Ardaoa edan ostean, zer egin botileagaz: berrerabili ala birziklatu?
2008-01-25 11:21 Jan edanakEstaduko ingurumen ministeritzeak jatetxeetan ardao botilak hutsitu ostean berrerabilteko lege proposamena egin dau. Proposamen hori Hondakinen Nazino Planean dago eta hilabete gitxi barru indarrean jarteko asmoa dabe. Ardaogintza sektorea lege proposamenaren kontra dago.
Estaduko ingurumen ministerioak jatetxeetan ardao botilak hutsitu ostean berrerabilteko lege proposamena egin dau. Proposamen hori Hondakinen Nazino Planean dago eta hilabete gitxi barru indarrean jarteko asmoa dabe. Helburua, 2011n jatetxeetan eta ostalaritzan erabilten diran kristalezko botilen erdia berrerabilia izatea da. Ezin da ahaztu estaduko bodegek saltzen dabenaren % 60 dala kopuru hori. Bestalde, ardaogintza sektorea lege proposamenaren kontra dago. Euren esanetan, erabagi horrek sektorea kaltetuko leuke eta ganera ingurumenaren kontrakoa izango litzatekela.
Ardaogintza arloan, batez be, kristala erabilten da produzidutakoa ontziratzeko; ez soilik ardaoaren kontserbazinorako zein kontsumitzaileari aurkezteko ona dalako, baita zahartze eta ontze prozesuan be lagungarri bikainetarikoa dalako. Jatorrizko Izentapeneko ardaoen artean eta kalidadezko beste izentapen batzuetan, kristala ontzi soil bat baino askozaz gehiago da, izan be, ardaoa zahartze prozesua egiten dagoan bitartean, hilabeteak egoten da kristalezko botilan. Jatorrizko Izentapenetarako Araudiek araututa daukie zenbat hilabete edo urte egon behar dauen ardoak botilan bodegan 'lotan' egon ondoren, kriantza, erreserba edo erreserba handia izan daitezan. Horregaitik, prozesu hori ezin da latetan edota plastikozko botiletan egin, araudiak kristalezko botiletan egin behar dala agintzen dauelako.
Beste alde batetik, ardaogileek dinoe beti izan dirala kristala berziklatzearen aldekoak. Estaduko ardaogileen federazinoak eta beste erakunde batzuek, tartean Nekazarien Kooperatiben Konfederazinoak, Ecovidrio deituriko gestinorako sistema bateratua sortu eben 1995ean. Ekimen horri esker, 137.000 iglu berde baino gehiago jarri ziran estadu osoan kristala birziklatzeko eta, antza danez, ontzi horreei esker kristalaren % 51 birziklatzen da, beste edozein material baino gehiago.
Entrepresentzat antolamentu arazo handia izango litzateke, galera ekonomikoa izateaz gan. Arau hori baztertzailea izango litzatekela be aitatu dabe, beste edari batzuek ontziratzeko aukera desbardinak dituelako, besteak beste, latea, plastikoa edo barrikatxuak. Ezin da ahaztu, ganera, estatutik kanpo asko saltzen dala, gero eta gehiago ganera, eta neurri horreek atzerrian be derrigorrez bete behar badira, kanpoan saltzeko traba handia izango da produktoreen esanetan.
Ikuspuntu ekologikotik be, proposamena kaltegarritzat joten dabe ardogileek, botilea erabili ostean jaso eta berrerabiltea birziklatzea baino txarragoa izango litzateke euren esanetan.
Azken argudio legez, sektoretik aitatzen da ez dala bape justua era horretako neurriak proposatzea, nondik eta Ingurumen Sailetik. Izan be, miloe bat hektareatik gorako lurraldean fotosintesia eragiten dabela dinoe eta agintariei prozesu horrek CO2a gitxitzea dakarrela ahaztu egiten jakela dinoe. Hektarea bakotxak automobil batek sortzen dauen kutsadurea gitxitzen dau eta, ganera, basamortutzearen kontra be egiten dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!