Euskaltzaindia eta Euskerearen Erakunde Publikoa: hitzarmen baten atarian

Andres Urrutia Euskaltzainburua Bizkaie K Moldatua 2008-01-24 10:46   Euskerea berbagai

Gaur, urtarrilaren 24, sinatuko da Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian, Euskaltzaindiaren eta Euskerearen Erakunde Publikoaren arteko hitzarmena. Horra hor urrats barria, euskerea bera Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan indartzeko.

Gaur, urtarrilaren 24, sinatuko da Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian, Euskaltzaindiaren eta Euskerearen Erakunde Publikoaren arteko hitzarmena. Horra hor urrats barria, euskerea bera Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan indartzeko. Bistan da horrek ekarriko dituala euskerearentzat, Iparraldean, abagune barriak. Horretarako sortu da, sortu be, Euskerearen Erakunde Publikoa, bertara batu dituela Frantziako botere publikoek euskereari buruzko ahalak.

Aspaldikoa da Euskaltzaindiaren eta Frantziako agintarien arteko lankidetzea. Hartara, soka luzea dakarren horrek emoitza esanguratsuak ahalbidetu ditu, hala nola, Baionan Euskaltzaindiak edegi dauen bulego barria, euskal toponimia finkatzeko lana, eta, zer esanik ez, Iparraldeko euskaltzainek Euskaltzaindiaren zereginetan parte hartzea.

Bi-bitara datoz, beraz, hitzarmen honen emoitzak eta ondorioak: lehen-lehena, euskerea bera indartzea bizitza publikoan eta jentaurreko jardunean; bigarrena, barriz, euskal lanak sustatzea Iparraldean. Hainbatez, testu honek tresna-izaerea dau, hain zuzen be, helburu horreetan aitzinatzeko tresna baliagarria.

Tresna-izaera hori, hasteko, ideologia politikoetatik kanpo dago. Tresna honek azpimarratzen dau, haatik, Iparraldeko botere publikoen erabagia, bertan, agirian eta bizibarriturik ager dadin euskerea.

Hasian hasi, tresna horrexek ixten dau Euskaltzaindiaren ekina, beharrezko diran baliabide ekonomikoen katea bermatzeko. Aita daiguzan, lehenengo eta behin, 2005. urtean Euskal Autonomia Erkidegoarekin eta foru-herrialdeakaz sinaturiko hitzarmenak. Jarrai daigun Nafarroako Gobernuagaz indarrean dagoana gogoratuz. Eta alboan be ezin itxi Espainiako Gobernuak emoten dauen diru-laguntzino azpimarragarria.

Hasi besterik ez da egin, baina hitzarmen hau bestelako pausoa da, Euskaltzaindia goi mailako erakunde moduan autortzeko. Honezkero egina da hori Euskal Autonomia Erkidegoan nahiz Nafarroakoan, eta oraintxe dator Iparraldearen orena.

Esan barik doa horrek Euskaltzaindiari berebiziko bultzadea emongo deutsola, Euskerearen Akademia bera be erabarritze-prozesu sakonean sartuta dagoalako azken urteotan. Kideak, baliabideak eta eginkizunak ari dira aldatzen, ezari-ezarian.

Barriztatze hori, dana dala, ezinbesteko jako Euskaltzaindiari, batez be, XXI. mendeko behar eta preminei erantzuteko. Horretan ari garanok, bestalde, argi dogu bide horretan Euskaltzaindiak batera jokatu behar dauela, dala botere publikoakaz, dala unibersidade eta hizkuntza-industriakaz, dala euskerea eta euskal kulturearen arloko alkarte eta eragileakaz.

Batera jokatze horrek, alkarlan horrek, aintzat hartu behar dau Euskal Herriko lurralde desbardinen egoera politiko, sozial eta kulturala. Argi dago euskereak batzen gaituala; hor dogula bateratzen gaituan nortasunaren osogaia. Argi dago, halaber, batasunak, nahitaez, eraberekotasuna ez dauela esan nahi, horrek euskerea lohitu eta herdoildu baino ez baitau egiten.

Urtarrilaren 24an, Bilboko Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitzan, euskerea eta frantsesa mintzatuko dira. Hor izango dogu aukera aparta barriro be bi hizkuntzak, gaztelaniagaz batera, herri honen errealidade bizi eta esanguratsuak dirala aldarrikatzeko.

Era berean, Euskaltzaindiak beteko ditu, beste behin be, azken laurogeita hamar urteetan egin dauen legez, sorrerako helburua, alegia, euskerea ikertu eta jagotea, euskerearen herrialde guztietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu