‘Eztabaidak Literatureagaz’ ekimena estreinauko dabe Ramiro Pinillak eta Harkaitz Canok

Bizkaie! 2008-01-17 14:59   Kulturea

‘Eztabaidak Literatureagaz’ ekimen barriari esker, hilebetero, bi idazle azalduko dira jentaurrean literaturaz eta idazteko ofizioaz berba egiteko. Helburua ez da, beraz, egile bakotxaren azken lanak aurkeztea, irakurleen interesekoak diran gaiei buruz sakontzea baino.

Bilboko Bidebarrieta Kulturgunearen kultur eskaintzea aberastu egingo da aurrerantzean ‘Eztabaidak Literatureagaz’ ekimen barriari esker. Ekimen honen bitartez, hilebetero, bi idazle azalduko dira jentaurrean literaturaz eta idazteko ofizioaz berba egiteko. Helburua ez da, beraz, egile bakotxaren azken lanak aurkeztea, irakurleen interesekoak diran gaiei buruz sakontzea baino. Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, 84 eta 32 urtekoak, hurranez hurran, izango dira topagune hau zabaltzeaz arduratuko diranak, martitzenean, urtarrilaren 22an, ‘Idazleen adinak’ lemapeko alkarrizketa baten bidez.

Literaturako hastapenak, sorkuntzarako edaderik egokiena, gaztaroko ‘pekatuak’ zahartzaroko ‘bizioen’ aurrean, bizitzako esperientziak idaztean dauen eragina edota idazlearen edadeak izan leiken garrantzia edo garrantzirik eza dira Pinillak eta Canok Bidebarrietako Ekitaldi Aretora hurreratutakoen aurrean eztabaidatuko dituen gaietako batzuk. Oraingo honetan, Iñaki Esteban idazle eta kazetaria arduratuko da aurkezpena egin eta alkarrizketea bideratzeaz.

Ramiro Pinilla, 84 urtekoa, Euskal Herrian dagoan erdarazko narratzailerik nabarmenenetakoa da. 1960an Nadal Saria irabazi eta 1971ko Planeta Sarian finalista izan ondoren, bere karrera ohiko literatur zirkuituetatik kanpo garatu da, bere argitaletxea sortu eta liburuak bere kasa saltzeraino heldu zalarik. Halan da guztiz be, azken urteotan, ia-ia ahobateko errekonozimendua lortu dau, erderazko literatur saririk garrantzitsuenetako batzuk irabazi ondoren, besteak beste, Kritikearen Saria edo Narratibearen Sari Nazionala, bata zein bestea 2006an eskuratutakoak. Urtebete lehenago, eleberriaren Euskadi Saria jaso eban.

Bestalde, Harkaitz Cano lasartearra, 32 urtekoa, euskerazko literaturako idazle gazterik garrantzitsuenetakoa da. Hemeretzi urte eskas zituala, ‘Kea behelainopean bezala’ izenburuko bere lehen poema liburua argitaratu eban, eta handik hona, ‘Beluna jazz’ edo ‘Pasaia blues’ lako eleberriak plazaratu ditu, gerora erderara itzuli diranak. Horrezaz gan, bere ipuinen antologia batzuk eta New Yorketik bialdutako literatur kroniken antologiak be itzuli deutsiez. Zuzenbidean lizentziatua, Canok euskal egunkari desbardinetan idazten dau, baita irrati, zinema eta telebistarako gidoiak landu be. 2005ean, euskerazko literaturearen Euskadi Saria irabazi eban ‘Belarraren ahoa’ eleberriagaitik.


Apirilera arteko programea

‘Eztabaidak literatureagaz’ programearen helburua, jenteari lehen mailako idazleakaz topo egiteko gune bat eskaintzea da. Ramiro Pinillak eta Harkaitz Canok martitzenean, urtarrilak 22, egingo daben lehen aurrez aurrekoaren ondoren, honakoak izango dira ‘Eztabaidak literatureagaz’ zikloaren hurrengo hitzorduak:

- Zezeilaren 19: ‘Emakumea izan eta idatzi’, Ana María Moix eta Luisa Etxenikeren eskutik, Pili Kaltzadak aurkeztuta. Emakumeek idatzitako literaturea ‘emakumezko edukinak’ dituan literaturearen aurrean, ‘emakumezko literaturea’-ren existentzia ala existentziarik eza, emakume idazleen auto-zentsurea, emakume idazle izarren modea, tradizinoa eta zenbait emakume idazle klasiko berreskuratzeko preminea izango dira eztabaidan aztertuko diran gaietako batzuk.

Ana María Moix (Bartzelona, 1947), idazle eta poetea. ‘Correo urgente’ (1966) liburuaren egilea da. Narrazino bilduma haren ondoren, ‘Call me Stone’ (poesia, 1969), eta ‘Julia’ (1970) eta ‘Las virtudes peligrosas’ (1985) lan narratiboak plazaratu zituan. Beste bi poema-liburu be argitaratu ditu: ‘Baladas del dulce Jim’ eta ‘No Time for Flowers’.

Luisa Etxenike, Zuzenbidean lizentziautako donostiarrak eretxi artikuluak idazten ditu zenbait egunkaritarako eta Euskal Herriko literatur tailerrik prestigiotsuenetako baten zuzendaria da. 'La historia de amor de Margarita Maura' narrazino-bildumea eta 'Silverio Girón' eta 'Querida Teresa' eleberriak argitaratuak ditu, bai eta 'Efectos secundarios', 'El mal más grave' eta 'Ejercicios de duelo' izenburuko liburuak be. Irakasle ibili da New Yorkeko Columbia Unibersidadean eta bere lanak hizkuntza desbardinetara itzuli dira.

- Martiak 11: ‘Literaturea eta antzerkia’, Alfonso Sastre eta Carlos Gilen eskutik, Josu Monterok moderatuta. Antzerkigilearen estatusa, antzerkia irakurgaitzat eta liburudendetako salgaitzat dauen garrantzia, antzerkiaren betekizun soziala, antzerkigilearen mugak eta baldintzak estreinetako aukeren aldean eta antzerkigintzako adierazpide barriak dira bi egile ezagun horreek eztabaidatuko dituen gaietako batzuk.

Alfonso Sastre (Madril, 1926), idazlea, antzerkigilea, saiogilea, zinema-gidoigilea eta 1955ko Belaunaldiko ordezkari gorenenetakoa. Lehendabiziko idazlanetatik, agirian itxi dau bere konpromiso existentziala eta soziala. ‘Escuadra hacia la muerte’ (1953) izenburuko bere antzezlana, Antonio Buero Vallejoren ‘Historia de una escalera’ (1949) eta Miguel Mihuraren ‘Tres sombreros de copa’-gaz (1953an estreinatua) batera, Gerra Zibilaren osteko espainiar antzerkiaren erabarritzea bultzatu eban antzezlan sinbolikotzat joten da. Maila formalean, erabarritzearen bila ibili da beti, Europan garatzen ziran antzerki-korronteei jarraituz. Ideologiaren ikuspuntutik, antzerki burgesaren kontra burrukatu dau, eta bere lanak planteamentu existentzialetatik planteamentu sozialetara eta iraultzearen aldekoetarako bilakaerea egin dau. Literaturea, antzerkia eta politikeari buruzko zenbait saioren egilea be izan da eta egunkari desbardinetarako idazten dau. Antzerkiaren Sari Nazionala irabazi dau bi aldiz, 1985ean eta 1993an, eta ohorezko Max Saria 2003an. Sastregaz batera, Carlos Gil antzerki-kritikari eta ‘Artez’ arte eszenikoen euskal aldizkariko zuzendaria be azalduko da.

- Apirilak 15: ‘Literaturea eta egungo gizartea’, Belén Gopegui eta Iban Zalduaren eskutik, Ramon Bustamante kazetariak moderatuta. Egungo kezka sozialen isla literarioa, genero literario desbardinek kezka horreei heltzeko dituen gaitasunak, egungo egileek jorratzen dituen gaiak, globalizazinoak literaturan edo idazle garaikideen konpromiso mailaren gainean dauen eragina izango dira alkarrizketearen ardatzetako batzuk.

Belén Ruiz de Gopegui (Madril, 1963), eleberrigile eta gidoigileak saria lortu eban 'La escala de los mapas' izenburuko bere lehen lanagaz. Hirugarren eleberria, 'La conquista del aire', zinemarako be moldatu eban. Francisco Umbralek bere belaunaldiko idazlerik onena zala adierazo eban.

Iban Zaldua (Donostia, 1966) Ekonomiaren Historiako irakaslea da Euskal Herriko Unibersidadean eta zenbait komunikabidetan kolaboretan dau. 'Veinte cuentos cortitos' izan zan, 1989an, ipuingintzan dauen dohaiaren lehenengo erakusgarria. Geroago etorri ziran euskeraz idatzitako narrazino laburrak, besteak beste, 'Ipuin euskaldunak' –Gerardo Markuletagaz batera egindakoa–, 'Gezurrak, gezurrak, gezurrak', 'Traizioak' eta 'La isla de los antropólogos', azken hau erderaz argitaratutakoa 2002an. Urte horrexetan plazaratu eban euskal literatureari buruzko lan bat, 'Obatatiko tranbia: zenbait gogoeta azken aldiko euskal literaturaz (1981-2001)' izenburukoa. Haur eta gazteentzako zenbait liburu be idatzi ditu, 'Kea ur gainean' eta 'Ile luzeen kondaira' kasu. 2006an, euskerazko literaturearen Euskadi Saria jaso eban 'Etorkizuna' liburuari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu