Aitor Mendiluzek irabazi dau Gipuzkoako Bertsolari Txapelketea
2007-12-17 10:33 BertsolaritzeaBeñat Gaztelumendi donostiarra izan da txapelketako ezustea. Hogei urteko gaztea bigarren sailkatu zan. Atzetik, Jon Martin izan zan hirugarren, Jon Maia laugarren, Jexux Mari Irazu bosgarren, Aitor Sarriegi seigarren, Unai Agirre zazpigarren eta Iker Zubeldia zortzigarren.
Jentez ganezka egon zan Illunbeko zezen-plazea domeka arratsaldean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala ikusteko. Ia 9.000 lagun ikusle legez eta 8 bertsolari kantuan, Saroi Jauregiren gidaritzapean.
Hiru orduko lanaren ondoren, Aitor Mendiluze (Andoain, 1975) eta Beñat Gaztelumendi (Donostia, 1987) pasau ziran txapela irabazteko buruz buruko saiora. Azkenean, Aitor Mendiluze izan zan garailea 946 puntugaz, orain dala 12 urte irabazi eban moduan. Bigarren geratu zan, ohore handiz, txapelketako sorpresea izan dan Beñat Gaztelumendi, 914 puntugaz.
Euren atzetik, Jon Martin izan zan hirugarren, Jon Maia laugarren, Jexux Mari Irazu bosgarren, Aitor Sarriegi seigarren, Unai Agirre zazpigarren eta Iker Zubeldia zortzigarren.
Saio ederra izan zan, orekatua, bizia eta danetariko uneak izan zituana, hunkigarriak eta barregarriak.
Hamaika pankarta izan ziran harmailetan norbere laguna edo familiakoa animetako eta giro bikaina sortu zan. Lau orduko lanaren ondoren, txalo zaparrada handia guztientzat eta zorion mezuak izan ziran Mendiluzerentzat. Andoaineko bertsolariak 'maite ditudanei eta nautenei' eskaini eutsien txapela.
Aitor Mendiluze / Biografia
Injinerutza ikasketak egiten aritua da eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko langilea izan da, herrialdeko koordinatzaile eta eragile legez. Euskal prentsan kolaborazino batzuk egin izan ditu. Horrezaz gan, zenbait musika talderentzat letrak egin izan ditu. Eskolan izan zituan lehen hartu-emonak bertsoakaz, gazte-gaztea zala. Gero, Hernaniko Bertso eskolan hasi zan, eta Andoaingoan be bai aurrerago. 1995ean, 20 urtegaz, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketea irabazi eban. Hortik aurrera, goi mailako bertsogintzan leku egiten hasi zan, eta ordutik bertsogintzea izan dau jardun nagusietakoa, eta gaur egun be bai. 2001 eta 2005eko Txapelketa Nagusietan azken saiora heldu zan, eta 2003ko Gipuzkoako Txapelketan be bai. Bertsolari ez eze, bertso-eskolako irakasle lanean be ibili izan da.
Bertsolariaren fitxa
- Lehen plaza noiz-non-nogaz: Hernanin, 1986an Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, kantulagun: Gorka Tolosa, Unai Agirre... Plaza: Hernaniko Etxeberri auzoan, 1986an.
- Doinu ekarpenak: ‘Duela hogei urte’ Aitorrek sortu eta plazaratua, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako (1995) final-aurrean, Errenteriako saioan.
- Bertsolari txapelketak:
. Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketea 1990: finalistea. Handien mailan.
. Euskal Herriko Eskolarteko IV. Txapelketea 1992: finalistea. Handien mailan.
. Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa 1991: finalistea. Handien mailan.
. Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketea 1988: finalistea. Txikien mailan.
. Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketea 1990: finalistea (handitan).
. Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketea 1992: txapeldun. Handien mailan.
. Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketea 1993: txapeldun. Handien mailan.
. Gipuzkoako Herri arteko Txapelketea 1999: final-aurrekoak. . Gipuzkoako Txapelketea 1995: txapeldun.
. Gipuzkoako Txapelketea 2003: hirugarren.
. Txapelketa Nagusia 1997: final-aurrekoak.
. Txapelketa nagusia 2001: finalistea.
. Txapelketa Nagusia 2005: finalistea.
- Bat-bateko sariketak:
. Ezeizatar Eusebio bertso saria (Ibarra).
. Hernaniko Txapelketea 1996: finalistea.
. Juan Basurto Bertsolari Gazteen Lehiakeeta 1993: finalistea.
. Lizardi Saria 1990: finalistea eta bertso onenaren saria.
. Lizardi Saria 1991: finalistea.
. Lizardi Saria 1992: finalistea.
. Lizardi Saria 1993: 2.
. Lizardi Saria 1994: 2. eta bertso onenaren saria.
. Xenpelar saria 1992: finalistea.
. Xenpelar saria 1994: 2.
- Bertsopaper lehiaketak:
. Eskolarteko Gipuzkoako Lehiaketea 1993: aitamena (14-18 urte artekoen artean).
. Joxe Legarreta Bertso-Paper Lehiaketea 1999: epaile.
- Audio argitaratuak:
. Aitor Badiolaren diskoan, hitzak.
. Triki ta Keren diskoan, hitzak.
- Produkzino oharrak: Hitzetik Hortzera saioan atal didaktikoak preparau eta aurkeztu zituan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!