granadan bakarrizketa bat egiteko momentuan txarto pasau neban jarduera erritmoaren falteagaz.

Egia da, orain bakarrizketa saio gitxiago egiten dot baina ez gogo falteagaitik, agendan saioak egiteko egunik ez dodalako baino; halan da be, ahal dan neurrian bakarrizketak ez dodaz sekula baztertuko.


8.- Anekdotaren bat nabarmentzekotan...

Anekdota negatiboagaz hasiko naz. Behin Guadalajaran, berba barik geratu nazan egoera bakarra bizi izan neban. Aktuazino baten erdian nengoala, neska batek galtzerdi zikin bat bota eustan. Zur eta lur geratu nintzan eta neskatoari esan neutson: -galtzerdi bat bota deustazu? Eta erantzuna: -Bai, neu izan naz. Zergaitik galdetu neutsonean ez eban jakin zentzunezko erantzuna emoten. Bakarrizketea amaitu eta beste lagun bategaz etorri jatan, trago batzuk hartzera joateko konbita eginaz.

Telebistan, barriz, ez dot sekula ahaztuko Pepe Navarroren programan Labordetagaz pasau jatana. Ezer baino lehen autortuko deutsut onerako eta txarrerako eskola ezin hobea izan zala programa hori, asko ikasi neban. Zuzenean zan eta miloe bat lagun ikus-entzule begira egozala jakitea presino handia zan Kontua da ze, Labordeta zuzenean geunkan egun batean, motxila bat emon eustiela Labordetaren programearen parodia bat egiteko. Labordeta barreka jartea kostau jatan baina azkenean, jota bat be kantau neutson eta lortu neban. Gero enterau nintzan Labordetak gorrotatu egiten dauela motxilearen kontua aitatzea be.


9.- Madril, Alborge, Barcelona, Donostia, Bilbao... Zer dira zuretzako uri honeek?

Bartzelona nire jaioterria da, han hazi naz eta maite dot. Madrilen urteak egin dodaz, uri ederra da eta bertan bizi naz azken aldian. Alborge, barriz, ‘soldaduaren’ atsedenerako herria da. Amaren aldetik, aititeren herria da eta dinotsudan legez, deskantsua hartzeko lekua da, han ez daukat ezelako ardurarik, jan, edan eta lagunakaz egotea baino. Donostia etorkizuna da, uri zoragarria, datozen asteetan beharleku eta ia-ia bizitoki izango dodana. Azken buruan, Bilbo berezia da niretzako, familia daukat han eta gabonak, oporrak, parrandak egin izan dodaz bertan.


10.- Zeintzuk dira zure erronkak? Non ikusten dozu zure burua hamar urte barru?

Hamar urte barru orain nagoan puntuan egon gura neuke, Euskadi Comanche lako proiektu interesgarrietan beharrean, jentea dibertiduarazoten eta neuk be disfrutetan jarraitzea. Pantailan zein taula gainean, barrea eragiten nabil gustora eta holan segidu gura neuke, bide horri ekin neutson orain sei urte eta ez daukat aldatzeko asmorik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu