Mikel Urdangarin: ‘diskoan giza-<br/>hartu-emonetan oinarritutako bidaia dago’
2007-12-05 14:31 BarriketanZornotzako musikariak bi urte behar izan ditu ‘Anek idatzi dit zutaz’ lana preparau eta argitaratzeko. Estudioan baina zuzenean grabautako diskoa da eta autoprodukzinoaren ondorioa. Mikel Urdangarinen bederatzigarren diskoaren ganeko gorabeherak eta bestelakoak eskatu deutsaguz eta hona hemen berak kontau deuskuzanak:
1.- Ia bi urte joan dira aurreko diskoa plazaratu zenduanetik. Tarte luzea izan da baina halan da be, kanpoko ekarpenak behar izan dozuz kantuetako berbetarako. Zelakoa izan da diskoaren sormen prozesua? Letragileakaz zelako hartu-emonak izan dozuz?
Orain urte bi hasi nintzan bakarkako lanean, etxean eta orain 8 hilebete batu nintzan letragile-lagunakaz eta aspaldiko ezagutzatik, hurrekotasun eta konplizidade horretatik abiatuta, nahikoa lan erraza izan da. Kasu batzuetan askatasuna izan dabe gaiak zehazteko eta beste batzuetan, barriz, neuk jarri deutset gaia. Baneukan gogoa azken hamar urteotan alboan izan dodazan lagunak (Unai Iturriaga, Igor Elorza, Kirmen Uribe, Iñaki Aurrekoetxea) disko honetan batzeko eta horrezaz gan, bidaia koadernoa zan buruan neukan kontzeptua eta, holakoetan zeure bizipenak eta bizipen jasoak kontetan dozuz; diskoan neuk idatzitako pare bat gutun dagoz baina jasotako batzuk be bai eta jasotako gutun horreek ezin dodaz idatzi, jakina. Sentimentu horreek islatzeko kanpoko jentea behar neban eta horregaitik dagoz kanpoko ekarpenak. Disko honetan, lehenengoz Xabier Amurizaren eta Sustrai Colinaren berbak be badagoz.
Hirugarren arrazoi bat be emongo deutsut, izan be, zenbait kantugaz ezin arrankau nenbilen; urte bi izan dira baina askotan ez da denpora kontua, munduko denpora guztia izan arren, kantua eta musikea izan arren, istorioa falta bajatzu, kantua borobildu ezinik zabilz eta prozesu hori luzatzea ez da arraroa.
2.- ‘Anek idatzi dit zutaz’ da diskoari izena emoten deutson kantua eta, akaso, diskoko kanturik ‘komertzialena’... Kantu horregaz bideoklip bat be grabau dozu...
Komertzialena, ez dakit, holan izango da zuk badinozu. Ni ez noa horren bila, edertasunaren bila noa beti. Kantu amablea da, aire klasikoak dauka eta diskoaren promozinorako lehen kantua da.
Bai, Beñat Fontaneda Elguearen zuzendaritzapean, bideoa be grabau dogu Bilbon eta Gasteizen eta onena ikustea izango da; You Tube horretan elegante dago:
http://es.youtube.com/watch?v=dNFpSczQ1nE
3.- Aurrekoagaz, ‘Dana’-gaz konparauta, ‘Anek idatzi dit zutaz’ diskoa ‘lasaiagoa’, intimistagoa, ‘inplikatuagoa’ ete da?
Lasaiagoa ez neuke esango, akaso lasaitasun handiagoa transmitiduten dau, patxada handiagoa, ni neu holakoa nazelako. Edozelan be, ‘Dana’-gaz konparauta, disko barria biziagoa da, alaiagoa; horren bila joan naz ganera. Disko barrian, dantza doinuak dagoz ugari eta errepertorio erdia edo balsak dira, batzuk tenpo lasaian eta beste batzuk biziagoak. Korrido mexikanoak be badagoz. Doinuak lurrari oso lotuak dira, lurra, egurra ikusten dodaz... Diskoan bidaia dago, emozino diferenteetatik pasetan da.
Inplikazinoari jagokonez, diskoan aldarria dago, salaketea be bai (18/98 auzian lagunak dodazalako, salaketeta eta alkartasuna bat eginik dagoz, funtsean maitasun kantua da; Xabier Amurizak Jose Mari Sagardui ‘Gatza’ Zornotzako presoari eskainitako kantua; biak dira balsak). Gai gordinak izan daitekezanak gozotasunez emoten saiatu naz.
4.- Zer kontau nahi izan dozu diskoan? Kantuak euren artean nahikoa independienteak izanik, zer trasmitidu nahi deutsazu entzuleari?
Azken bi urteotan bizitakoak diskoan islatzea ezinezkoa da baina izaera zabala emoten saiatzen zara. Gehienbat giza-harremanak aztertzen dodaz ze holakoetan danetarik dago (musu bat, besarkada bat, ostikada bat, maitasuna, maitasun faltea eta horreek danak emoten diran lekuaK eta denporeak edo momentuak be kantua osotzen dabe, gauza berari kantau arren, modu desbardinean egiten dozu). Diskoa nahikoa ebokatzailea da, iraganeko hainbat oroitzapen sartu dodaz, deserriaren gaia dago, gerra zibila, giza harremanak atzera begirakoan... Diskoak izaera epistolarra eta narratiboa dauka eta horregaz bat dator diseinua bera, pare bat gutun kantu egindakoak dira. ‘Anek idatzi dit zutaz’ eta ‘Nire besoak’. Eduki aldetik diskoan ez dago kontzepturik, baina musika arloan, bidaia antolatzen saiatu naz. Kantuak banaka euren bizitza eta izaera propioa daben arren, beti saiatzen naz bidaia osotzen eta jostun lana egitea gustetan jat.
5.- Diskoan ugari dagoz zati instrumentalak eta bibolinaren presentzia nahikoa adierazgarria da ia kantu guztietan. Apropos egindakoa izan da hori? Zer adierazo nahi izan dozu?
Bibolina bi kantutan ez da agertzen, beste guztietan bai. Edozelan be, bibolinaren izakerea berezia da, solista, bakarlari izakerea dauka baina diskoan erabat integrauta dago kantuaren barruan. Sei musikari gara eta diskoko arregloak nahikoa koralak dirala, gehiegi nabarmendu barik alkarregaz bultza egiten saiatzen gara. Gehiago esango neukizu, pianoa bera bibolina baino presenteago dago diskoan eta, horrezaz gan, melodikea, armonika eta soinuaren arteko tresnea da diskoari zeozelako berezitasuna emoten deutsona, zahar eta gozotasun puntua emoten dau, niri asko gustetan jatana.
6.- 18/98 auziko epaituek Sustrai Colinaren berbakaz eta zeure musikeagaz ataratako diskoko kantua berreskuratu dozu. Euskal gizarteak bizi dituan gaiakaz arduratuta ikusten zaitugu. Ikusitakoak ikusita itxaropentsu egoteko arrazoirik badago?
Itxaropentsu egotea jarrera bat da, norbera be burumakur jarten bada, akabo. Egoera etsigarrietan, kontrastea egin behar da, norberak be atzera egin ezkero, danak zulora... Ni neu, izakeraz baikorra naz egoera txarrenetan be eta oraingo egoerearen aurrean, sarritan pentsau izan dot: gure patua ete da beti saltsan egotea?, gero eta gitxiago dakit, ez dakit inoiz zeozer jakin izan dodan gure herriari buruz baina galduta nago. Pentsetan dot errazagoa izan beharko litzatekela dana eta pena sentiduten dot ez garalako kapaz gure bizitza armonizetako. Baina nire herriaz etsipena adierazoten badot, etsipen sentsazinoa handiagoa da Espainiagaz. Ez dakit handik zer itxaron geinken...
18/98 auzia astakeria iruditzen jat, beste hainbat legez eta penagarria da holako astakerien aurrean, zeozelan ohitu egin garala. Edozelan be baikorra naz eta ez daukat arrazoirik baikor izateko, akaso, neure izakerea bera baino baina pentsetan dot baikortasunez bizi behar dala.
Esangura horretan, ‘Nire besoak’ kantuan, berbarako, azken bi urteotan bizitakoak datoz, ilobak jaio jataz, su etena hasi, amaitu be bai, denpora laburrean bizipen kontrajarriak dagoz, etsipena, derrigorrezko esperantza, ze ni izatez baikorra naz. Hor salaketea dago baina beti be giza hartu-emonen bitartez, munduko gauzarik ederrena geu gara eta itsusiena be bai. Ez ete gara kapaz? Hain gatxa ete da bizi dogu egoerea bideratzea? Hala, benetan gustetan jaku saltsea?
7.- Diskoaren kutxa, barruko libretoa eta estiloa be nabarmendu gura neukez...
Balio erantsia emon gura geuntsan diskoari. Ukimenean eta usaimenean eragin gura izan dogu, zarratzeko goma bategaz, amaierako orri zuriakaz... Bidaia koadernoaren kontzeptua geunkan buruan eta horretan oinarrituta, guretzat berezia dan lana sentiduarazo gura izan deutsegu entzuleei.
8.- ‘Haitzetan’ plazaratu zenduanetik 10 urte joan dira eta tarte horretan, gehiena Gaztelupeko Hotsak diskoetxeagaz atara dozu eta 2005eko ‘Dana’ Elkarregaz. Oraingoa, barriz, zeure kabuz argitaratu dozu, autoprodukzinoa izan da. Zergaitik?
Elkar diskoetxeagaz ez genduan akordiorik lortu, hori da lehenengo arrazoia. Elkarren eskaintzea ez zan izan nik pentsetan nebana baina horrezaz gan nik gura nebana egiteko autoprodukzinoa zan modu bakarra. Ganera, esango deutsut autoprodukzinoaren bidean, grabetan gengozala, Madrileko diskoetxe independiente sendo baten eskaintza be izan nebala baina aurrera egin genduan geureagaz. Apustu gogorra izan da, arriskua hortxe dago baina arrisku bako apusturik ez dago.
Beste alde batetik, erabateko askatasunez jokatzeko modua eskaintzen deutsu autoprodukzinoak; pausu guztien gainean zagoz eta hori beti da ona.
9.- Diskoa grabetako modua be berezia izan da, estudioan baina zuzenean, hain zuzen be. Zer lortu nahi izan dozu horregaz?
Bai. Estudioan baina zuzenean grabau dogu eta horrek freskotasuna emon deutso sonoridadeari. Inprobisazinoak, musikarion arteko alkarrizketeak leku handiagoa hartzen dau eta horren bila be joan naz. Antxinako eran grabau dogu, toma bakarrean, hasi eta amaitu baina gaur egungo baliabideakaz, danok batera gela berean eta emoitzeagaz sano pozik nago. Sei lagun gara, alkarregaz joten, leku berean eta denpora tarte laburrean eta horrek nahitaez soinua bateratu egiten dau eta izakera diferenteko kantuak izan arren, zeozelako batasuna dakar sonoridadeak.
10.- Zuzenean, Durangoko Plateruenan egingo dozu diskoaren lehen aurkezpena. Durangon eta Euskal Liburu eta Disko Azokaren inguruan jotea berezia da zuretzako? Beste datarik aurreratu zeinke?
Abenduaren 7an da hitzordua Durangon, bai; Durango beti izan da jaia niretzako baina ez dauka horrek aparteko berezitasunik. Beste barik, diskoa urtarriletik aurrera be bizirik egotea gura neuke. Azokea ondo dago baina ez daitela izan hain ezinbestekoa. Urte osoan zehar ‘osasun’ gehiago beharko litzatekela uste dot. Polita izango da lehenengo kontzertua izango dalako eta zuzenean joteko gogoz nagoalako.
Hortik aurrera, Tolosako Leidorren izango naz urtarrilaren 11n; oraindino zehaztu barik dagoan arren, segurutik 12an Arrasateko Amaia antzokian eta hirugarren hitzordu bat, Bilboko Arriagan, urtarrilaren 18an.
www.mikelurdangarin.com
www.kap-produkzioak.com
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!