Ljublianako argitaletxe batek 23 idazle euskaldunen poemen antologia bat kaleratu dau eslovenieraz
2008-01-16 14:47 Euskaldunak munduanLiburuak 23 idazle euskaldunen poemak batzen ditu, Jon Mirandetik Harkaitz Canora. Ciril Bergles poeta esloveniarra izan da itzulpenaren arduraduna.
Ljublianako (Eslovenia) Aleph argitaletxeak 'Branil bomocetovo hiso. Antologija moderne baskovske poezije' izenburuko poesia euskaldunaren ganeko antologia kaleratu dau. Liburuak 23 idazle euskaldunen poemak batzen ditu, Jon Mirandetik Harkaitz Canora. Ciril Bergles poeta esloveniarra izan da itzulpenaren arduraduna.
EuskalKultura webgunean argitaraturiko informazinoaren arabera, euskal poesia modernoa esloveniarrei hurreratzea da antologiaren helburu nagusia. Bergles poeta esloveniarra euskal poesiaren zale amorratua da eta bera arduratu da liburuan jasotako 23 poeten obrak aukeratzeaz eta itzultzeaz.
Jon Mirande, Juan Mari Lekuona, Bitoriano Gandiaga, Gabriel Aresti, Mikel Lasa, Xabier Lete, Patxi Ezkiaga, Ibon Sarasola, Amaia Lasa, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Juan Kruz Igerabide, Felipe Juaristi, Joseba Sarrionandia, Amaia Iturbide, Karlos Linazasoro, Juanra Madariaga, Iñigo Aranbarri, Gerardo Markuleta, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Kirmen Uribe eta Harkaitz Cano poeten lanak jasoten ditu liburuak. Poeta euskaldunen artean, gaztelaniaz idazten eban Jorge Oteiza be agiri da.
Carlos Aurtenetxe poeta donostiarrak idatzi dau obrearen hitzaurrea eta Bergles bera izan da 'Sonce nad Euskadijo' (Eguzkia Euskadi gainean) izenburuko epilogoaren egilea. Epilogoan, euskal literaturara sarrera bat egin dau poeta esloveniarrak. Ganera, poeta bakotxaren biografia txiki bat be egin dau Berglesek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!