Euskerearen Etxeak 3.771 bisitari jaso zituan igaz
2008-01-15 17:24 Euskerea berbagaiEuskararen Etxeak 2007an jasotako 3.771 bisitariei webgunearen bidez (www.euskarenetxea.net) egin diran 152.902 bisita birtualak gehitu behar jakez.
Euskararen Etxeak 2007an jasotako 3.771 bisitariei webgunearen bidez (www.euskarenetxea.net) egin diran 152.902 bisita birtualak gehitu behar jakez.
Jakina danez, euskerearen ganeko zentro espezializatua da, bai ikerketa eta azterketearen munduari bai haren zabalkundeari begira sortutakoa. Bilboko San Ignazio auzoan dago eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzeak eta Bilboko Udalak sortu eben, euskerearen munduagaz zerikusia daben gauzen ganeko jarduera gune barri bihurtzeko eta, barrikuntza legez, baita museo izateko be.
Gaur, urtarrilak 15, M. Josune Ariztondo Kulturako foru diputadu barria izan da bertan, zentroaren zabalkunde lanari eta ikasketa edota lan gune legez beteten dauen eginkizunari bultzadea emoteko.
Bisiten balantzea
Euskerearen Etxeko arduradunek azaldu dabenez, 2007an instalazinoak ikustera joan ziran 3.771 lagunetatik % 55 emakumezkoak izan ziran eta % 45 gizonezkoak. Adinari jagokonez, 17 urtetik beherakoak % 73,1 izan ziran; 18 - 40 urte bitartekoak, % 16,7; 41 - 60 urte bitartekoak, % 9; azkenik, 61 urtetik gorakoak, % 1,2.
Bisitarien % 87,7 bizkaitarrak izan dira, % 10,3 Euskal Herriko ganerakoak, % 1,8 estadu espainiarrekoak (batez be katalanak eta madrildarrak) eta % 0,2 atzerrikoak (ingelesak, poloniarrak, irlandarrak, finlandiarrak, alemanak, frantsesak...).
Bisitari mueteari jagokonez, gehienak (% 76,2) ikastetxe eta institutuetatik etorri dira, % 8,4 bisitari arruntak izan dira, % 9,6 euskaltegietakoak eta % 5,8 kultur alkarteetakoak, etorkinen alkarteetakoak...
Ia 12.000 bisita: 'Bidaia euskerearen trenean'
Igaz izandako bisiten kopuru handia zentroak 2004ko abenduaren 3an ateak zabaldu zituanetik izan diranei gehitzen jake.
Ordutik hona 11.940 persona joan dira Euskerearen Etxera eta beste 216.356 personek bisita birtuala egin dabe.
Bisitari horreek Euskerearen Interpretazino Zentroan egin dabe bisitea, Euskerearen Etxeak dituan lau solairuetako lehenengoan. 'Gune museistiko' hori tren geltokiaren itxuran girotuta dago. Izan be, euskereak denporeagaz egindako bidaia erakutsi gura izan da, haren historia eta bilakaerea azaltzeko.
Euskerea ezagutarazoteaz ganera, bisitariei esperientzia entretenigarria eskaintzen jake. Horretarako, teknologia barriak erabili dira. Turismoa be kontuan izan da eta, horregaitik, 'bidaia' lau hizkuntzatan egin daiteke: euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
Ikerketa eta liburu biltegia
Sustapen lan horregaz batera, Euskerearen Etxeak baditu bigarren solairuan Euskerearen Multimedia Agiritegia (Mediategia), Erabilera Anitzeko Gela eta Euskerazko Unibersidade Liburuen Biltegia. Mediategia, gehienbat, ikerketarako eta, orokorrean, euskaltzaleen mundurako dago pentsauta. Bertan dagoz batuta orain arte euskeraz sortu diran multimedia produktu guztiak, hainbat formatutan: disketean, CDan eta DVDan. Ganera, Interneten eskura dagozan euskerearen inguruko webguneen multzoa eskaintzen da. Erabilera Anitzeko Gela, bestalde, euskereagaz zerikusia daben jarduerak antolatzeko diseinauta dago.
Egun, Mediategiko datu-base informatizatuan 270 titulu dagoz eskuragarri, 19 jakintza-arlo nagusitan sailkatuta. Ganera, euskerazko 1.530 web orri batzen dituan datu-basea dago, 32 gai nagusitan sailkatuta.
Liburu Biltegian, barriz, 1990. urtetik gaur arte euskeraz argitaratu diran unibersidade liburuak dagoz. Gaur egun 449 titulu ditu danetara, hainbat argitaletxerenak, eta 500dik gora egile. 2007an 83 liburu gehiago sartu dira, Euskereren Etxearen eta EIRE Irakasle Euskaldunen Alkartearen arteko lankidetzeari esker.
Euskerea lantzeko guneak
Euskereren Etxeak, ganera, goiko bi pisuetan, euskereagaz lotutako jardueretan lan egiten daben alkarte eta erakundeentzako gune osogarriak be baditu. Hirugarren pisuan Euskal Idazleen Alkartea, Topagunea (Euskera Alkarteen Federazinoa), Pen Club-en euskal atala (Euskal Pen Kluba) eta Mendebalde Kultur Alkartea dagoz. Laugarrenean, Bizkaiko Ikastolen Elkartearen egoitzea dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!