Unai Basurko 2007ko Bizkaiko Kirolari Onena izentau dabe

Bizkaie! 2008-01-18 14:43

Bizkaiko Kirol Kazetarien Alkarteak egindako botazinoaren ostean, Unai Basurko itsasgizonak honako bost kirolari honeek baino botu gehiago jaso zituan: Eunate Agirre, Ianire Elorriaga, Unai Elorriaga, Leire Iglesias eta Julian Sanz.

Bilboko Euskalduna Jauregian 2007ko kirolaririk onenak saritu zituan atzo Bizkaiko Kirol Kazetarien Alkarteak. Botazinoaren ostean, Unai Basurko itsasgizonak honako bost kirolari honeek baino botu gehiago jaso zituan:

- Eunate Agirre (bodyboard): Europako txapelduna eta mundu mailako onenen artean zortzigarrena.

- Ianire Elorriaga (skate): Europako onena street arloan eta kontinente mailan urtean jokatzen diran bost tituluetatik lau irabazi ditu.

- Unai Elorriaga (pistako txirrindularitzea): puntuka, Europako txapelduna; Mallorcan jokatutako mundialetan, laugarrena.

- Leire Iglesias (judo), Pariseko, Pragako Vejeneko eta Lisboako txapelketak irabazi ditu eta bigarrena da Espainian.

- Julian Sanz (muturreko txirrindularitzea): Tour Ultimate txapelketearen irabazlea eta, beraz, mundu mailako txapelduna distantzia luzeetan.

Jaialdian, beste hainbat sari be emon ziran. Urdaibai Arraun Taldea, Eloisa Compostizo tenistea, sasoi bateko Kas txirrindulari-taldeko kide izandakoak eta Samuel Sanchez txirrindularia izan ziran beste saridunak.

Gogoan izan ziran, baita, Javi Martinez 19 urtetik beherako Espainiako futbol-selekzinoko kapitaina; Javi Salgado Iurbentia Bilbao Basket taldeko kapitaina; eta Jose Venancio Lopez, Europako txapelduna aretoko futbolean Espainiako selekzinoko zuzendari moduan.

Ganera, Miguel Jauregui, Valentziako Amerika Kopan Espainiar Desafioa taldeko kapitaina; Craig Sage, Mundakako Billabong Pro surf txapelketako antolatzailea; Leire Herboso, Bangkok-eko Unibersidadeko taekwondo txapelketan zilarra; eta Euskadiko kayak-surf federazinoa be aitatu ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu