Tramankulu teknologikoak: txarrenen artean, txarrenak

Gotzon Plaza Informatikoa 2007-12-11 13:01

CNET webguneak historian izan diran produktu txarrenen zerrendea egin dau. Zerrenda horretan, besteak beste, Tamagochi eta Windows Vista produktuak dagoz.

Teknologiak beti ekarten ditu aurrerapausuak eta elementu barriak zaharrak baino hobeak dira uste izaten da. Baina, beti goaz aurrerantz ala pausu txarrak be emoten dira?

Zientziaren arlo desbardinetan izaten dan legez, teknologiaren bidea be ez da bide zuzena. Gauzak ondo eta txarto egiten dira. Arazoa hor dator, txarto emoten diran pausuak zeozer ikasteko balio badabe edo euretatik zeozer ikasten badogu, sikeran, etekinen bat atarako dogu. Hori da zientziaren (eta teknologiaren) oinarrietariko bat: esperimentazinoak dakarren ezaguereak gauzak hobeto egiteko balio behar dau, bestela jai dogu.

Beti uste izan da teknologia arloan lan egiten dabenen helburua gauza hobeak eskaintzea dala. Baina arlo horretan porrot ikaragarriak be izan dira.

'Barrikuntzen' artean porrot galanta izan daben produktuen zerrendea egiten badogu, seguru zerrenda hori hasieran pentsautakoa baino luzeagoa izango dana. Eta gero bakotxak bere zerrenda egingo leuke; produktu batzukaz ados egongo ginateke baina, beste batzukaz, norberaren esperientzia mingotsaren arabera, produktu hori zerrendan sartuko geunke ala ez.

CNET webguneak (http://crave.cnet.co.uk/gadgets) historian izan diran produktu txarrenen zerrendea egin dau. Produktu txarren 'top ten' antzeko bat. Webgunea ingelesez dago, argazki eta guzti. Hona hemen euren proposamena:

1.- Sinclair C5

1985ean plazaratutako hiru erroberako auto elektrikoa. Benetan, motza baino motzagoa. Ingalaterran merkaduratu zan, 399 liberatan. Gehienez, 15 mila orduko abiadurea hartzen eban.


2.- Barcode Battler

1991. urtekoa. Nintendo Game Boy edo Sega konpainien antzerako joku-kontsola bat zan. Guztiz sinplea, bai audio eta baita grafikoen mailan.


3.- Squircle

MP3 tramankulu bat zan baina ez eukan inolako memoriarik musika fitxeroak gordetako (horretarako, aparte etorren SD txartel bat erosi beharra egoan).


4.- Gizmondo

2005ean agertu zan joku-kontsolea. Bertan erabilgarriak ziran jokuak, antza danez, txarrak baino txarragoak ziran.


5.- Tamagochi

1996an Aki Maita-k asmautakoa. Bandai enpresea aberastu egin zan, duda barik. Eta zargaitik dago zerrenda honen barruan? Egiten dituan zaratatxuek edonor sutan jarten dabelako.


6.- Apple-k merkaduratu eban sagu biribila

1998an iMac G3gaz batera agertu zan. Apple-en produktuek normalean arrakasta handia izan arren, honako kasuan guztiz kontrakoa izan zan: inortxok ez eban gura holako sagurik bere ekipoan.


7.- Atari Jaguar

1993an kaleratu zan, Nintendo eta Sega enpresen produktuei aurre egiteko asmoagaz. Teorian, behintzat, teknologia mailan besteak baino hobea zan baina jokalariak ez egozan gustura ze 15 botoi erabili behar ziran jokoan mogiduteko (larregi, duda barik).


8.- Amstrad E-m@iler Telephone

Telefono bat zan, 2000 urtean plazaratua (telefonoa baina ez mobila). E-postak bialtzeko aukerea eskaintzen eban, baina ordainduta. Urte horretan, Internet martxan egoan, beraz, nork gurako eban telefono hori erabili mezuak bialtzeko Internet erabili beharren? Inork. Hortik dator porrota.


9.- Sony rootkit CD

Sony enpresaren CD hau gure ordenagailuetan entzun ezkero (2005 urtean), gure baimenik barik 'Rootkit' izeneko soft berezia instaletan zan bertan. Software hori kargauta izan ondoren (anti-birusek be ez eben topetan), gure sistema operatiboan 'zuloak' zabaltzen ziran eta hortik birusak sartzeko arriskua egoan.


10.- Windows Vista

Batzuk harrituta geratuko diran arren, zerrendan sartuta dago. Produktu batek bezeroen haserre bizia eta lehenagoko bersinora bueltauteko kanpaina martxan jartea sortarazoten badau, produktu hori ez dala bape ona.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu