‘Euskaraz bai’

Bizkaie! 2007-12-19 17:27   Euskerea berbagai

‘Adierazpen honegaz bat egiteko eskaerea luzatu nahi deutsegu Euskal Herriko eragile guztiei, ‘Euskaraz bai’ esatea eta egitea danon erantzukizuna dalako’, azaldu dau Xabier Mendigurenek.

Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 10. urteurrena ospatu dau bart Bilboko Euskalduna Jauregian eragile sozial, ekonomiko eta administratiboakaz, euskalgintzako kideakaz eta Kontseiluaren laguntzaileakaz.

Ekitaldian ‘Euskaraz bai’ adierazpena aurkeztu dau Kontseiluko idazkari nagusiak. Euskerearen egoerea eta etorkizuneko erronkak jaso ditue adierazpen horretan. ‘Adierazpen honegaz bat egiteko eskaerea luzatu nahi deutsegu Euskal Herriko eragile guztiei, ‘Euskaraz bai’ esatea eta egitea danon erantzukizuna dalako’, azaldu dau Xabier Mendigurenek.

Era berean, Kontseiluko zuzendaritzearen izenean Elkar erakundeko ordezkari Mikel Arrizabalagak, eta Elhuyar Aholkularitzako Agurtzane Loidik berba egin dabe. ‘Hamar urteotan Kontseiluak egindakoak zenbatzeko bi eskuetako atzamarrak baino gehiago behar doguz baina esanguratsuenak aitatzekotan Bai Euskarari Ziurtagiria eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia nabarmenduko doguz’, adierazo dabe. Ganera, euskerearen normalizazinoaren bideari ‘gogotsu’ ekingo deutsela agindu dabe, ‘horretarako, bidelagunak behar doguz, ‘Euskaraz bai’ ozen esateko zure ahotsa behar dogu’.

Ekitaldian ‘Kontseiluak 10 urte’ ikus-entzunezkoa aurkeztu dabe. Bideo horren bidez, Kontseiluaren sorrerea eta gaur egungo egoerea azaldu dabe hainbat ordezkarik. Sorrereari buruzko azalpenak emoteko Iñaki Zabaleta eta Laura Mintegiren berbak batu ditue. Zabaletak eta Mintegik ‘Euskararen Unibertsoa’ jardunaldiak ekarri ditue gogora. Euskalgintzeak jasotako erasoak gogorarazoteko Joan Mari Torrealdaik ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren itxierearen ostean gizarteak egindako manifestazinoa azaldu dau.

Lan-munduaren euskalduntzea be agiri da bideoan eta Pedro Miguel Etxenikek ‘Ateak zabalik’ ekimenari buruz hitz egin dau. Era berean, Ziurtagiriaren Alkarteko zuzendari Rober Gutierrezek Bai Euskarari Ziurtagiriaren garrantzia azpimarratu dau. Bestalde, Behatokiko Paul Bilbaok herritarren hizkuntza-eskubideak oraindino be sistematikoki urratzen dirala esan dau. Amaitzeko, Kontseiluko idazkari nagusiak etorkizunerako aitamena egin dau: ‘Bai euskarari’ intentzinotik ‘Euskaraz bai’ konpromisora abiatzeko unea da, euskerearen alde egoteaz gan, euskera ikasi eta erabili egin behar da’.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu