EHUko Euskera Institutuak gramatikea eta hiztegia sarean jarriko ditu
2008-01-21 11:12Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Euskera Institutua euskal gramatika eta hiztegia sarean jarteko proiektuan dabil buru-belarri. Egitasmoa guztiz originala da, euskeraz ez eze, munduko beste hizkuntzetan be ez baitago holako proiekturik.

Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Euskera Institutua euskal gramatika eta hiztegia sarean jarteko proiektuan dabil buru-belarri. Egitasmoa guztiz originala da, euskeraz ez eze, munduko beste hizkuntzetan be ez baitago holako proiekturik. Badira zatiak, baina ez gramatika eta hiztegia bere osotasunean hartuak, Euskera Institutuak emon nahi deutsen garrantziagaz.
Alde batetik, euskal gramatikeak hizkuntzearen entziklopedia bat izan nahi dau. Batetik deskripzino klasikoa izango da: fonetika eta fonologia, morfologia, sintaxia eta abar. Horregaz batera, hain ohikoak ez diran gaiak be agertuko dira: lexikografia, hizkuntzearen historia, hizkuntzearen jabekuntzea, hizkuntzearen prozesamendua, euskerearen egoera eta erabilerea datuak eta abar.
Deskripzinoa maila desbardinetan egingo da: batetik, oinarrizko azalpenak, erraz ulertzeko modukoak; bestetik, azalpen teoriko sakonak (honeek artikulu moduan joan daitekez, edozein hizkuntzatan).
Gaiak aurkezteko, testuak erabiliko dira batez be, baina horregaz batera grabazinoak, mapak edota argazkiak be izango dira.
Horrezaz gan, beste atal batzuk be izango ditu: zalantza txokoa, hizkuntza araudia, ondoko hizkuntzen (espainiera eta frantsesa, batez be) eragina eta abar.
Lana osotzeko iturriak izango dira Koldo Mitxelena eta Ibon Sarasolaren ‘Orotariko Euskal Hiztegia’, euskal prosaren corpusak, EHUren ‘Ehulku’ kontsulta datutegia, egun erabilten dan prosa idatzia (liburuetan eta egunkari-aldizkarietan), eta bestelako aholku-zerbitzuak, besteak beste. Beraz, gaur egungo euskera mintzatuari buruzko informazino zabala izango da, eta historian be oinarrituko da, euskal idazleek idatzi izan dituen libururik aitagarrienetako datuak danen eskura jarriz.
Formeari jagokonez be, euskal gramatikea ez da ohiko gramatikeak bezelakoa izango: hasteko, euskarria desbardina da, sarean jarteko diseinau baita eta, beraz, gaiak beste modu batera landuko dira; nahi dauenarentzat atal teorikoak izango ditu, eta arruntean gramatiketan agiri ez diran bestelako gaiak be sartuko dira. Gainera, esan bezela, Interneten egongo da, guztion eskura.
Bestalde, gramatikearen informazinoa gurutzatua izango da proiektuaren beste atalagaz, hau da, hiztegiagaz. Egungo ‘Euskal Hiztegia’ izena dauen lan horrek maila desbardinak izango ditu: egungo prosako (liburuak eta prentsa-aldizkariak) erabilera arruntean agiri diran berbak; berba teknikoak; gramatika berbak eta Historiako informazino osogarria.
Neurriari begiraturik, EHUko Euskera Institutuak landuko dauen hiztegia ‘Orotariko Euskal Hiztegia’-ren parekoa da, baina handiagoa. Hiztegi hori lehenengo lekukotasun historikoetatik 1970era arteko bost miloe berbek osotutako corpus batean oinarritzen da.
’Ereduzko Prosa Gaur’
Egungo ‘Euskeraren Hiztegia’ EHUren ‘Ereduzko Prosa Gaur’ izeneko corpusean oinarritzen da (http://www.ehu.es/euskaraorria/euskara/ereduzkoa). Ereduzko prosa gaur egungo egile onenen testu aukeratuek eta prentsan argitaratutako artikuluek osotutako corpusa batzen dauen tresna elektronikoa da.
Honezkero, 25 miloe berba batzen ditu corpus honek. Beraz, neurriz handiagoa izango da, eta sarreren esanahiak, aldaerak, azpisarrerak eta milaka adibide batuko ditu, eta egiazko euskera idatzi modernoaren erakusgarri parebakoa izango da.
Euskal gramatika eta hiztegiaren proiektuaren zuzendariak Pello Salaburu, Ibon Sarasola eta Patxi Goenaga EHUko katedradunak dira, eta eurekaz batera arituko dan ikertzaile taldeko kide gehienak, Euskal Filologian eta Hizkuntzalaritzan adituak, EHUko irakasleak dira, nahiz parte hartuko daben EHUtik kanpoko ikertzaile batzuek be (Deustuko Unibersidadea, CNRS, AEBtako irakasleak eta abar).
Proiektuaren lehenengo atalak, gramatikearenak hain zuzen, Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren ikerketa proiektuetarako 320.000 euroko diru-laguntzinoa lortu dau. EHUren, Eusko Jaurlaritzaeren eta beste erakunde batzuen laguntzinoa be jasoko dau, eta sei urtean proiektu osoa amaitua izango dala aurreikusi da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!