Hamaika Bertute. Lehen urteurrena

Bizkaie! 2008-01-10 10:56   Bertsolaritzea

Hamaika Bertute proiektuak urtebete bete dau honezkero: 50 bertsolari plazarik plaza eta 170 saiotik gora izan dira Euskal Herriko hainbat txokotan. Urteurrena ospatzeko goizeko 11:00etan hasiko dan egun osoko jaia antolatu dabe urtarrilaren 12rako, Durangon.

Hamaika Bertute proiektuak urtebete bete dau honezkero: 50 bertsolari plazarik plaza eta 170 saiotik gora izan dira Euskal Herriko hainbat txokotan. Urteurrena ospatzeko goizeko 11:00etan hasiko dan egun osoko jaia antolatu dabe urtarrilaren 12rako, Durangon. Egun honen helburua Hamaika Bertute izenpean antolatutako ekimenaren lehen urteurrena ospatzea da, eta bide hau egin dabenakaz eta egingo dabenakaz egun ederra igarotzea.


Lehen urteurreneko egitaraua

11:00-14:00: Hamaiketakoa Durangoko Plateruenean, eta ondoren bertso triki poteoa Durangoko kaleetan zehar. Poteoa bazkaltzeko ordura arte egingo da.
14:00-18:00: Bertso-bazkaria Durangoko Plateruenean. Hamaika Bertuteko gai-jartzaile taldea arduratuko da bertso bazkaria ezustez beteteaz. Bat-bateko bertso mordoa ez eze bertso musikatuak be entzungo ditue hurreratzen diranek.


Urtebete lanean

2007ko urtarrilaren 13an sortu zan Hamaika Bertute. Egun haretan egin zan lehen Hamaika Bertute eguna Donostian. Dana dala, proiektua mamitzen urtebete lehenago hasi ziran bertsogintzan buru-belarri ebilzan lagunak.

Hogeita hamar bertsolarigaz eta bi gai-jartzailegaz hasi zan proiektua eta gaur egun 44 bertsolari eta 3 gai-jartzaile dabilz. Hasiera-hasieratik proiektua edegia izan da, eta holan izaten jarraitzen dau. Bertsotan fundamentuz egiten dauen edonork hartu leike parte proiektuan lan egiteko gogoz baldin badator.

Bertsolari eta gai-jartzaile horreek Euskal Herriko herrialde guztietakoak dira kasik. Izan be, Hamaika Bertuteko kide gehienak gipuzkoarrak eta bizkaitarrak badira be, taldean kide nafarrak, lapurtarrak eta arabarrak be badira.

Saio barri mordoa sortu da Hamaika Bertuteri esker. Antolatzaileei kontaktu bideak erraztu egin jakez eta asko animau dira lehen aldiz bertso-saio bat antolatzera. Itxita egozan zenbait plaza be berreskuratu dira.

Gipuzkoan izan dira plazarik gehienak baina datozen urteei begira beste probintziatara zabaltzea da asmoa.


Balorazinoa

Hamabi hilebeteko ibilbidean, danetara, 170 saiotik gora izan dira eta zeozelan Hamaika Bertutek bertso espazio bat bete dau. Orain arteko Euskal Herriko bertsogintzan txertatzen asmau dau proiektuak.

Egindako saioen kalidadeari jagokonez, helburua kalidadezko tratu bat eskatzearen trukean, kalidadezko saioak eskaintzea zan. Salbuespenak salbuespen, helburua bete da.

‘Gure plazako ibilbidean, azpimarratzekoa da ez garala saio mueta batera mugatu. Mueta guztietako saioak egiteko prestutatsuna izan dogu, eta dogu orain be. Saio gehienak lagunarteko saioak izan badira be (bertso poteo, tabernetako saioak, bertso bazkari edo afariak...) bestelako plazetan ibili gara: bertso jaialdi, egun pasa, mendi urteeretako saio batzuk...

Hainbat ekimen berezitan be parte hartu dogu. Berbarako, Herri Irratian Mikel Markezek zuzentzen dauen saioan bi hilebetez astero ordu erdiko bertso saioak egin doguz (poesia gaitzat hartuz, gai orokor baten inguruan kantatuz, kantuak gaitzat hartuz, librean...). Ikastetxeetan be bertso saio pedagogikoak egin doguz. Azkenik, bitan izan gara Katalunian, Bartzelonan hain zuzen, bertako Euskal Etxearen eta euskalzaleen saioetan parte hartuz.

Kuban be kantau dogu, bertako Euskal Etxeak antolatutako bertso saio batean. Saio berezi hau Kubako dezimistakaz hartu-emonak ezartzeko balio izan dauen altxorra izan da’.

Bertsolariek alkar ezagutu izana, talde dinamika bat sortu izana eta proiektu komun baten inguruan batzea lorpen garrantzitsua izan da. Hamaika Bertute autogestinoaren bidez aurrera doan proiektua da, ‘eta danok egin dogu, ahal genduan neurrian, gure ekarpentxua proiektua aurrera eroateko. Era horretara, geuk kudeatu dogu telefonoa, antolatzaileakaz hartu-emonak, webgunea...

Igaz proiektua abiatu genduanean, ezezagun handi bat geunkan parean, intuizinoetan oinarritzen ginan. Urtebete beranduago, jaubetu gara hasieran pentsetan genduana beteteko pausuak emon doguzala, eta bertsogintzaz harago be joateko dinamikea dagoala.

Proposamen barria be badogu, udan esperimentau dogun Bertso Desafioa, hain zuzen be. Bi bertsolariko bi talde aurrez aurre ariko dira bertsotan. Entzuleak izentauko dau irabazlea eta orduan, irabazleak, lau bertsolarientzat aurreikusia zan dieta eskuratuko dau. Ekimen honen helburua, lagun giro batean publikoa be saioko parte-hartzaile bihurtzea da. Lehia baino, ikuslearen parte hartzea sustatzea da asmoa’.


www.hamaikabertute.net

Bertsolaritzea eta teknologia barriak eskutik doaz aspaldian. Hamaika Bertute be ez dago horreetatik aparte. Bi funtzino ditu webguneak: batetik, proiektuaren eskaparatea da; eta bestetik, bertsolaritzea gustuko dauenarentzat tresna bat be bada. Hona hemen eskaintzen dauenaren laburpen bat: argazkiak, printzipioen deklarazinoa, saioen agenda, saioen kronikak, kideen bertso-paper biltegia, bertsolaritzearen inguruko gogoetak...


Hamaika Bertute

Oinarriak

Taldera batutako bertsolari, gai-emoile eta ganerakoak bertsogintzan jarduteko gogotsu dagoz. Proiektu hau gogo horri urtenbidea emoteko modu bat da. Badira Euskal Herrian gogo hori bera daben bertsolari gehiago eta, horregaitik, ateak zabalik dituan taldea da.

‘Hamaika Bertuteko kideok bertso-saioak antolatzeko baliabide urriak dituen antolatzaile potentzialei bertso-saioak antolatzeko aukerea eskaini gura deutsegu: mobimentu sozialak (gaztetxe, gazte asanblada, elkarte...), lagun koadrila, soziedade gastronomiko, auzoetako festa…

Autoeraketa eta autogestinoadira Hamaika Bertuten batu gaituen kideon oinarriak.


Funtzionamendua

Hamaika Bertuteren eskuko telefonora deitu beharko dabe antolatzaileek bertso saioa antolatzeko. ‘Geu arduratuko gara bertsolariak lotzeaz eta antolatzaileari izenak jakinarazoteaz’.

Bertsolari bakotxarentzako bidaia gastuak pagetako besteko dietea asumiduko dabe antolatzaileek eta baita bertako gastuak be (bertso-afari/bazkarietan afaria edo bazkaria, saioko tragoak…).

Hamaika Bertuteko partaideek proiektu honen bitartez egiten dituen saio kopuruaren arteko desorekarik egon ez daiten antolatzaileak ez ditu bertsolariak aukeratuko. Antolatzaileak aukerea izango dau, jakina, gustuko dituan bertsolariak ekartea proposatzeko eta kontuan hartuko da hori. Halan da be, Hamaika Betutek erabagko da saiora joango diran bertsolariak zeintzuk izango diran. Holan, partaideek antzeko saio kopurua egitea lortu nahi da.


Baldintzak

Saioetan bertsoa duintasunez eskaintzeko honako baldintzak eskatzen doguz: saioaren protagonistea bertsoa izatea, jendea entzuteko prest egotea, saioaren propagandaz antolatzaileak arduratzea, persona bat arduratzea bertsolariei harrerea egiteaz eta megafonia eta bestelako baliabideak eskuratzeaz antolatzaileak arduratzea.


Hartu-emonetarako

- Prentsa eta antolatzaileentzat, Hamaika Bertuteren telefonoa: 692715744
- Helbide elektronikoa: hamaikabertute@gmail.com
- Webgunea: www.hamaikabertute.net

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu