Nati Ortiz de Zarate: 'birziklatzea izan da nire eskolea'
2008-01-25 15:46 BarriketanBilboko 2008ko Aratusteetako Zaranbolas
Nati Ortiz de Zaraterentzat (Bilbao, 1960) Karraka taldea izan zan benetako antzerki eskolea. Taldea 1980an sortu eban Ramon Barea, Alex Angulo, Loli Astoreka eta beste batzuekaz batera. Hamar bat urte egin zituan aktore lanetan bai antzerkian zein telebistan, batzuk aitatzearren, Orain zein Vaiven taldeakaz eta telebistan, Goenkalen, Leonorren amaren papelean eta ‘Esto no es serio’ umorezko sketch-etan eta hortik aurrera antzezlanetako jantzien diseinu eta jostun lanetan espezializau da eta film luze zein film laburretarako be lan egin izan dau.
Beste alde batetik, zezeilaren 1ean hasiko diran Bilboko Aratusteetarako Zaranbolas izentau dabe eta jaion bereizgarrietako bat dan Farolin (Iñaki Astigarraga) eta Zaranbolasen (Nati Ortiz de Zarate) arteko epaiketan lehia bizia espero da. Farolin, esparru publiko edo profesionalean izena lortu dauen bilbotarra da eta Zarambolas, barriz, gibel-handi bat da, Bilboko uritar tipikoa, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez deutsona.
1.- 1984ko Bilboko Arastusteetan ezarri zan lehenengoz Farolin eta Zaranbolasen epaiketea, inauteri tradizionala eta baserri giroetan ohikoa zan urteroko personaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia apurtu eta umore kutsua ezarriz. Zelan hartu dozu erabagia? Jaietan bete-betean sartzen dan horreetakoa zaitugu?
Ondo hartu dot, pozik nago izendapenagaz. Ez dakit merezi dodan ala ez baina gustora hartu dot erabagia. Dana dala, Farolin ona eta Zaranbolas gaiztoa dikotomian, ostera, Zarambolasen gaizto etiketa hori ez jat gustetan; Zaranbolas gaiztoa baino gehiago jaizalea, jatuna, dibertigarria eta apur bat alperra dala esango neuke baina hori ez da gaiztoa izatea.
Bestetik, beharbada ez dozu jakingo 84ko Farolin eta Zaranbolasen lehenengo epaiketea Karraka taldeak antolatu ebala. Toga, peluka, paparreko parpaila eta enparauakaz sekulako ikuskizuna izan zan. Horrezaz gan, urte horretako aratusteetan, beste egun batean, titiriteroen moduan, karro, asto eta guzti azaldu ginan Bilbon. ‘La Perika’ astoa Loli Astorekarena zan eta Bernagoitiatik ekarri eban. Ni buhame, Loli hartzarena egiten eta era horretara ibili ginan. Itzel pasau genduan. Beraz, jaiak, kaleko giroa gustoko dodaz, baina jente pilaketa handiak, zaratea barriz, ez. Edade kontua be izan daiteke...
2.- Gaur egun zein lanetan zabilz?
Aktore lanean zein jantzien diseinu eta sormen prozesuan, bietan nabil gustora baina azken aldian gehiago nabil jantziak egiten. Azken lanen artean, oraintsu, Zinegoak jaialdiaren aurkezpen galarako jantziak egin dodaz eta Arriaga Antzokian, astelehenean, urtarrilak 28, antzeztuko dan Galder Perezek idatzi, Gemma Martinezek zuzendu eta Lizarralde y Compañía taldeak antzeztutako ‘Tiburcio y Madalena’ onegintzazko lanerako 30-40 bat jantzi egin dodaz. Hor batuko dan dirua Boliviako Portachuelon amatasun-gela bat eregiteko erabiliko da.
Aratuste giroan, azken 20 urteotan Café Bilbaoko jentearentzako jantziak preparetan dodaz ‘La Guia del Ocio’-ren Barnaval egitasmoaren barruan eta aurten be zeozertan gabilz. Sariren bat edo beste be irabazi dogu.
3.- Atzera eginaz, zelan gogoratzen dozuz Magisteritza amaitu eta antzerkiaren munduan sartu zinaneko momentuak?
Antzerkia eta interpretazinoa beti izan dira nire pasinoa. Arte Dramatikoa ikasi gura neban baina Madrilen baino ez egoan eta, beraz, berton geratu eta autodidakta izan naz. Magisteritza ikasten nenbilela umeentzako antzerkian eta holan ibilten nintzan eta azken urtean, Comicos de la Legua taldeak ‘kilikariak’ eskolea abiarazo eban eta hor sartu nintzan. Ikasketak amaituta, barriz, Comicos de la Legua desagertu eta Karraka sortu genduan. Hau izan zan benetako antzerki-eskolea. Oso gogorra zan, danetarik egin arren, diru larregi ez genduan ikusten eta antzerkiaren ideia idilikoa ahaztuta, oso gustora ibili nintzan. Gogoagaz eta ilusinoagaz gauza handiak egin daitekez.
4.- Zelako gorabeherak ikusten dozuz orduko eta egungo antzerkiaren artean?
Funtsean gauzak ez dira asko aldatu. Hogeita bost urte joan dira eta egoerea negargarria da. Gauzak, akaso, okerrago dagoz. Muturreko egoerak ikusten dira: alde batetik, superprodukzino erraldoiak sekulako aurrekontuagaz eta, bestetik, proiektu marjinalak. Ez dago eskolarik ezta diru-laguntzarik hasibarrientzako edota gauza ‘txikietarako’; proiektu handiak, entzute handikoak eta komunikabideetako titularretarako ‘aproposak’ diranak baino ez dira babesten. Dirua, babesa eta lana behar dira ze gaur egun be jente asko dago ilusino eta pasino handiagaz eta hori ez da alperrik galdu behar. Zorionez, Arte Eszenikoen Eskolea errealidadea izango da laster.
5.- 1991n antzerkia itxi eta beste bide bat hartu zenduan. Zelan egin zenduan salto aktore izatetik jantzien diseinu eta jostun lanetara? Zerk edo nork eraginda?
Aktore lana ez dot sekula baztertu. Karraka taldea 91n itxi neban baina hortik aurrera, Arriagan, Luis Iturrigaz ‘Los entremeses de Cervantes’ egin genduan, Zarzuela batzuk be bai eta abar. Beste talde batzuekaz be ibili nintzan Orain, Vaiven eta holakoakaz. Gitxi gorabehera, 93an, Madrilera joan nintzan Jantzigintza Teknikari ikasketak egitera, urtebete emon neban horretan eta hortik aurrera serio ekin neutson jostun lanari. Edozelan be, aldaketea ez zan gogorra izan, aldaketa naturala izan zan, egoereak berak eroan ninduan horretara; antzezlanetarako jantzigintzan Karraka taldean be ibilten nintzan baina momentu jakin batean aktore lan gitxiago egoala ikusirik, berez hasi nintzan beste arlo horretan sakontzen baina birziklatzearen filosofia baztertu barik.
6.- Zein da filosofia edo jarrera hori?
Kontua da ze, diru larregi ez egoala mundu honetan eta, beraz, nondik edo handik hartu, ebagi, tindau eta barriro sortzen genduala, erropea birziklatuz. Filosofia baino gehiago beharrizana, preminea egoan oinarrian baina gero egoera hori lanerako eredu bihurtu dot eta benetan oso pozik nabil. Berbarako, Ramon Barearen ‘Malvaloca’ lanerako 100 jantzi inguru egin nituan eta, dirurik ez egoanez, Karraka, Orain, Geroa, Tarima eta beste talde batzuek erabilitako jantziak hartu eta birziklau behar izan nituan. Bilaketa lan hori eta ondorengo sortze prozesua ederra izan zan.
Antzerkian dana da guzurra, garrantzitsua ez da izatea, egoera jakin bat irudikatzea baino eta, esangura horretan, egungo antzezlan batzuetan gastetan dan dirutza gastetea ez dakit bidezkoa dan. Kalidadearen eta gastuaren arteko orekea topetea da kontua eta beti ez da erraza izaten. Ni birziklatzearen alde nago, hori izan da nire eskolea.
7.- Zerenbestekoa da jantziaren garrantzia edozein antzezlanetan?
Jantziaren garrantzia sekulakoa da. Kontuan izan, hasieran gizakiarentzako beharrizana izan zala jantziarena, piztien narruz hotzari eta euriari aurre egiteko baina hortik aurrera jantziak momentu jakin bateko egoera soziopolitiko, kultural eta ekonomikoa islatzen dauela eta, beraz, antzezlanetara etorrita, jantziak sano garrantzitsuak dira, informazino piloa dakarre eta esango neuke, ganera, jantzia ona danean, personaiaren erdia eginda dagoala. Aktore baten baieztapena da hori, jakin badakidalako aktorea eroso sentiduten dala jantziak behar dan moduan islatzen badau interpretau behar dauen papela. Esangura horretan, sormen prozesuari ekiteko argazkietan oinarrituta be abiatzen naz baina egokiagoa izaten da kontau nahi dan historiaren ganeko gogoeta sakona egitea aktoreakaz eta zuzendariakaz.
8.- Gaur egun zenbat jente dabil arlo horretan?
Bagabiz batzuk, antzerkiaren arloan, gitxi; telebistan askosaz gehiago. Kontuan izan, antzezlanetarako jantziak egiten baina gaur egun gehienbat gala eta aurkezpen zehatzetarako jantzien diseinu eta sortze lanetan ez eze, publizidadean be lan egiten dodala eta ETBrako spot batzuetarako be sortu izan dodaz jantziak edota Betizurako...
9.- Ramon Barearen ‘Malvaloca’ lanerako jantziak edota Transe Express frantziar konpainiarentzako jantziak diseinau dozuz. Orain arte egindakoetatik zeinegaz geratu zara gustoren?
Aitatu dozuzan horreekaz oso gustora geratu nintzan baina bat nabarmentzearren, Txirene konpainiaren ‘Torito bravo’ antzezlanerako egindako lana aitatuko neukizu, Lander Iglesiasek zuzendu eta Aitor Mazok eta Patxo Telleriak interpretautakoa. Pertsonaiak zezenaren eta toreroaren arteko nahasketea ziran, adar eta guzti. Berenberegi gogoratzen dot ze benetako sormen lana izan zan, zerotik hasi eta amaieraraino; jantziak ez eze, ‘botargak’ (aktoreen figurea deformetako jantzien azpialdean sartzen dan betegarria) be landu behar izan nituan. Oso pozik geratu nintzan emoitzeagaz.
10.- Ze erronka dozu bihar-etzirako?
Lanik ez daitela falta, horixe baino ez dot eskatzen, bai aurrean, aktore legez eta bai atzean, jostun lanean. Bietan, antzerkiaren funtsa dan guzurra ikus-entzuleei sinistuarazoten asmetea be ez da asmo txarra. Bizitzeari adarretatik oratu eta norberak gidari lana egitea da gehienon gogoa edo jarrera, nahiz eta batzuetan bizitzeak gidatu nauela autortu baina praktikan norbera da lemazainik onena eta holan segidu gura neuke.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!