Bilbo Zaharrean euskeraz jardungo dauen LHko ikastegi bat 1,5 miloe eurogaz lagunduko dau BFAk

Bizkaie! 2007-12-18 18:25   Euskerea berbagai

Langileen prestakuntza prozesuetan euskerea sartzea, bai eta enplegurako prestakuntzan eta enpresen sorkuntzan be, eta hezkuntza-sistemearen barruan persona euskaldun ekintzailearen kontzeptua sartzea dagoz helburuen artean.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbo Zaharrean jarduerea euskeraz egingo dauen Irakaskuntza Arautu eta Ez Arautuko Lanbide Heziketako (LH) zentro bat eregiten laguntzea eta 1.500.000 euro emotea erabagi dau, proiektu horren kostuaren zati bati aurre egiteko. Aurrekontua, danetara, 5.270.784 eurokoa da eta Ikastegia La Kantera Plazan egongo da.

Gauzak holan dirala, BFAko Lan eta Prestakuntza Sailak lurraldeko ikastola talde batek sustatu dauen ekimenagaz bat egin dau. Ikastola horreek ‘Ikastolen Lanbide Etxea Harrobia’ Fundazinoaren inguruan antolatu dira eta euren helburuen artean langileen prestakuntza prozesuetan euskerea sartzea dago, bai eta enplegurako prestakuntzan eta enpresen sorkuntzan be, eta hezkuntza-sistemearen barruan persona euskaldun ekintzailearen kontzeptua sartzea.

Bizkaiko Diputazioko Lan eta Prestakuntza Sailaren helburuen artean dagoz talde jakin batzuen integrazino sozio-laborala eta enplegua eta prestakuntza sortzea. Horregaitik Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala lako auzoen egoera berariaz sartzen da bere helburu horreen artean eta enplegua laguntzeko esparru horretan Bilboko alde hori lehengoratzeko ekintza eragingarriak bideratzen dabil.

Gizarte arazo larriak dituen aldeek tratamendu bereiztua eta integrala behar dabe eta horretan batera aurkeztu behar dira urigintzako ekintzak, gizarte ekintzak eta ekonomikoak, beti be gizarteratzeko eta laneratzeko berariazko neurriak sustatuz.

Zortzi ikastola (Bilboko Abusu eta Urretxindorra, Leioako Betiko, Santurtziko Bihotz Gaztea, Galdakaoko Eguzki Begi, Portugaleteko Ibar Ezkerra, Trapagarango Itxaropena eta Balmasedako Zubi Zaharra) dira Ikastolen Lanbide Etxea Harrobia Fundazinoa eratzen dabenak. Alkarte honek, eraikinak dituan bost solairuetan 1.200 metro koadroko azalerea dauen eraikuntzea zuzentzen dau. Jarduera horreek 4,5 miloe euroko inbersinoa eskatu dabe eta lanak amaitzeko epea 16 hilekoa da.

Azpiegitura horri esker 600 ikasle inguruk (horreetatik 250 Irakaskuntza Arautukoak) ikasketak egiteko aukerea izango dabe. Ikastegiak, gimnasialekua, liburutegia, ugerlekua eta hezkuntza eta josketaren arloetako bestelako ekipamendu modernoak izango ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu