Jon Garaizar: ‘arraunlaritzea mafia hutsa da’

Koldo Isusi Zuazo 2008-01-18 12:00   Barriketan
Arkote Arraun Taldeko presidenteordea

Arkote Arraun Taldea 1957an sortu zan, 1946an abiarazotako Sociedad Remera de Plencia taldearen lekukoa hartuta. Gaur egun 600 bazkide dira eta 90 arraunlari dagoz maila guztietan. Momentu ona bizi dau 50 urte bete barri dituan taldeak.

Nahikoa denporaldi eskasa egin ostean, igaz azkenengo momentuan San Miguel Ligeari eustea lortu eban Arkotek eta aurten irudi hori hobetzea izango da asmoa. Taldearen koloreak horia eta baltza dira eta traineruaren izena ‘Plentzitarra’ da.

Arkote Arraun Taldearen eta, oro har, arraunlaritzearen ganeko gorabeherak Jon Garaizar presidenteordeak kontauko deuskuz.


1.- Ezer baino lehen, zorionak. Berrogeita hamargarren urteurreneko ekitaldiak pasa dan abenduan hasi zenduezan baina ospakizunak ez dira oraindino amaitu...

Bai. Berrogeita hamar urte joan dira baina jarraitzeko gogoagaz, ilusino handiagaz gabilz beharrean. Urteurreneko ekitaldi nagusia jai giroan emon genduan pasa dan abenduan, lagunartean. Berrehun bat lagun alkartu ginan okasinorako antolatutako herri-bazkarian eta frontoian giro ederra egon zan, ergometro txapelketea eta triki-poteoa tarteko.

Kontua da ze asti barik gabiltzala urteurreneko ekitaldi gehiago behar dan moduan preparetako baina aurreratuko deutsut datorren hilean arraunlaritzearen munduan zeresana daben lagunakaz mahai-inguru bat antolatuko dogula; hizlarietako bat Jose Bergaretxe izango da, urteetan gure presidentea izandakoa, oraintsu karguak itxi dituana, bai gurean eta baita TKEko idazkaritzan bete dauena be. Denporaldiaren amaieran, barriz, Arkoteren 50 urteetako gorabeherak jasoteko argazki eta objektuen erakusketea egitea be pentsau dogu.


2.- Historian atzera eginaz, zeintzuk izan dira taldearen momenturik ederrenak? Eta gogorrenak?

Ederrenak itxuraz garrantzia handirik bako momentuak izan dira, Bizkaiko edozein txapelketa infantilakaz, nesken edozein garaipen... Era horretako momentu ‘txikiak’. Jakina, mugarri gogoangarriak be badoguz, berbarako, 1987an, herritarren artean dirua batu eta trainerua lehenengoz uretara atara genduan momentua eta 2004an TKEn sartu ginanekoa. Ordutik lehenengo mailan gagoz eta hori sekulakoa da 4000 biztanle inguruko herrian.

Momentu gogorrenak, barriz, personalak izan dira; zuzendaritza taldean zagozanean, erabagiak hartu behar izaten dira eta danon gustorako egitea sano gatxa da. Hanka-sartzeak, erabagi okerrak, erabagien ondoriozko hasarreak, lagunak galtzea, agurra ukatzea, entrenatzailea edo arraunlariren bat aldatu behar izateak gastu personala dakarre eta niretzako egoera horreek dira gogorrenak.


3.- Igaz zer pasau jakon taldeari hain denporaldi eskasa egiteko?

Arrazoi zehatza eta bakarra topetea ez da erraza; hanka-sartze, arazo eta hutsegite txikien pilaketea egon zan oinarrian.

Edozelan be, azken momentuan izan arren, San Miguel Ligeari, hau da, arraunlaritzako lehen maileari eustea lortu genduan eta hori ez da gitxi.


4.- Arraunerako tradizino eta zaletasun larregi bako herrian 90 arraunlari ditu Arkotek maila guztietan eta 600 bazkide. Ez dira datu txarrak, ezta?

Bai, datuak gogoan hartzekoak dira, kanterako taldea gara eta aurten, berbarako 13 neska doguz, kadete eta senior mailatan eta traineru bi, ARC2 mailan bata eta San Miguel Ligan bestea baina egoera hori ez da egunean-egunean ikusten. Datu bat emongo deutsut, Kontxan lehenengoz parte hartu genduan 2005ean eta lehenengo egunean, 2. sailkatu ginan ohorezko txandan. Kontua da ze, portuan arraunlariei ondo etorria eta zorionak emoten 6, 7 bat lagun baino ez ginala izan, zuzendaritzakoak, neska-lagunak. Atxakia, Plentzia jaietan egoala zan... Egoera hori ez da normala, lotsagarria eta tristea da. Kontxako bigarren egunean, barriz, marea baltza izan zan Donostian.


5.- Arraunlarien joan-etorria ohikoa izaten da denporaldia amaitu ostean. Berbarako, Arkote itxi eta Kortaren Kaikura joan da Iñaki Errazti eta beste baja batzuk be izan dira. Etorri diranen artean, Izortz Zabala bermeotarra izan daiteke deigarriena? Arraunlari taldea zarratuta dago?

Bai, Izortz Zabala izan daiteke izarra. Patroiaren zeregina eta erantzukizuna oso garrantzitsuak dira traineruan eta Izortz oso ona da, nortasun handikoa, niretzako onena gaur egun.

TKEn egoteko ilusinoa, gogoa eta indarra behar dira, arraunlariak ia semiprofesionalak dira eta arraunlaritzea da buruan izan behar daben bakarra, zentrauta egotea nahitaezkoa da. Ganerako fitxajeak beteranoak dira: Mariano de Panfilis argentinarra, arraunlari internazionala eta Sergio eta German Castrokoak. Beste bi be izan doguz, baina denporaldiaren erdian Laredora joan ziran, bata entrenatzaile eta bestea arraunlari. Berbako lagunak falta dira arraunlaritzan, diruak dana usteltzen dau.

Momentu honetan taldea zarratuta dago baina beste mutil bat dogu zalantzan eta leitekeana da Arkoten hastea.


6.- Arraunlari propioen kupoari jagokonez, ez da aldaketarik aurreikusi eta, beraz, talde bakotxean 7 ‘propio’ sartzea da agindua. Neurriagaz ados zagoz?

Inondik inora. Kupoaren kontra gagoz, sano diskriminatzailea da. Propioa izateko lau urte jarraian egin behar ditu arraunlariak taldean eta fitxajeak eta dirua tarteko progresinoa eten eta gauzak hankaz gora jartea ohikoa da zoritxarrez. Ganera, errealidade argia da plantillak gero zaharragoak dirala, 30etik eta 40tik gorakoak be badabilz eta diruagaitik dagoz hor. Kluben arteko mobimentuak txikienen kalterako izaten dira beti, batek besteari propioak kendu ezkero, trainerua atara ezinik geratu daiteke klub bat, arraunlariek eurek txantajea egiten deutsie zuzendaritzakoei, hau da, propioa izanik, ‘nik gura dodana pagetan ez badeustazu, banoa’. Hau ez da arraunlaritzea, hau mafia hutsa da, kirolaren esentzia aspaldi galdu zan, marrazo artean gabilz uger.


7.- Azken urteotan goitik behera aldatu da arraunlaritzea. Onerako ala txarrerako?

Bai, asko aldatu da. Kirolak galdu dau. Gaur egun diruak agintzen dau arraunlaritza munduan eta koma sakonean dagoala esan daiteke ze laster arraunlaririk ez da egongo; lehen be esan deutsut, 30, 35 eta 40tik gorako jentea be arraunean dabil baina erreleborik ez dago, besteak beste, kirol hau oso gogorra dalako.

Horrezaz gan, Euskal Arraunketa Federazinoa ez da existiduten momentu honetan, ez dago estropaden egutegirik... Legutioko instalazinoak bota egin zituan Eusko Jaurlaritzeak; hori da arraunlaritzea sustatu eta babestea? Kirol babestua ete da? Arraunerako egoan instalazino bakarra ezerezean ixtea seinale argia da, Euskal Federazinoa noraezean dago.

Bizkaia-Bizkaialde Fundazinoaren laguntzinoari esker Arkotek kanterea lantzen dau eta horixe da gure politikea. Baina zelan da posible promozinorako estropadak eta txapelketa txikiak antolatzen dituan taldeak ACTko taldeak baino aurrekontu txikiagoa izatea? Elitea babestu eta sustatzea da asmoa?

Beste alde batetik, Inbidia eta ezinikusiak ohikoak dira mundu honetan, emondako berbeak ez dauka ezelako baliorik eta giro honetan aurrera egitea oso gatxa da, gastu personala sekulakoa da.


8.- Zeintzuk dira Arkote Arraun Taldearen aurtengo denporaldirako helburuak?

Helburu nagusia Lehen Mailari eustea da eta igaz baino lasaitasun handiagoagaz ibiltea. Era berean, ARC2ko traineruagaz gora salto egitea be asmo polita da eta gauza ederra izango litzateke. Igaz bosgarren geratu ginan.

Maila txikietan beti irabazten dogu txapelketaren bat edo beste. Gaur egun, Euskadiko txapeldunak gara infantil mailan bateletan eta senior mailako neskek oraintsu irabazi dabe 2008ko lehenengo ikurrinea, PINeko ergometro proban, hain zuzen be. Datu lez esango deutsut lehenengoak garala neska arraunlariakaz lanean hasi ginanak; neu izan nintzan nesken lehenengo entrenatzailea eta Espainian lizentzia gehien izan dituan kluba be izan gara.


9.- San Miguel Ligan Urdaibai eta Arkote dira Bizkaiko ordezkari bakarrak eta ARCn, barriz, traineru bizkaitarrak dira gehiengoa. Noiz ikusiko dogu Bizkaiko traineru bat Kontxako Banderea irabazten?

Ez deust loa kentzen horrek. Kontxa irabazteko Urdaibaik montau dauen taldea montau behar bada, nik ez dot holakorik gura. Irabazi behar badabe irabazi daiela eta aukera handiak ditue ganera baina inoren gainetik pasetea helburu hori lortzeko... Nik ez dot arraun mundua holan ikusten, behetik hasi behar da, kategoria danak landu, kanterea jagon. Diruagaz di-da trainerua osotzea...


10.- 2008ko denporaldia Zaragozan hasiko da Eusko Jaurlaritzak babestutako estropadegaz. Ze talde ikusiko dogu sailkapeneko lehenengo postuetan?

Bai. Estropada berezia, Ligarako puntuagarria izango da. Expon Euskadiren Eguna izango da eta horren harian dator Ebron egingo dan estropadea. Entzun dodanez, Ebroren emaria handitzeko presa artifiziala ipiniko ei dabe estropadea egin ahal izateko.

Sailkapeneko lehenengo postuetan, barriz, betikoak ikusiko doguzala esango neuke eta ondoko ordenean, Urdaibai, Orio, Hondarribia eta Castro. Ezusteak be egon daitekez eta zerrenda horretan Zarautz eta Kaiku nabarmenduko neukez. Nire eretxiz, Kaikuk aukera handiak ditu San Miguel Ligan sartzeko. Ganerakoentzat nahikoa lan izango da maileari eusteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu