Euskaltzaindiak, oraingoan bai, Leizarragaren 'Testamendu Berria' erosi dau

Bizkaie! 2008-01-14 13:31   Euskerea berbagai

Igazko zemendiaren azkenetan, Euskaltzaindiak Leizarragaren Testamendu Berria erosi ebala zabaldu zan hainbat komunikabidetan, baina erakundeak barria ezeztau eban. Oraingoan, modu ofizialean zabaldu dabe erosketearen ganeko informazinoa.

Igazko zemendiaren azkenetan, Euskaltzaindiak Leizarragaren Testamendu Berria erosi ebala zabaldu zan hainbat komunikabidetan, erakundeko bertako zenbait iturrik emondako informazinoaren arabera osotutako barria. Halanda be, handik gitxira, Euskaltzaindiak honako ohar hau zabaldu eban:

2007ko zemendiaren 29an, Bilboko egoitzan batzartuta, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzeak honako hau aditzera emoten dau:

Euskaltzaindiak Leizarragaren 'Testamentu Berria' (1571) Londresko Sotheby’s-en erosi dauela zabaldu da komunikabideen artean. Albisteak sortarazi dauen oihartzuna ikusirik, hauxe argitu nahi da:

· Euskal testu klasikoek beti izan dabe berariazko interesa Euskaltzaindiarentzat.
· Euskaltzaindiak jakin izan dau Sotheby’s enkante etxeak Leizarragaren 'Testamentu Berria' salgai jarri dauela, bai eta liburua erosi barik geratu dala be.
· Euskaltzaindiak era horretako liburuak eskuratzeko asmoa izan dauela, badauela eta izango dauela. Hortaz, ahal izan dauen guztietan, ahaleginak egin izan ditu eta egiten ditu euskal testu klasikoen liburu esanguratsuak bereganatzeko. Esan daiteke, beraz, Leizarragaren 'Testamentu Berria' eskuratzeko ahaleginetan ari dala.

Erosketa gauzatu ezkero, berehala emongo da horren barri.

Gaur, barriz, honakoagaz dator: 'Euskaltzaindiak Leizarragaren Testamentu Berria (1571) erosi dau'.

Akademiak jakinarazo dau 20.500 ingeles libera ordaindu dituala Leizarragaren Bibliako Itun Barriagatik. 'Jakina danez, hauxe da testu klasiko horren euskerazko lehenengo bersinoa eta 1571n argitaratu zan'.

Igazko zemendiaren 28an, Sotheby's enkante etxe famatuak Leizarragaren Testamentu Berria salgai jarri eban, baina liburua eroslerik barik geratu zen. Ostean, Akademia Londreseko enkante etxeagaz jarri zan hartu-emonetan, akordioa lortzeko. 'Azkenean, erosketea gauzatu da'.

'Euskal testu klasiko guztiek beti izan dabe berenberegiko interesa Euskaltzaindiarentzat eta, ahal izan dauen guztietan, ahaleginak egin izan ditu eta egiten ditu euskal testu klasikoen liburu esanguratsuak bereganatzeko', dinoe erakundeko iturriek.


Joanes Leizarraga

Joanes Leizarraga 1506an jaio zan Beskoitzen (Lapurdi) eta Bastidan (Nafarroa Beherea) hil 1601ean. Ez dago datu askorik bere bizitzaz, baina dakiguna da apaiz katolikoa zala eta, ondoren, Erreformeagaz bat egin ebala, artzain protestante bihurtuta. Joana III.a Albretekoa Nafarroako erreginaren aginduei segituta, Bearnoko protestanteen sinodoak Itun Barria eta beste hainbat testu erlijioso protestante euskeratzeko eskatu eutson eta lan hori egiteko hainbat laguntzaile izan zituan.

Egitasmo horren barruan hiru liburu argitaratu ziran guztira, danak Arroxelan, 1571n: lehenengoa Jesus Krist gure Jaunaren Testamentu Berria, bigarrena Kalendrera eta hirugarrena ABC edo Kristinoen instrukzionea. Horreetatik garrantzitsuena lehenengoa da. Bertan, Itun Barriaz gan, beste testu erlijioso batzuk be batzen dira. Hori da Euskaltzaindiak erosi dauen liburua.

Liburu hori euskeraz argitaratutako bigarren liburua da eta 'garrantzi berezia dau hainbat alderditatik begiratuta, baina nabarmendu beharrekoa da euskera batu eta goi mailako bat egiteko lehen saioa izan zala'.


Euskaltzaindia eta Testamentu Berria obrea

1990ean, Euskaltzaindiak argitaratu eban Hugo Schuchardt hizkuntzalari alemaniarrak idatzitako Leizarragaren Testamentu Berriaren edizino kritikoa. Liburu hori 1900ean argitaratu eban Schuchardtek, Theodor Linschmannen laguntzinoagaz, eta ondoko izenburuagaz kaleratu zan: I. Leiçarragas Baskische Bücher von 1571 (Neues Testament, Kalender un Abc) heraugegeben von Th. Linschmann und H. Schuchardt. Liburuan Schuchardtek eginiko testu bi dagoz: batetik, hitzaurrea eta, bestetik, edizinoa preparetako erabili ziran erispideak azaltzen dituana.

Akademiaren izenean, argitalpen horren zergaitia be azaltzen dau Jose Antonio Arana Martijak liburuaren aurkezpenean. Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae lana kaleratu ostean, Euskaltzaindiari euskal literaturearen bigarren autorea ezagutarazotea beharrezkoa otu jakola adierazoten dau Arana Martijak: 'idazlan osoa argitaratzea beharrezko ikusten zan, lehenengo edizinoa ezin izan zalako lortu eta 1900ean Schuchardtek eta Linschmannek egindakoa be bakarra izatera ailegau dalako. Ganera, hori leku gitxitan irakur daiteke oso-osoan, hau da, Schuchardten hitzaurre baliotsuagaz'.

Gauzak holan dirala, larogeta hamar urte lehenago Estrasburgon egindako argitalpenaren faksimila aurkeztu eban Euskaltzaindiak 1990ean 'eta honegaz Europari eskaintzen deutsagu euskaldunok beraren hizkuntza zaharrenaren erakuspena, oraindino bizirik jarraitzen dauena, XVI. mendeko erabilera landuan'. Iñigo Ruiz Arzalluzek eta Jose Manuel Velez Latorrek Schuchardten oharrak gaztelaniara itzuli zituen. Leizarragaren lanen edizino osoaren mila ale zenbatu kaleratu ziran orduan. Madrileko Kultura Ministerioak argitalpen horretarako dirulaguntzinoa emon eban.

Bestalde, aurten, Nafarroako Kutxak Leizarragaren Testamentu Barriaren edizino faksimilea argitaratu dau. Kutxak berak 1995ean, enkantean erosi eban originala erabili dau. Faksimileko edizino honi Xabier Kintana ('Gure Testamentu Barriaren aurretiko zaharrak'), Henrike Knörr ('Joanes Leizarraga: Vida y obra') eta Txomin Peillen ('La réforme: un humanisme') euskaltzainen txostenak gehitu jakoz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu