‘Bikain’ euskerearen kalidade ziurtagiri publikoak euskerearen normalizazinoa egiaztatuko dau

Bizkaie! 2007-12-18 10:35   Euskerea berbagai

’Bikain’ Euskerearen Kalidade Ziurtagiriaren helburua da Euskadiko esparru sozio-ekonomikoko erakundeek garatutako hizkuntza-normalkuntzako prozesuek izan daben garapen-maila egiaztatu eta autortzea.

‘Bikain’ Euskerearen Kalidade Ziurtagiria aurkeztu eben bart Bilbon. Euskerearen Kalidade Ziurtagiri publiko, ofizial, independente eta dobakoa da, Eusko Jaurlaritzeak, EAEko hiru foru aldundiek, Eudelek, Confebask eta Adegi, Cebek eta Sea enpresaburuen alkarteek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazinoak eta Euskalit kalidaderako euskal fundazinoak bultzatu dabe, eta alor sozio-ekonomikoan hizkuntz normalkuntzako prozesuek izan daben garapen-maila egiaztatu eta aitortzera zuzenduko da.

Juan José Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da Bilbon egindako ekitaldiaren buru, eta euskal enpresen esparruko eta erakunde publiko askotako ordezkariek be parte hartu dabe.

Euskerearen erabilerearen bikaintasunaren bidean, euskerearen presentzia, erabilera eta kudeaketearen gitxieneko mailea egiaztatzen daben erakundeek lortu ahal izango dabe ‘Bikain’ horretarako zehaztutako ebaluazino sistemearen baldintzen barruan.

Ekitaldian aitamen berezia eta merezitako autorpena egin jake ebaluazino sistemea probetako proiektu pilotoan parte hartu daben bederatzi enpresei. Ibarretxek ‘Bikain’ ziurtagiriaren marka daroan egurrezko tailua emon deutse Eika, ELAY, Elkargi, Eroski, Euskaltel, CEGASA, Matia Fundazinoa, Goiena eta Makina Erremintaren Institutuaren ordezkariei.

Ibarretxek nabarmendu dauenez, ‘eleanitza da euskal gizartearen oraina eta geroa, eta eleanitza da erakundeen, enpresen oraina eta geroa’. Testuinguru horretan, gaineratu dau gaur egungo gizartean gero eta gatxagoa dala erakunde, enpresa eta saltokiek kalidadezko zerbitzua eskaintzea euskerea aintzat hartu barik. ‘Izan be, gero eta jente gehiago dago lana euskeraz be egiteko preparauta dagoana, eta gero eta herritar gehiago baitira, gero eta bezero gehiago baitira euskerea zaintzen eta erabilten daben enpresak positiboki baloretan dituenak’, adierazo dau. Euskerea enpresa baten barruan zeozer arrotza edo erantsia bezela ezin dala hartu ohartarazo dau. Alderantziz, berezko zeozer izan behar dauela azpimarrratu dau, naturala. ‘Horregaitik normaltasunez eta naturaltasunez gehitu behar da, enpresearen parametroetan oinarrituta, hau da, ebaluagarriak diran kalidade eta barrikuntza parametroei jarraituz’, gaineratu dau.

Bestalde, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak azpimarratu dau ‘Bikain’ ziurtagiria ‘publikoa, independientea eta dobakoa’ dala. Edozelan be, enpresek irabazi beharko daben ziurtagiria da, hiru egiaztapen-maila zehazten dituana, euskerearen presentziari, erabilereari eta kudeaketeari jagokenez erakundeak egiaztatutako mailearen arabera: oinarrizko mailako ziurtagiria, erdi-mailako ziurtagiria, eta goi-mailako ziurtagiria.

Azkarateren ustez, ordua da esparru sozio-ekonomikoan euskerearen erabilerea sustatzeko egiten ari diran saioak eta plangintzak ebaluetakoo eta errekonoziduteko, era bateratu eta sistematizatuan.

’Bikain’ Euskerearen Kalidade Ziurtagiriaren helburua da Euskadiko esparru sozio-ekonomikoko erakundeek garatutako hizkuntza-normalkuntzako prozesuek izan daben garapen-maila egiaztatu eta autortzea.

Ziurtagiri hau lortu ahal zango dabe euskerearen presentzia, erabilerea eta kudeaketearen gitxieneko maila egiaztatzen daben erakundeek. Maila honek bat etorri behar dau horretarako zehaztutako ebaluazino sistemaren baldintzakaz.
Ziurtagiria lortu nahi daben erakunde publiko nahiz pribatuek, Eusko Jaurlaritzeak honetarako doban eskainiko dauen ebaluazino zerbitzua eska leikie.


Zertifikazio mailak

Ebaluazino sistemearen oinarrizko elementua Erreferentzia Marko Estandarra da. Ardatz honeek osotzen dabe: Erakundearen Irudia eta Komunikazinoa, Kanpo Harremanak, Barne Harremanak eta Hizkuntza-Kudeaketea.

Lehenengo hiru ardatzetan, erakunde bateko hizkuntza baten erabilerearen eta presentziaren barri emoten daben osogaiak modu ordenatuan jasoten dira. Laugarren ardatzean, barriz, entidade bakotxean euskerearen erabilera eta ezagutza ahalbidetu edota sustatzeko orduan eragina izan leikien erabagi zein estrategiak jasoten dira.

Era berean, hiru egiaztapen-maila zehazten dira, euskerearen presentziari, erabilereari eta kudeaketeari jagokenez erakundeak egiaztatutako mailearen arabera: oinarrizko mailako ziurtagiria, erdi-mailakoa eta goi-mailakoa. Ziurtagiriaren hiru mailak ebaluazinoan autortutako euskerearen erabilera eta presentziaren neurrikoak izango dira, baita entidadeak hartutako hizkuntz erispideen eta errotze eta garapen mailearen araberakoak be.

Erreferentzia Marko Estandarraren lau ardatzetako bakotxak berariazko pisu bat dauka, eta puntu guztien batuketea eginda, danetara 1.000 puntuko kopurua ataraten da. Jagokon ziurtagiria lortzeko, gitxieneko puntu kopurua pilatu beharko da, ebaluazino sisteman ezarritakoaren arabera.

Ziurtagiri publiko hau kudeatuko daben organoak Artezkaritza Kontseilua eta Kudeaketa Batzorde Eragilea dira. Artezkaritza Kontseilua ondokoek osotzen dabe: Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, presidente gisa, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen Koordinazino zuzendariak, Euskalit Fundazinoaren ordezkari batek, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eudelek eta Confebask, Adegi, Cebek eta Sea enpresaburuen alkarteek.

Artezkaritza Kontseiluaren egitekoak dira: urteko Ekintza Plana onartu ‘Bikain’ ziurtagiria zabaltzeko, Kudeaketa Batzorde Eragilea eratu eta egituratu, aholkuak emon, hizkuntza-kudeaketearen ebaluazino eta egiaztapen-ereduaren garapenari eta horrek dakartzan prozedurei jagokenez, eta jarraipena egin eta hobekuntza-jarduerak proposatu ezarritako egiaztapen-sistemea garatzeko.

Bestalde, Kudeaketa Batzorde Eragilea, hasiera batean Artezkaritza Kontseilua osotzen daben erakundeek eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazinoak osotu arren, ez da eragozpena izango aurrerago beste erakunde batzuk be Kudeaketa Batzorde Eragileko parte izateko.

Kudeaketa Batzorde Eragilearen egitekoak dira: Artezkaritza Kontseiluari lagundu eta hizkuntza kudeaketearen egiaztapen ereduaren analisi eta etenbako jarraipena egin; ‘Bikain’ ziurtagiriaren zabalkunde eta inplementazinorako urteko Ekintza Plana landu eta Artezkaritza Kontseiluari proposatu, eta etenbako hobekuntza-jarduerak proposatu Artezkaritza Kontseiluari, ezarritako egiaztapen-sistemea garatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu