'Euskaraz bai zikloa hasi gura dogu'

Bizkaie! 2008-01-28 11:49   Euskerea berbagai

Kontseiluak 10 urteotan Euskal Herriko hainbat txokotara heltzea lortu dau. Gaur egun 121 herritan egiten dau lan, Uztaritze, Tafalla, Donostia, Amurrio eta Basauri, besteak beste.

‘Euskaraz bai’ leloa Euskal Herriko txoko guztietara zabalduko du Kontseiluak 2008 urtean zehar. Herrietan lanean dabizanakana hurreratzeko ekitaldi berezia egin dabe oraintsu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ordezkariek. ‘Herrietan euskerearen alde lan egiten daben eragileakaz egon gura dogu berenberegi, 10. urteurrenaren asmoak azaldu eta euren eretxiak jasoteko’, azaldu dau idazkari nagusia dan Xabier Mendigurenek.

Kontseiluak 10 urteotan Euskal Herriko hainbat txokotara heltzea lortu dau. Gaur egun 121 herritan egiten dau lan, Uztaritze, Tafalla, Donostia, Amurrio eta Basauri, besteak beste. ‘Orain dala 10 urte ‘Bai euskarari’ kanpaineagaz hasi ginanetik lan ikaragarria egin dogu, hasi ginanean nork esango euskun ‘Bai Euskarari’ kanpainea herrietan zabaltzeko 200 batzorde sortzea lortuko genduala?’, gogoratu dau Mendigurenek.

Hamargarren urteurrena ospatzeko herrietara eroango dau Kontseiluak egindakoaren informazinoa. ‘Erakusketa ibiltaria antolatuko dogu, Euskal Herriko hainbat herritan izango dana’, aurreratu dau idazkari nagusiak. Era berean, 10. urteurrena zarratzeko urte amaieran tamainako ekitaldia egin nahi dabela iragarri dabe Kontseiluko ordezkariek.

Ekitaldian herrietako hainbat ordezkari izan dira, Euskal Herriko hainbat lekutakoak. Aurkezle-lanak Kontseiluko lehendakari izandako Ane Agirregomezkortak egingo ditu, eta ‘Euskararen Unibertsoa’ jardunaldietatik gaur arte lortutakoa birpasatu dau. Era berean, ‘Euskaraz bai’ adierazpenaren irakurketea egin dabe herrietan lanean dabiltzan euskalgintzako alkarteen ordezkariek: AEK, Bertsozaleen Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Konfederazioa, IKA, Ikastolen Konfederazinoa, Oinarriak eta Sortzen-Ikasbatuaz alkartekideek.


‘Euskaraz bai’ adierazpena

Abenduaren 19an Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi sozialean aurkeztu eben ‘Euskaraz bai’ adierazpena. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak osotutako dokumentu honek, euskerearen egoerearen azterketea eta etorkizunaren erronkak azaltzen ditu, helburu jakin eta zabalagaz: ‘Euskerearen normalizazinoaren ahaleginean batera jarduteko konbita luzatuko deutsegu gizarte-eragileei, erakundeei eta jenteari, oro har’.

Aldi berean, idazkari nagusiak zezeiletik aurrera ‘Euskaraz bai’ adierazpena zabaltzen hasiko dirala iragarri dau: ‘eragileen atxikimendua eskatuko dogu, euskerearen erronkea danona dalako’.

Bestetik, ‘Bai euskararari’-tik ‘Euskaraz bai’-ra emon nahi daben saltoa be azaldu dabe. ‘Euskaraz bai zikloa hasi gura dogu. Hamar urte pasau eta egindogun lanaren ondoren, gero eta garbiago ikusten dogu euskereak aurrera egingo badau zeozer gehiago behar dauela, atxikimenduaz eta aldekotasunaz gan, batez be euskereak behar dauena da ikasia eta erabilia izatea, herritarrak ‘Euskaraz bai’ esatea, hain zuzen’, adierazo dau Xabier Mendigurenek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu