XX. Kosta Trailek kirol inklusiboko erreferente bi batuko ditu lehen aldiz

Bizkaie! 2026-05-28 12:54   Kirola

Pol Makuri eta Maria Petit.

Kosta Trailek kirolaren, naturearen, inklusinoaren eta alkartasunaren arteko topagune bihurtuko ditu barriro Uribe Kostako itsaslabarrak. Proba enblematiko honen hogeigarren edizinoa bagilaren 21ean izango da eta kirol inklusiboaren erreferente bik hartuko dabe parte lehenengo aldiz: Maria Petite trail korrikalari eta mendizale itsuak eta Pol Makuri atleta paralinpikoak.

Profil eta parte-hartze maila desbardinetara egokitutako hiru modalidade izango ditu: Mendi Maratoi Erdia (21 km): Sarrerak agortuta; Mendi Martxea (20 km); eta Familia Martxea (7 km).

Maria Petitek debuta egingo dau Kosta Trailen

Aurtengo barrikuntza nagusia ikusmen urritasuna dauen Maria Petit kirolari espainiarrak lehen aldiz parte-hartzea izango da. Trail korrikalari eta mendizaleak bat egin dau Kosta Trailegaz, mendiko kirol egokituaren erreferente baita. Eskakizun fisiko eta tekniko handiko probetan ohikoa, Petitek hainbat erronka bete ditu, besteak beste, UTMBren MCC, Half Transgrancanaria edo Salomon Mitja Pirineu.

Kirol lorpenetatik harago, María Petit kirola, aniztasuna gainditzeari, inklusinoari eta ikusgaitasunari lotuta ulertzeko modu bat da. Trail running-aren eta mendiaren bidez, aire zabaleko kirolaren begirada anitzagoa eta irisgarriagoa aldarrikatzen dauen ahots inspiratzailea da.

Proban, Salomon Foundationek bultzatutako Enforma Inspira proiektuari lotutako gidari bigaz ibiliko dira, kirolaren eta prestakuntzearen bidez tutoretzapean dagozan eta egon diran gazteen gizarteratzea sustatzen dauen ekimena.

Pol Makuri hirugarren urtez jarraian bueltauko da

Maria Petitegaz batera, Pol Makurik be hartuko dau parte proban, hirugarren urtez jarraian. Atleta paralinpikoa probako figura ezagunenetakoa bihurtu da dagoeneko, eta edizinoz edizino indartu egin dau ekitaldiak inklusinoagaz eta kirol irisgarriagaz dauen konpromisoa.

Makurik Kosta Trail proban dituan erregistro onenen artean, Mendi Maratoi Erdiko 01:49:17ko denporea nabarmentzen da, bere desnibel eta zaltasun teknikoakaitik oso zorrotza izan zan etapan top 20etik gertu geratzea lortu eban markea.

María Petitek eta Pol Makurik batera parte-hartzeak Kosta Trail definiduten daben gainditze, aniztasun eta integrazino-balioei lotutako edizinoaren izaera inklusiboa indartuko dau

Kirola, alkartasuna eta jasangarritasuna

Izena emoteko aukerea egon zanetik upealako izan da harrerea eta Kosta Trailek zabalik ditu Mendi Martxarako (20 km) eta Familia Martxarako (7 km) plazak. Modalidade bi horreek itsasoaren ondoan
ingurune pribilegiatuan kirolaz eta naturaz gozetako dagoz diseinauta.

Modalidade bietan izena emoteko epea bagilaren 20ra arte edo dorsalak amaitu arte egongo da zabalik www.kostatrail.com webgunearen bidez.

Kirolaren dimensinoaz gan, Kosta Trailek konpromiso sozial eta solidario handia dauka hasieratik. Izen-emoteen bidez batutakoaren zati bat GaituzSport Fundazinora bideratuko da, desgaitasuna daben eta ez daben personen artean jarduera fisikoa eta kirola baldintza bardinetan egitea bultzatzen dauen horretara.

Horrezaz gan, Kosta Trailek jasangarritasunaren aldeko jarrerea indartzen jarraituko dau, plastikoen erabilerea murriztuz, parte-hartzaileen artean ohitura arduratsuak sustatuz eta material
berrerabilgarriak eta konpostagarriak erabiliz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu