Ardaoa euskeraz probau gura?
2007-12-13 11:35 Euskerea berbagaiEuskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskal Herriko hamabi ardandegi esanguratsuren euskerearen egoerea aztertu dau, euren ardao botilen etiketak eta webgunea izan ditu aztergai hain zuzen be.
Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskal Herriko hamabi ardandegi esanguratsuren euskerearen egoerea aztertu dau, euren ardao botilen etiketak eta webgunea izan ditu aztergai hain zuzen be. ‘Enpresek ez dabe ez Hegoaldean ezta Iparraldean be euskeraz etiketatzera derrigortzen dituan ezelako arautegirik eta ondorioz, salbuespenak salbuespen, euskerearen presentzia hain gurea dan produktu honetan hutsaren hurrengoa da’, adierazo dau Xabier Mendigurenek, Kontseiluko idazkari nagusiak.
Ardandegien azterketa hau eta egingo dituan hurrengo hizkuntza azterketa berezituak osotzeko asmoz, kontsumoan euskaldunon hizkuntza-eskubideak aztertu ditu Kontseiluak. Bartzelonako hizkuntza-eskubideen adierazpenaren 50 artikuluak argi ixten dauen legez, ‘euskaldunok etiketak euskeraz izateko eskubidea dogu’, azaldu dau Iñaki Lasak, Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradunak.
Ardandegien azterketea pausoz pauso
Euskal Herrian erositako eta bertan produzidutako ardao botiletatik, Nafarroa Behereko Irulegi Sotoko Kooperatibako ‘Domaine de Mignaberry’ ardaoa izan da emoitzarik onena jaso dauena. Oro har, Iparraldean frantses hutsean etiketetan ditue produktu gehienak, baita ardaoa be, Iparraldean aztertutako beste hiru upeltegiek egiten duten bezala, baina ‘Irulegi izendapeneko ‘Domaine de Mignaberry’ salbuespen goxoa izan da euskerearentzat, salbuespen gazi gozoa dalarik be’, aitatu dau Mendigurenek. Izan be, euskerea guztiz era orekatuan ez agertu arren, nabarmena da bere presentzia ardo honen botilearen etiketan. Aitagarria da gainera, Irulegi ardandegiak Bai Euskarari Ziurtagiria dauela eta euskerearen aldeko neurriak hartzeko asmoa azaldu dauela.
Kontseiluak hiru izendapen desbardinetako, Errioxa-www.riojawine.com-, Nafarroa-www.vinonavarra.com- eta Irulegi izendapenak hain zuzen be, hamabi produktu izan ditu aztergai. Ardaogileei jagokenez, Hegoaldearen kasuan, Campsa gidak aitatutako zazpi ardandegi esanguratsuenak aukeratu dira. Iparraldean barriz, bertako izendapen famatuena lantzen daben lau ardandegi esanguratsuenak.
Produktu honeetatik guztietatik bakarrak jasoten ebanez euskerea bere etiketan, Kontseiluak hasierako lagina handitu eban eta holan, Campsa gidan azaltzen ez dan Aroa ardandegi nafarra gehitu eban azterketara. ‘Aroaren etiketan be, gaztelania nagusitzen da, baina behintzat euskereak be bere lekua dauka, oraindino txikia bada be’, adierazo dabe Kontseiluko ordezkariek.
Product of Spain. Aztertutako hamabi produktutatik bederatzitan agertzen da neurri batez edo bestez ingelesa etiketetan. Euskerea, barriz, bi etiketetan besterik ez da agertzen. Beraz, ingelesak euskereak baino askoz be presentzia handiagoa dauka etiketetan nahiz eta Euskal Herrian be saltzen diran produktuak izan. Aztertutako Hegoaldeko ardaogile guztiek erabilten dabe neurri batez edo bestez hizkuntza bat baino gehiago, Iparraldekoak aldiz, elebakarrak dira, hau da, frantsesa besterik ez da agiri euren produktuetan. Webguneetan be, frantsesa bakarrik azaltzen da.
Oro har, webguneei jagokenez, aztertutako hamabi ardandegietatik, bederatzik dabe webgunea. Horreetatik zazpitan agiri da ingelesa, beste zazpitan gaztelania, bostetan frantsesa, hirutan alemana eta bitan bakarrik euskerea: ‘Marques de Riscal’ (www.marquesderiscal.com) eta Aroaren (www.aroawines.com) webguneetan hain zuzen be. Bietan informazino zabala euskeraz egon arren, atal batzuk euskaldundu barik dagoz.
‘Marques de Riscal’-en webgunea zazpi hizkuntzatan dago. Euskerea aukeratu ezkero, aurkibidea gaztelaniaz mantentzen da, ganerako hizkuntzetan ez bezela. Eduki aldetik be, guztia ez da euskeraz eskaintzen.
Aroak bost hizkuntza erabilten ditu bere webgunean. Ia eduki guztia eskaintzen dau euskeraz, baina Sariak eta Barriak atalak esaterako, gazteleraz bakarrik eskaintzen ditu.
Irache ardandegiak be, lau hizkuntza erabilten ditu webgunean, baina botilearen etiketan egiten dauen lez, ez dau euskerea aukeratzen. Ikuspegi ekonomikotik begiratuta, webguneetan oinarrizko informazinoa euskeraz eskaintzeko gastua benetan murritza da.
Artadi taldekoa dan Artazu ardandegiak be, bederatzi hizkuntza erabilten ditu sulfitoak dagozala adierazoteko, baina euskerea ez da agiri horreen artean.
Kataluniari begira. Katalanen kasua bestelakoa da eta bertan bai topau daitekez katalana nagusi daben ardao etiketak, berbarako, katalan hutsean dagoan Penedés izendapeneko ‘Can Feixes Negre Selección 2003’ (www.canfeixes.com).
Euskaldunon hizkuntza-eskubideak kontsumoan
Enpresearen erabagia da zenbat hizkuntzatan eskaini webgunea nahiz euren produktuak, beraz ‘egiten ez badabe, ez dabelako nahi da’, salatu dabe Kontseiluko arduradunek. Euskerearen erabilerea ez da personen arteko komunikazinoa bakarrik, etiketen oinarrizko informazinoa irakurtea be, euskerea erabilteko beste era bat da. ‘Eta hori gaur egun, ezinezkoa da kasu gehienetan, euskaldunak ez dau euskerea erabilteko aukerarik nahita be’, gaineratu dau Iñaki Lasak, Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradunak.
Errealidade honek Bartzelonako hizkuntza-eskubideen adierazpenagaz tupust egiten dau, 50. artikuluagaz hain zuzen be: ‘Hizkuntza komunidadeko gizaki orok eskubidea dauka bere hizkuntzan informazino osoa izateko idatzia zein ahozkoa, lurraldean finkatutako merkataritza-establezimenduek eskaintzen dituen produktu eta zerbitzuez, erabiltze-jarraibideak, etiketak, osogai zerrendak, publizidadea, bermeak eta ganerakoak’.
Kontseiluaren eretxiz, ezinbestekoa da kontsumitzaile euskaldunon hizkuntza-eskubideak arau bidez babestea horretarako lege edo dekretua sortuz. ‘Hizkuntza-eskubideen urraketa sistematiko hau ez da borondatearen barruan konpondu beharrekoa, produktoreek legez errespetau beharko leukiez autortzen jakuzan eskubideok’.
Kontseiluak 9 puntutan laburbildu dau dekretu edo arau honek beharko leuken egiturea:
1.- Hizkuntza-eskubideen babeserako legezko arauak beharrezkoak ez eze, ezinbestekoak dira eskubideok bermatzeko. Eskubideen bermea ez dago inongo kasutan establezimenduen borondatearen menpe.
2.- Kontsumo hartu-emonetan hizkuntza-komunidadeak kanpo eraginik barik arautzeko eskubidea izan behar dau, hau da, kanpoko arau batek ezin dau bertako hizkuntzearen presentzia eragotzi.
3.- Araua hizkuntza-komunidadeak presentzia dauen gune administratibo guztietan aplikau behar da. Euskerearen kasuan, beraz, bi estadutan, hiru administrazino nagusitan eta Euskal Herriko udalerri guztietan. Edozein kasutan argi itxi behar da hizkuntza gitxitu baten kasuan ezagutza tasak ez dauela lurraldea definiduten.
4.- Hizkuntza gitxituari lehentasuna emon behar jako kasu guztietan. Beraz, bere presentzia bermatu behar da alor sozioekonomikoko hartu-emon guztietan.
5.- Arauetara egokitzeko epe onargarri eta jakin bat izan behar dabe establezimenduek. Ahozko zerbitzuari jagokonez, enpresa edo establezimendu handienetatik hasita txikienetarako bidea egin behar da.
6.- Euskal Herrian salerosten diran produktu eta zerbitzu guztiei aplikau behar jake araua, kanpoan produzidu, baina, bertan saltzen diranei be bai.
7.- Araua ez beteteak mueta desbardineko ondorioak izan beharko ditu.
8.- Lehentasun berezia eskainiko jake gai arriskutsuei eta botikei herritarrakan izan leikien eraginarengaitik.
9.- Enpresen neurriak lako erispideek ez dabe eskubidea bermatzeko unean muga izan behar. Egokitzeko zailtasun handiagoak dituenek laguntza gehiago jasoko dabe jagokezan helburuetara heltzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!