Enkarterrietako Museoak 13.270 bisitari izan zituan igaz
2008-01-21 14:19Museoak, orain dala 13 urte zabaldu zanetik, bigarren bisitari kopururik handiena izan eban igaz. Abellanedako Batzarretxean dagoan museoak 13.270 bisitari izan zituan 2007an: 9.852 lagun taldeetan eta antolatutako bisitetan joan ziran eta 3.418 euren kontura,
Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dagoan Enkarterrietako Museoak, orain dala 13 urte zabaldu zanetik, bigarren bisitari kopururik handiena izan eban igaz. Abellanedako Batzarretxean dagoan museoak 13.270 bisitari izan zituan 2007an: 9.852 lagun taldeetan eta antolatutako bisitetan joan ziran eta 3.418 euren kontura, museoaren arduradunek jakinarazo dabenez.
2007. urtean, aldi baterako hainbat erakusketa egon ziran, Enkarterriko kulturearen eta historiaren inguruan egindako ikerketa-lan handiaren eskutik. Tartean, honako erakusketa honeek izan ziran: eskualdeko trikuharriak; Enkarterriko merkatariak, merkataritzea eta kaltzadak; Esteban de Terreros y Pando jaunaren ganeko erakusketea; Jesusen Lagundiko XVIII. mendeko lan garrantzitsuari buruzko erakusketea; edota zientzien eta arteen berben ganean, gazteleraniazko hiztegiarena.
Museoak liburu bi be argitaratu ditu 2007an: 'Erakusgaia aztergai: Diccionario castellano con las voces de ciencias y artes, y sus correspondientes en las tres lenguas francesa, latina e italiana Esteban de Terreros y Pando', Genma Bizcarrondo Ibañez Deustuko Unibersidadeko irakaslearen lana; eta 'Sestaon bizi: industria-kulturaren amaierea', Iñaki Izquierdo Muxikarena.
Era berean, ondare-pieza batzuk be eskuratu dira. Horreen artean azpimarratzekoak dira Sopuertako Labarrietako Gurutze Santuko horma-irudiak, eleizako hormetatik atara eta barriztau egin diranak, batirako ez galtzeko.
Bestalde, Enkarterrietako Museoaren Zabalkunde eta Kultur Ekintzetarako Zerbitzuak Haur Hezkuntzako eta DBHko ikasleei zuzenduriko hainbat heziketa-ekintza antolatu ditu. Horren harira, Enkarterriko historia, kultura eta bizimodua ezagutzeko tailerrak egon dira: Historiaurreko eta Ertaroko tailerrak, 'Bizi zure kontua' eta 'Zifrak eta letrak jostailu' izenekoak; El Pobaleko burdinoleagaz batera egindako ekintza edo Gordexolako Carnestolendas izeneko ohiturea berreskuratzeko ahalegina nabarmentzen dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!