www.bertsoa.com webguneak 100.000 sarreratik gora izan ditu lehenengo urtean

Bizkaie! 2008-01-16 17:36   Bertsolaritzea

2007ko urtarrilaren 18an plazaratu zan www.bertsoa.com bertso-plaza digitala, plazaz plazako bertsogintzea eta informazinoa batzen dituan lehenengo agerkari digital tematikoa. Arlo bi horreez gan, agendea, bertsolarien fitxak, argazkiak, gogoeta foroa eta beste hainbat aukera be eskaintzen ditu.

2007ko urtarrilaren 18an plazaratu zan www.bertsoa.com bertso-plaza digitala, plazaz plazako bertsogintzea eta informazinoa batzen dituan lehenengo agerkari digital tematikoa. Asrlo bi horreez gan, agendea, bertsolarien fitxak, argazkiak, gogoeta foroa eta beste hainbat aukera be eskaintzen ditu.

Bertsogintzearen zabalkundean bide barriak lantzeko helburuz plazaratu zan Bertsoa.com eta urtebeteko ibiliak garbi erakutsi dau internetek aukera handiak eskaintzen dituala bertsolaritzearen sustapenerako. Bertsozaleen erantzuna be holakoa izan da: 12 hilabeteotan 100.000 sarreratik gora izan ditu bertso-plaza digitalak. Eta horreetatik asko AEBetatik, Hegoamerika osotik, Europako beste herrialdeetatik, Txinatik, Australiatik, Yemenetik ailegau dira...

Bertsoa.com bertso-plaza digitalak batez be bertsolaritzearen hiru arlo landu ditu: plazaz plazako bertso-ekitaldiak sarean jarri; erreferentziazko bertso-ekitaldiak zuzenean emon; eta aktualidade informatiboa jarraitu.


Plazako bertsoak sarean

Plazaz plazako bertsogintzeari jagokonez, Bertsoa.com-ek 200 bertso ekitaldi inguru jarri ditu sarean, orain arte komunikabide batek zabaldu dauen bertso kopururik handiena. Horixe da Interneten abantaila nagusia: espazioa. Bertso ekitaldi gehienak Bertsoa.com-ek berak bideoz grabautakoak eta beste batzuk Bertsozale Elkartearen Xenpelar Dokumentazio Zentroak itxitakoak dira. Antolatzaileek be aukerea dabe ekitaldia grabau eta bialtzeko eta askok aukera hori be erabili dabe.


Bertsoak zuzenean

Bertsolaritzea zuzeneko kultur emonkizuna da eta plazea da bere bihotza. Beste kultur jardun gehienek legez, ez dau lekurik komunikabide gehienen zuzeneko emonaldietan, kasu bakar batzuk kenduta. Hor be Internetek aukera handiak eskaintzen ditu eta horreek erabili ditu Bertsoa.com plaza digitalak.

2007an, 30 bertso-ekitaldi eskaini ditu zuzenean, bai Hegoaldean eta bai Iparraldean: besteak beste, Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako txapelketa nagusietako finalak, Eskolarteko finala, Iparraldeko Bertsulari Gazteen Xapelgoa, Orixe Saria… Baina, txapelketez gan, plazaz plazako jaialdiak be zuzenean emon ditu: Bertso Eguna Kursaaletik, Iturengo Ihautietako saioa, Bariñagako jaialdia, Zumaiako jaialdia, Larraul jaialdia, Algortako jaietako jaialdia…


Koldo Tapia, Gu ta gutarrak, Ornitorrinkus, Jon Sarasua, Ander Lipus…

Bertsolaritzan intereseko diran gaiak landu eta personen eretxiak batzea be bada Bertsoa.com-en lehentasunetako bat. Esangura horretan, urtebete honetan hainbat albiste, alkarrizketa eta erreportaje landu ditu. Besteak beste, Koldo Tapia 20 urtez Bertsozale Alkarteko idazkari izana, Jon Sarasua, Ander Lipus, Ornitorrinkus, Gu ta gutarrak edota Beñat Gaztelumendiren testigantzak batu ditu alkarrizketa luzeetan; Plazatik Gaztetxera edota beste hainbat gairen ganeko erreportajeak egin ditu; Lankuk Bertsolaritzearen eta antzerkiaren inguruan antolatuako ikastaroetako berbaldiak jarri ditu sarean; Bertsozale Alkarteak eta UEUk generoaren ganean antolatutako ikastaroetako berbaldiak be zabaldu ditu sarean… eta beste hainbat testigantza jaso eta zabaldu be bai.

Bertsoa.com bertso-plaza digitalak pausu garrantzitsua emon dau bertsolaritzea Internet bidez zabaltzeko bidean eta 2008an be ahalegin horretan jarraituko dau.

Azkenik, Bertsoa.com-ek esker ona adierazo deutse urtebeteko ibilian proiektua gauzatzen lagundu daben guztiei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu