Bizkaiko Txakolinaren 905.000 litro egin dira aurten, 2006an baino 35.000 gitxiago
2008-01-28 18:21 Jan edanakKanpainan produzidutako txakolinaren % 80 Bizkaian kontsumiduko da. Ganerakoa Madrilera eta Bartzelonara joango da, eta 40.000 botila inguru nazinoarteko merkatuetara bialduko dira (AEBetara, Norvegiara eta Alemaniara).
Klimatologia desegokiaren ondorioz ez da lortu aurten Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturearen Kontseilu Arautzaileak kontrolautako produkzinoa miloe bat litrokoa izatea, kopuru horretara heltzea espero zan arren. Azkenean, 2007ko uzteak 905.000 litro txakolin emon ditu, aurreko urtekoak baino 35.000 litro gitxiago eta 2005ekoak baino 43.000 gitxiago. 1994an Jatorrizko Deiturea sortu zanetik orain arte, 2005ekoa izan zan uztarik oparoena.
Kanpainearen hasierako aurreikuspena, Bizkaiko Txakolinaren produkzinoa miloe bat litrotik gorakoa izatea zan, aurreko urtean baino 30 hektarea mahasti gehiago landu diralako. Halan da be, bagila eta garagarrila oso hezeak eta lanbrotsuak izan ziranez, 'mildiu' izeneko onddo bildurgarria agertu zan, eta horrek uztea murriztu eban, Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturearen Kontseilu Arautzaileak jakinarazo dauenez.
Edozelan be, Jatorrizko Deiturearen 240 hektareatan landatutako mahastiek 905.000 litro txakolin emon ditue, hau da, 1,2 miloe botila. Kontseilu Arautzailea osotzen daben 66 upategietatik, 2007ko kanpainan txakolina egin daben 58 upategiek produzidu dabe kopuru hori.
Kalidadeari jagokonez, zemendiaren amaieratik Kontseilu Arautzaileak egiten dituan kalifikazinoetako emoitzak oso onak izaten ari dira. Oro har, eta 2006ko txakolinagaz konparauta, 2007ko uztako txakolina freskoagoa eta arinagoa da, apur bat garratzagoa eta usaintsuagoa. Alkohol-graduak 11,5 º eta 12º bitartekoak dira.
Azken balantzea nahikoa ona da, kontuan izanik mahastizantza-urtea oso gogorra izan dala eta oso eragin kaltegarria izan dauela penintsulako iparraldeko beste eskualde batzuetan.
Kontseilu Arautzaileko presidente Asier Arzalluzek adierazo dauenez, ‘urte gogorrek proban jarten ei ditue upategi onak. Bada, gureek nota bikainagaz gainditu dabe azterketa gatx hori. Mahastietan nahiz upategietan egindako lan ederrari esker, 2007ko txakolina espero geinkeana baino askosaz hobea eta ugariagoa izango da. Egoera horretan, orain dala 15 urteko uztea ezin urriagoa izango zan’.
Gainera, Jatorrizko Deiturearen araudi barria betez, uzta horretan Kontseilu Arautzailetik kanpoko erakunde batek egin ditu kontrol eta ziurtapen-prozesu guztiak, lehenengo aldiz.
% 80 Bizkaian kontsumiduko da
Kanpainan produzidutako txakolinaren % 80 Bizkaian kontsumiduko da. Ganerakoa Madrilera eta Bartzelonara joango da, eta 40.000 botila inguru nazinoarteko merkatuetara bialduko dira (AEBetara, Norvegiara eta Alemaniara).
‘Bizkaitik kanpoko eskaria gero eta handiagoa da, eta kritikariek, ostalariek nahiz kontsumitzaileek oso eretxi ona dabe gure txakolinaz -gaineratu dau Arzalluzek-. Adibide moduan, Estaduan argitaratzen dan gidarik ospetsuenetako batek 80 puntuko edo hortik gorako puntuazinoa emon deutse Bizkaiko 23 txakolini, eta puntuazinorik handiena 100 da’, azaldu dau.
Txakolinaren alderako interes gero eta handiago horren eraginez, landatze-eskubideak eskuratzeko eskaerak etenbarik ugaritzen ari dira. Eskaera guztietatik, 2005ean, 2006an eta 2007an 180 hektarea mahasti barri onartu dira. Beraz, bost urteren buruan 380 hektarea egongo dira Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Izendapenaren barruan eta, eguraldia egokia izan ezkero, 2012an 2007ko produkzinoa bikoiztea lor daiteke.
Aurreikuspen horreek bete daitezan, ezinbestekoa izango da txakolina sustatzeko lan handiagoa egitea, produziduko dan txakolin guztia merkaturatu ahal izateko. Duda barik, Kontseilu Arautzaileak Leioako Mendibile Jauregian dauen egoitza barria sano garrantzitsua izango da zeregin horretan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!