Amatau jaku Sara etxeko emakume ona

Henrike Knorr Bizkaie K Moldatua 2008-01-11 14:25

Pilar, emakume argia izateaz gan, alaia izan da guztientzat, eta lanerako beti prest. Etxe haretan hilebete biziteko subertea izan dot (1970ean) eta lekuko naz. Goizeko 6etan jagiten zan Jose Miguel Barandiaran, lanari ekiteko, eta ez askoz geroago ilobea be.

Urtats egunean, isilik, bakez, hil zan Ataungo bere etxean Pilar Barandiaran, 96 urtegaz. Hilerrian datza orain bere osaba Jose Miguelen ondoan, biek nahi eben legez.

1936ko gerra piztu zanean, Debako Urtiaga lezea eben lantoki Aranzadi, Eguren eta Barandiaranek. ‘Los tres tristes trogloditas’ izentau zituan kazetalari batek umorez; umorez baina okerrez. Hiru ziran, bai, baina ez tristeak ezta trogloditak be (lezean ez baitziran bizi).

Barandiaranek Lapurdira iges egin eban orduan, zer egin ez ekiala. Behin baino gehiagotan emon eutsen aditzera Gasteizko apaizgaitegiko agintari barriei Gasteiza itzuli nahi ebala. Hareek, barriz: ‘Deituko zaitugu’. Ez eben hori sekula egin.

Bizitoki bila ibili zan Barandiaran. Baionako apaizgaitegia eta Belokeko monasterioa izan ziran, besteak beste, aldi baterako haren aterpeak. Azkenean, Saran topau eban etxea, Ibarsoroberria. Eta han egokitu zan 1940ko zemendian, Pilar ilobeagaz. Barandiaran Fundazinoak aurten argitaratuko dauen egunkariaren bigarren liburukian hau irakurten dogu: ‘Me traslado a Sara con mi sobrina Pilar. Nos instalamos en la casa Ibarsoroberria. Pensamos residir en adelante en este pintoresco pueblo. El traslado de los muebles en autocamión me ha costado 350 francos. En Sara me esperaba D. Bernardo de Aurkia, quien me ha gestionado el logro de la casa. Es ésta de una familia belga que pasa el invierno en Bélgica, y que, según suponen D. Bernardo de Aurkia y los encargados de cuidar dicha casa (no se puede comunicar por correo con Bélgica), se verá contenta de que yo la ocupe. Esta casa es de la novelista belga Mme. France Adine’. Aurkia hori gipuzkoar apaiz bat izan zan. Esan beharrik ez da, II. Mundu Gerra hasia zan eta Belgika naziek okupatua egoan.

Mende erdi bizi izan zan Pilar osabeagaz. Saran lehenengo eta Ataunen gero, 1953az gero, jakintsua 1991n hil zan arte. Etxeko lanak eginez bakarrik? Ezelan be. Egunkariak nahikoa garbi dakar. Osabeagaz sarri joaten zan hona eta hara, etxe batera eta bestera, sarri nor bere motoan. Eta beti zubigile lanean, hainbeste eta hainbeste dei eta bisita antolatzen. Ez baitziran bat edo bi. Hara zer idatzi eban Barandiarenek 1948 urte amaieran: ‘1948 urtean 215 otordu emon doguz gure etxean, etorri jakuzan adiskide eta arrotzai’. Axularrek Etxauz Baionako apezpikuaz dinoana esan daiteke zinez Barandiaranez eta haren ilobaz: ‘Zure etxea […] betibe izatu da euskaldunen etxea, pausalekua eta portua’.

Osabeak ez bezela, ilobeak baeban Atauna joatea. Barriak ez ziran beti gozoak, jakina. Hara 1940ko irailean osabeak bere egunkarian idatzia: ‘Vuelve de Ataun la sobrina Pilar. Noticias poco tranquilizadoras de aquel lado: muchos odios, mucha escasez de víveres, mucha carestía, jornales bajos, poco trabajo: son las consecuencias de la guerra. La gente descontenta con la situación política actual’.

Ataungo etxe barria egitean be parte handia izan eban Pilarrek: lurra erosi, langileakaz berba egin, planaren arabera lana beteten ari zanentz ikusi… 1950ean aitatzen da lehenengo aldiz etxea eregiteko asmoa, eta zama handiena Pilarrek eroan eban. Sara emon eutson izena Barandiaranek, aterpe-herriaren oroigarri, baina lehen pentsau eban izena ez zan hori izan, Ikaste(g)i baino.

Pilar, emakume argia izateaz gan, alaia izan da guztientzat, eta lanerako beti prest. Etxe haretan hilebete biziteko subertea izan dot (1970ean) eta lekuko naz. Goizeko 6etan jagiten zan Jose Miguel Barandiaran, lanari ekiteko, eta ez askoz geroago ilobea be.

2006ko zemendiaren batean egin jakon Pilar Barandiarani omenaldia, eta Juan Gorriti zizelkariaren lan bat eskaini. Pilarren gogoa nahikoa lausotua egoan orduko. Urtebete eta zerbaixka gehiago bizi izan da. Bizi daitela orain guztion oroitzapenean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu