Amaia Laforga: 'kontsultara etorten diran gehienen arazoa buruan dago'

Saioa Torre Gereketa 2008-01-11 14:20   Barriketan

Dietetikan eta Gizaki Elikaduran diplomaduna

Gabon-sasoia atzean itxi dogu baina gorputzak ez ditu gehiegikeriak parkatzen eta jandako guztia 'ganean' dogu oraindino. Prakak ezin zarratu gabizanean edota alkondarearen botoiak apurtu beharrean daukaguzanean gogoratzen doguz adituen gomendioak: gitxi eta garbi jan, ur asko edan, ez erre, kirola egin... Betiko matrakea, bai, eta beti gogoratzen dogu berandu.


1.- Dietistea, nutrizionistea, endokrinoa... Zein da aditu bakotxaren zeregina?

Berez, dietista-lanbidearen jatorrizko izena dietista-nutrizionista da. Endokrinoa medikua da. Medikuntza ikasi ostean, espezializazinoa egin eta medikuek jarraitu beharreko pausu guztiak jarraitu ditu endokrino izateko. Endokrinoak, elikadurea eta nutrizinoa aztertzeaz gan, osasun-arazo larriagoak be aztertzen ditu, hormona-arazoak gehienetan.

Dietista-nutrizionista garanok dietak egiten doguz. Dietak, hezkuntza nutrizionala eta horrelako kontuak. Endokrinoak ospitalean egiten dau lan, modu klinikoan, eta tartean gaixotasun bat dagoanean joaten dogu berarengana; arazoa, pisuaz gan, beste zeozer danean. Kasu horreetan, normalean, dieteaz gan botikak hartu behar izaten dira eta tartean operazinoak be egon daitekez.

Ikasketaz be, guztiz desbardinak gara. Dietista-nutrizionistok diplomadunak gara, hiru urteko goi-mailako ikasketak egin doguz. Endokrinoa, esan dodan legez, medikua da, Medikuntzea ikasi dau eta, ostean, espezializazinoa eta mediku izateko jarraitu beharreko bidea egin dau.


2.- Aditu horreen itxaron-zerrendek ganezka egiten dabe Gabonen ostean. Sasoi horretan hartutako pisuagaitik ala lehenagoko pisu-arazoen ondorioz joaten da jentea?

Kontsultara joaten dan jenteak lehenagotik izaten ditue arazoak elikadureagaz edota pisuagaz. Ez dabe euren burua ondo ikusten eta, Gabonak ailegaukeran, esaten dabe: 'Gabonak diranez, edozer eta edozelan jango dot, behingoagaitik...'. Norbere gorputzagaz eta pisuagaz gustura dagoanak, Gabonetan gehitxuago edo txartxuago jan arren, ez dau arazorik izango betiko bizimoduari ekiteko eta betiko pisura bueltetako.

Arazoa ez da Gabonetan egiten doguna, arazoa buruan doguna da. Ezta pisu asko edo pisu gitxi izatea be. Buruan dago kontua. Kontsultara etorten diran gehienen arazoa buruan dago ze gehienek gehiegikeriak egin ditue Gabonetan eta, gero, 'urte barri, bizitza barri'. Psikologikoa da. Urte barruan, epe zehatz batzuk dagoz: Gabonen ostean, Aste Santua eta udea hur ikusten doguzanean eta irailean, udako oporretatik bueltan. Epe horreetan, kontsultek ganezka egiten dabe eta, normalean, beti datoz 'bezero' berberak, behin eta barriro. Azken batean, psikologikoa da. Persona askok ez dabe euren burua ondo ikusten, askotan ondo egon arren. Gabonetan, gehiegikeria ugari egiten dira gero dietistearengana joateko atxakiagaz.


3.- Halanda be, askok ez dabe adituengana joten. Ze arrisku dakar medikuaren laguntzinorik barik argaltzen ahalegintzeak?

Kontuan izan behar da zelan egiten dan. Arazoa da dieta bat egiten danean ez dala ikasten. Hezkuntza nutrizionalik barik, galdutako pisua barriro hartuko dogu. Gabonak izan zein ez, dieta bat egiterakoan gure erruak zuzendu behar dira eta hori ez badogu egiten eta ez badogu ikasten zer egiten dogun txarto, gero ezin dogu ondo egin. Hori izaten da, normalean, arazo nagusia eta gorabehera gehien ekarten dituana. Gorputzaren fisiologiak oso txarto hartzen ditu gorabehera horreek eta pisua hartzeak eta galtzeak kalte handia egiten deutso metabolismoari. Behin pisua galdu eta guri jagokun pisua lortzen dogunean, zaintzen ez badakigu, akabo.

Dana dala, gure ikuspuntua, dietista-nutrizionistona, osasun-ikuspuntua da, ez estetikoa. Eta normalean jentea estetikeagaitik etorten da kontsultara, dieta errazak eta arinak topetan. Askotan, hori ezinezkoa da, batez be osasuna mantenidu behar dalako. Ganera, dieta on bat egiteko, gauza asko izan behar dira kontuan, batez be tartean patologiaren bat badago, obesidadea, hipertentsinoa edota kolesterola, berbarako.

Jatekoaz gan, lana, bizimodu-ohiturak, estresa... beste hainbat faktore be izan behar dira kontuan. Ez da bakarrik argaltzea. Dieta bat egitearkoan, argaldu bai, baina zelan? Zenbateraino? Dieta arinek ez ditue faktore horreek kontuan izaten.

Gure kontura argaldu gura dogunean, afariak kentzen doguz, ogia kentzen dogu, entsaladak baino ez doguz jaten... Horrek elikadurearen orekea apurtzen dau. Argaltzeko, oreka hori ezinbestekoa da.


4.- Jateaz gan, edan be asko edaten dogu, ardaoa, cavea... Zelan eragiten deutso alkohol lar edateak gure gorputzari?

Pisuaren ikuspuntutik, alkoholak kaloriak ditu eta kaloria horreek 'extrak' izaten dira. Ogiak baino gehiago loditzen dau. Ogiak, gramo bakotxeko, 4 kilokaloria ditu karbohidratoetan; alkoholak, 7. Ia bikotxa. Ganera, kaloria 'hutsak' dira ze, normalean, karbohidratoak jaterakoan, ogia berbarako, energia hartzen dogu, kaloriak; baina, horrezaz ganera, bitaminak, proteinak... be badaukaz.

Alkohola toxiko bat da eta ia egunero alkohol lar hartzerakoan gure bitaminak gastetan doguz alkohol hori gorputzetik atarateko. Alkoholaren metabolismoak bitamina batzuk behar ditu toxiko hori neutralizau eta gorputzetik botateko. Lan hori gibelak egiten dau. Orduan, gure bitaminen beharrak handitu egiten dira, baina alkohola edaten dogunean, normalean ez dogu goserik izaten eta beharrezko bitamina horreek ez doguz hartzen.

Hori bai, jatorduan ardaotxu bat edatea, bat, ez bi, ez da bape txarra. Baltza izan behar da, ez zuria ez gorria. Ardao baltzak, alkoholaz gan, gorputzarentzat onuragarriak diran beste elementu batzuk be baditu.


5.- Jai egun horreetan, eta horreetatik kanpo be, bizimodu sedentarioa egiten dau biztanleriaren gehiengoak. Zenbaterainoko gar
rantzia dauka kirola modu erregularrean egiteak?

Oso garrantzitsua da gure gorputzaren fisiologia eta metabolismoa mantentzeko. Metabolismoak erritmo bat izan behar dau, katabolismoaren eta anabolismoaren arteko orekea mantendu behar da. Katabolismoagaz, energia gastau egiten dogu; anabolismoagaz, elikagaiei esker, nutrienteak eta energia eskuratzen doguz barriro. Erritmo horrek gorputza osasuntsu mantentzen dau eta ez badogu kirolik egiten, orekea apurtu egiten da.

Gorputzean beti izaten doguz gauza barriak baina hildako zelulak be badagoz eta, kirolari esker, behar ez dogun hori kanporatzen dogu.

Kirolari buruz berba egiten dogunean, igeriketea, bizikletea, mendira osteratxuak egitea... kontuan hartzen dira. Dendarik-denda edota paseoan ibiltea ez da kirola.

Kirola gorputza erritmo konstante batean eta denpora tarte batean gorputza mogidutea da. Onena 30-40 minutuz egitea da, beti be kirol aktiboa. Hasieran, lehenengo 30 minutuetan, muskuluetako energia gastetan da, baina ez koipea. Ordu erditik gora egin ezkero, koipea gastauko dogu.

Bestalde, goi-mailako kirolariek dieta berezia jarraitu behar dabe, orekea mantentzeko.


6.- Asmo onez hasitako dietak, askotan, ezerezean geratzen dira. Ze bide erabilten dozuez adituok bezeroak 'animetako'?

Normalean, bezeroa kontsultara etorri eta laster konturatzen zara zelakoa dan eta zelan dagoan. Emaitzak oso arin gura dabenek dietea be oso arin ixten dabe, pazientzia gitxi dabelako. Bestalde, pisua kentzeagaitik baino, kolesterola edo beste arazoren bategaitik dietea egin behar dabenak konstanteagoak dira eta hobeto egiten dabe.

Onena bezeroagaz berba egitea da eta emaitzei, txikiak izan arren, garrantzia emotea. Euren esfortzua eta lana goraipatu behar da eta, askotan, dietista-nutrizionisteak 'talde-lana' dala sinistarazo behar deutso, adituaren eta bezeroaren arteko lana. Holan, bezeroa ez da bakarrik sentiduten. Adituaren lana dieta egokia preparetea da eta, bezeroaren lana, dieta hori jarraitzea.

Psikologia apur bat erabili behar da. Behin eta barriro kontsultara etorten diran horreek, dieteaz gan, beste laguntzino bat be behar izaten dabe, psikologia arlokoa. Baina gauza bera pasetan da erreteari ixteagaz, kirola erregulartasunez egitean... Oso gatxa da. Dietak eta horrelakoak norberak gura dauelako egin behar dira, ez egin behar diralako edota behartuta.

Adinaren arabera be, gauzak asko aldatzen dira. Gaztetan, emoitzak lehenago igarten dira baina, edadean aurrera egin ahala, gatxagoa da pisua kentzea.


7.- Kontsultan, emakumezkoak ala gizonezkoak dira nagusi?

Emakumezkoak. Gizonezkoak be etorten dira, baina emakumezkoak gehiago dira. Gizonezkoak, normalean, obesidade arazoakaz etorten dira eta, egia esateko, orokorrean, dietea emakumezkoek baino hobeto beteten dabe.


8.- Beharrarrezkoa da botikak hartzea argaltzeko?

Ez. Ez. Ez da beharrezkoa. Arazoa pisua baino ez bada, ez. Obesidade arazo larriak edota osasun-arazoak badagoz tartean, baleiteke. Baina pisua galtzeko baino ez bada, ez.

Argaltzeko, ondo jan behar da. Hori da bide bakarra, gauzak ondo egitea, orekea mantenidutea. Persona asko, ondo jaten, argaldu egiten dira ze, askotan, organizazino faltea izaten da gehiegizko pisuaren arrazoia, gaur ez afaltzea, bihar armozurik ez jatea... Horregaitik, argaltzeko ez da ezelako botikarik behar. Ondo jan behar da; ordutegiak errespetau; jatordu bakotxean lehenengo, bigarren eta hirugarren platera jan; egunean bost otordu egin... Hau da, gauzak ondo egin behar dira. Eta Koka-Kolea itxi.


9.- Oraintsu argitaratutako ikerketa baten arabera, egunean bost edo sei fruta eta barazki jan ezkero, ariketa fisikoa egin ezkero, tabakorik erre barik eta alkohol gitxi edanda, 14 urte gehiago biziteko aukerea dago.
Bat zatoz horregaz?

Bai, erabat.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu