Eñaut Elorrieta: 'itxaropenari abesten deutsagu'

Bizkaie! 2008-01-04 13:52   Barriketan
Ken Zazpi taldeko abeslaria

Honezkero, neguan gagoz eta udagoieneko musika-nobedade danak aurkeztuta dagoz. Oihuka diskoetxeak atara dauen azken lanak, azkena izan arren be, zeresan handia izan dau Durangoko Azokan eta 15.000 ale baino gehiago saldu dira. Ken Zazpi taldearen Argiak diskoak, taldearen laugarrenak, esperantzarako izpiak biztu gura ditu sasoi ilunotan.

Eñaut Elorrieta, Igor Artzanegi, Jon Fresko, Iñaki Zabaleta, Beñat Serna eta Jon Mikel Arronategi taldekideak pozik dagoz egindako lanagaz eta baita Angel Valdés musika-eragilea be. 'Euren kantek oso zuzenean egiten deutsie berba personeari; ganera, identidade kulturala dabe. Ken Zazpik oso modu zuzenean egiten deutsie berba euskal gazteei', dino Valdések. Taldekideek dinoena jarraian irakurriko dozue.


1.- Argiak. Zer adierazo gura dozue izenburu horregaz?

Eñaut Elorrieta: Argiak da diskoaren izenburua eta uste dot oso ondo laburbiltzen dauela, zeozelan, diskoa konposatzerakoan eta kantak egiterakoan erabili dogun filosofia. Argiak guretzako indarrak dira, ilusinoak dira, amesak dira, esperantzea... Azken batean, itxaropenari abesten deutsagu, itxaropena dabe ardatz diskoa osotzen daben hamabi kantek, ikuspuntu desbardinetatik bada be. Gure aldetik, behintzat, argi baino laino gehiago bizi doguzan garaiotan, gure aportazino xumea da disko hau.


2.- Zelakoa izan da grabazino prozesua?

Beñat Serna: 2006ko abuztuaren 6an azken kontzertua emon genduan eta buru-belarri sartu ginan disko barriagaz. Inoiz baino ideia gehiago izan doguz abestiak egiterako orduan eta akustikoan ataratako diskoak zeresan handia izan eban horretan, gauza asko ikusi genduzan sasoi hartan. Abestiei emon beharreko ikuspuntu desbardinek eragin zuzena izan dabe disko honetako kantak egiterako orduan. Saiatu gara lehenengo eta bigarren diskoko freskotasuna eta indarra be jasoten. Ideia piloa izan dogu eta, danetara, 30 bat ideia izan genduzan eta abesti osoak 25 bat bai. Hortik aukeratu egin behar ziran, hamabi hain zuzen be. Bidean batzuk ixteak min emon euskun baina ezin zan besterik egin. Kantak hartu eta estudioan sartu ginan. Bertan lanean hasi ginanean, zeozer desbardina izan da. Orain arte, ohituta egon gara estudioan abesti konkretu batzukaz lan egitera, grabau eta etxera. Baina, oraingoan, prozesua desbardina izan da. Rafa Sardinak bere ikuspuntua eskaini deusku eta abesti batzuk beste era batera atontzen lagundu deusku. Horregaitik, prozesua luzeagoa izan da, landuagoa. Tartean, berbarako, Nere lurrari abestia dago. Ez egoan oso argi diskoan jasoko genduan ala ez baina estudioan bertan erabagi genduan baietz eta aurrera ekin geuntson.


3.- Nahasketak Estadu Batuetan egin dozue...

Beñat Serna: Bai, Los Angelesera joan ginan nahasketak egitera eta esperientzia benetan zoragarria izan da. Gu oso gustura geratu gara, barriro biziteko moduko esperientzia bizi izan dogu eta emoitzea diskoan bertan igarten da.

Eñaut Elorrieta: Esperientzia bikaina izan da. Sardinaren ibilbide profesionala eta curriculuma kontuan hartuta, guretzat oso aberasgarria izan da beragaz lan egin ahal izatea, bai maila profesionalean zein personalean. Asko ikasi dogu beragaz eta bere ikuspuntuak kalidadea emon deutsie gure kantei. Sardina orain dala 17 urte joan zan Estadu Batuetara eta hemengo eragin gitxiago dauka. Horregaitik, kanta bakotxa objektibotasunez aztertzen dau, hotzago.


4.- Entzule arruntok parte hartze hori igarriko dogu?

Eñaut Elorrieta: Rafagaz, hasiera-hasieratik argi geratu zan, taldearen identidadea eta nortasunari eutsita, bere esperientzia eskainiko euskula. Kasu horretan, nik uste dot holan izan dala. Soinu aldetik, duda barik, bere teknikeak emoitzak izan ditu eta igarriko da. Grabau, Donostian grabau genduan. Los Angelesen nahastau egin dogu. Hori, taldearentzako, esperientzia aberasgarria izan da. Eta maila personalean, zelan ez, baita.

Baina, azkenean, inportanteena, duda barik, kantak dira. Eta zuek kantak entzungo dozuez eta kanta horreek entzukeran zer sentiduten dozuen zeuok azaldu behar dozue. Produkzino honen guztiaren atzean eta esperientzia garrantzitsu honen atzean, azkenean, kantak geratzen dira. Gu kantakaz gagoz, batez be, oso ziur, gustura eta harro.


5.- Musikeaz gan, Ken Zazpiren berbak beti izan dira garrantzitsuak. Ze nobedade topau daiteke disko honetan?

Eñaut Elorrieta: Letrak geuk egin doguz danak. Halanda be, tartean kolaborazino garrantzitsu bat dago, Joseba Sarrionaindiarena. Letra bi sartu doguz berarenak, bata diskoko azken kantea, Gaueko argiak eta bestea Gernikan. Sarrionaindiak oso ondo islatzen dau kanta horreetan diskoaren Argiak izenburu hori.

Aurten bete da gure herriaren, Gernikaren bonbardaketearen 70. urteurrena eta zeozelan memoria hori eta Picassoren koadroak era mutu batean erakusten dauen sufrimentu hori kanta egin gura izan dogu zeozelan. Josebaren berbek oso ondo islatzen dabe egun horretan jazotako egoera gordina eta kantea bera arte-obra bat dala uste dot. Guk, musikearen bidez, sufrimentu hori adierazo dogu.


6.- Zelakoa izan da diskoa preparetan hasi eta orain arteko ibilbidea?

Mikel Arronategi: Gelditu denbora akustikotik urten ostean, taldeak disko elektriko barria preparau behar eban, aurreko diskoen bidea hartuta. Urte luze horretan, ez dogu oso argi izan nondik jo. Batetik, diskoa egiteko eta, bestetik, Rafagaz behar egitea be barria zan guretzat, inoiz ez dogulako produktore bategaz lan egin. Disko honetan, kantak gureak izaten jarraitzen dabe ze, benetan, ez dakigu Rafa produktorea ala laguna izan dan. Fedea geunkan bere lanean eta azkenera arte egon gara beragaz. Pozik geratu gara produkzinoagaz eta danagaz.


7.- Ken Zazpi zuzeneko taldea dala esan daiteke?

Mikel Arronategi: Jentaurrean jo barik urtebete baino gehiago egon ostean, abenduaren 8an Durangoko Plateruena Kafe Antzokian estreinau genduan lan barria. Ostean, Tolosan eta Elizondon izan gara. Urtarrilaren 29an, Bilboko Arriaga Antzokian joko dogu eta zezeilaren 9an, Donostiako Kursaal Aretoan. Maiatzera arte aretoetan joko dogu, disko akustikoagaz egin genduan legez. Maiatzetik aurrera, herririk herri ibiliko gara zuzeneko kontzertuakaz.

Eñaut Elorrieta: Disko honetan, aurreko diskoek emondako esperientzia batzea lortu dogu, baita zuzenekoek emondako esperientzia be. Kantek lehenengo diskoko freskotasuna dabe, baita bigarren diskoko indarra eta kontundentzia eta, azkenik, akustikoak zabaldu euskuzan bide barrien eragina be. Diskoan, orain arteko esperientzia batzea lortu dogula uste dot.

Taldeak disko bakotxa erronka moduan hartzen dau, ez gara lortu doguzan gauza horreekaz konformetan dan talde bat, arriskatu egiten dogu. Lehenengo diskoan arriskatu genduan eta akustikoan argi eta garbi geratzen da hori. Ez gara geratzen funtzionau deuskuen formuletan. Esangura horretan, talde bizi bat gara eta, diskorik diskora be, taldekide bakotxaren garapena eta eboluzinoa be islatzen da, talde bizi bat gara. Horregaitik azpimarratu gura dot arriskatu egiten dauen taldea garela, bizirik dagoan taldea. Akaso, disko honetan horreek danak ikusten dira baina disko hau pausu bat gehiago baino ez da, gure bidean emon dogun beste pausu bat eta ilusinoz beterik gagoz.

Gure hurrengo erronkea, argi eta garbi, zuzenekoak dira. Diskoa amaitu genduanetik, buru-belarri izan gara zuzenekoak preparetan. Guri, benetan, zuzenekoak gustetan jakuz, publikoagaz lotura zuzen horrek beteten gaitu.


8.- Zergaitik diskoetxe aldaketea? Oso lan potoloa zalako, akaso?

Eñaut Elorrieta: Hiru disko grabau doguz Gor-egaz. Ibilbide ahaztezina izan da, oparoa, alkarregaz egin doguna. Orain, beste etapa bat hasi dogu eta lehenago be aitatu dot taldeari erronka barriak gustetan jakozala eta arriskua hartzen dauen taldea garela. Esangura horretan, orain beste etapa bat hasi dogu. Baina duda barik gure eskerrona eskaintzen deutsagu orain arte gure ibilbide ahaztezinean bidaide izan doguzanei. Betiko barruan gordeko doguz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu