Euskerearen bilakaerearen barri emongo dauen bildumako ale bi argitaratuko ditue
2007-12-26 13:27 Euskerea berbagaiEusko Jaurlaritzeak 'Euskaraz mintzagai' liburu bilduma barria eta sarean ikusgai jarriko dan 'Euskara mintzagai: usteak eta iritziak' saila aurkeztuko ditu bihar, abenduak 27, Donostiako egoitzan.
Eusko Jaurlaritzeak 'Euskaraz mintzagai' liburu bilduma barria eta sarean ikusgai jarriko dan 'Euskara mintzagai: usteak eta iritziak' saila aurkeztuko ditu Donostiako egoitzan. Argitara emondako bildumako lehenengo lan biak 'Euskararen geografia historikoa' (Labayru) eta 'Ahozko hitzetatik idatzietara: ikasi eta jardun' (UEU) dira.
'Euskararen geografia historikoa' lanaren egileak Adolfo Arejita, Ander Manterola eta Segundo Oar-Arteta izan dira. Labayru Ikastegiaren eskutik datorren ikerlanak euskereak menderik mende bizi izandako gorabeherak azaltzen ditu, euskerearen mapak zeintzuk izan diran irudikatuta. Munduko hizkuntza zaharrenetakoak kanpotik etorritako eraginei zelan eutsi deutsien, zelan asmau dauen bizirik jarraitzen ikasi ahal izango da.
Bestalde, 'Ahozko hitzetatik idatzietara: ikasi eta jardun' Ana Eizagirrek atondu dauen ikerlanak euskeraz irakurri eta idazten ikasteko aukeren bilakaerea dau aztergai. XIX. Mendean hasi eta gaur egunera arte, euskaldunak ze baliabide izan dituan eskura aztertu ahal izango da.
Gazteek osotutako taldea gogoan eta belaunaldiz belaunaldi euskerearen ibilbidea erakusteko, antxinatik hasi eta gaur egunera arte, euskerearen bilakaerearen barri emongo dauen bildumea da. Bildumako lehenengo bi emoitzen sortze-prozesurako Labayru Ikastegia eta Udako Euskal Unibersidadearen (UEU) partaidetzea bideratu dau Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak, Euskerea Sustatzeko Zuzendaritzearen bitartez.
Euskerearen bilakaerearen barri emongo dauen bildumea batez be B eta D ereduetako 14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, Euskal Herria eta bakotxaren burua hobeto ezagutzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik azaldu dabenez.
Liburuok euskereak denporan bizi izan dauen bilakaerea azalduko dabe eta, bide batez, euskerearen unibersoak batzen dituan edozelako ondasun adierazpideak, hizkuntza eta herriaren hartu-emonak islatzen dituenak.
Bildumea testu eta irudiz osotua izango da eta dibulgazino izaerea izango dau. Gehienera be, amaitutako produktuak 70 orrialdekoak izango dira eta, berbakereari jagokonez, teknizismoetatik urrunduta, beti be jatorra izango da.
Sarean, www.euskara.euskadi.net webgunean sail berezia eskaini jako 'Euskara Mintzagai' bildumeari. Inprimidutako bertsinoak Interneterako sarrerea izango dau eta papelean azaldutako edukiak modu elektronikoan be eskainiko dira. Ataria lehen bi emoitzakaz zabaldu da.
Aurkezpena 10:30ean hasiko da eta bertan izango dira, Eusko Jaurlaritzearen aldetik, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Miren Dobaran Euskera Sustatzeko zuzendaria; eta baita Adolfo Arejita Labayru Ikastegiko zuzendariordea eta Lore Erriondo UEUko zuzendaria be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!