Euskaltzaindiak 16 urtez euskaltzainburu izandako Jean Haritschelhar omendu dau

Bizkaie! 2008-01-25 10:27   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak ekitaldi berezia egin dau bere egoitza nagusian: batetik, Euskerearen Erakunde Publikoagaz hitzarmena sinatu dau eta bestetik Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiari omenaldia egin deutso.

Euskaltzaindiak ekitaldi berezia egin dau bere egoitza nagusian: batetik, Euskerearen Erakunde Publikoagaz hitzarmena sinatu dau eta bestetik Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiari omenaldia egin deutso.

Hogeita lau urtez euskaltzainburuorde eta hamasei urtez euskaltzainburu izan dan Jean Haritschelhar omendu dau Euskaltzaindiak. Euskal Herriko hainbat erakundetako ordezkariak batu dira Euskaltzaindiaren egoitzan: hitzarmena sinatu dan egunean bertan, Euskerearen Erakunde Publikoaren ordezkarien presentzia izan da nagusi: Max Brisson presidentea, Jean-Claude Iriart zuzendaria, M. François Maitia eta Vincent Bru buruordeak izan dira Bilbon. Baita Marc Cabane, Pirinio Atalntikoetako prefetea; Jakes Abeberry, Hautetsien Kontseiluko kidea; Annie Jarraud-Vergnolle, senadore eta Angeluko kontseilari; eta Monique Larran-Lange, kontseilari orokorra. Eskualtzaleen Biltzarraren izenean, honako honeek izan dira: Piarres Aintziart, Peio Jorajuria, Henri Duhau eta Jean-Claude Iribarren. Frantziako Kontsul nagusia be bertan izan da.

Ganerako erakundeetako ordezkariak be bertaratu dira: Xabier Azanza Euskerearen Nafar Institutuko zuzendaria, Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura foru diputadua, Paulino Luesma Espainiako Gobernuak EAEn dauen ordezkaria, Miren Dobaran eta Erramun Osa Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako ordezkariak, Ana Castro Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia...

Omenaldiari hasierea emoteko, Jean Haritschelhar-i omenaldia izeneko liburua aurkeztu da. Euskaltzainburu ohiaren omenez Euskaltzaindiak argitaratu dauen liburu honetan Akademiaren 33 kidek -euskaltzain oso, ohorezko eta Literatura batzordekidek- hartu dabe parte. Horren aurkezpena, Beñat Ohiartzabal buruordeak eta Jose Luis Lizundia diruzainak egin dabe.

Liburuan, Beñat Oihartzabalek omenduak egindako unibersidade-lana nabarmendu dau: 'gramatika eta hizkuntz konparaketea, literaturea, onomastikea, gizarte eta historia solasak; danetarik topau daiteke'. Liburuan, besteak beste, haren bibliografia akademikoa batzen da 400 erreferentzia baino gehiagogaz, 1960an hasi eta 2006ra arte. Horreen guztien ganetik, Pierre Topet Etxahun koblagilearen ganean egindako doktore ikerketea azpimarratu dau, bere esanetan, 'luzaroan izan baita literatura testuen ikerketarako euskalariek izan daben erreferentzia nagusia'. Ganera, Euskaltzaindiatik eta unibersidadetik kanpo egindako beste lanak be ez ditu ahaztu gura izan, berbarako, Herria aldizkariko kolaborazinoak, Bainonako Euskal Museoan ataratakoak edo euskerearen alde egindako beste asko.

Lizundiak, Haritschelharren ikuspegi desbardinak aitatu ditu: Zuzendaritzan Iparraldeko ordezkari; Zuzendaritzan buruorde; Zuzendaritzan buru; Batzorde arduretan; eta Haritschelhar herri gizon/plaza gizon. Bestalde, Haritschelhar euskaltzainburu izan zan garaian, 105 liburuki kaleratu zirala be azpimarratu dau, 'aurreko historia guztian baino gehiago'.

Ondoren, Andres Urrutiak liburua bera emon deutso Jean Haritschelharri, baita Remigio Mendibururen 'Casas bombardeadas I' eskulturea be. Andres Urrutia euskaltzainburuak berbea hartu dau: 'Katea luzea bezain sendoa da, Euskaltzaindiaren historian, Jean Haritschelharrek osotu dauena. Dala euskaltzain oso, dala kargudun eta arduradun (euskaltzainburu zein euskaltzainburuorde), Jean Haritschelharrek betidanik eskaini deutsoz Euskerearen Akademiari bere ahala eta lana'.

Azkenean, Haritschelharrek berak hartu dau berbea. Esker oneko berbak esateaz gan, pozik agertu da Euskerearen Erakunde Publikoagaz sinatu dan hitzarmenagaitik. 'Ohore doblea, omenaldi hau egiten delakotz Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko agintarien aitzinean, etorriak honara hitzarmen baten sinatzeko, horrek erakusten duela hizkuntzari buruz sekula baino gehiago sortzen eta sendotzen direla lokarriak Iparraldearen eta Hegoaldearen instituzioen artean, egiaztatuz aspaldi honetan euskaltzale ainitzen ametsa', esan dau. Euskaltzaindian egin dauen ibilbide luzean bi data azpimarratu ditu: 1962. urtea, urte horretan izentau ebelako euskaltzain oso, eta 1968a: '1968an, Euskaltzaindiak hartu du bihurgune haundi bat, euskara batua finkatu lehenik eta bultzatu beharrez gero. Egitura berrituz, bide berri bati lotzen zitzaion eta egiazki lanean jartzen. Hori izan da egiazko iraultza, denbora berean sortzen baitzen lan egiteko manera berri bat: elgarrekilako lana fagoratuz batzordeen bitartez'.

Hitzarmena

Ekitaldi horren barruan, Euskerearen Erakunde Publikoagaz hitzarmena sinatu dau Euskaltzaindiak. Andres Urrutiaren esanetan, ondoko honeek dira hitzarmen horren emoitzak: 'Lehen-lehena, euskerea bera indartzea bizitza publikoan eta jentaurreko jardunean; bigarrena, euskal lanak sustatzea Iparraldean'.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu