Jose Luis Lizundia: ‘euskerea salbetako, familiartean, etxean erabili behar da’

Koldo Isusi Zuazo 2007-12-03 11:15   Barriketan

Euskaltzaina eta 10/1982 Euskararen Legearen sortzaileetakoa

10/1982 Euskararen Erabilerea Normalizetako Oinarrizko Legearen 25. urteurrenaren harian, lege hori ontzen ibili ziran andra-gizonak omendu ditue oraintsu, besteak beste, Inmaculada Boneta, Ramon Labayen, Jose Luis Lizundia, Jose Antonio Maturana eta Pedro Miguel Etxenike.

Era berean, abenduaren 3a Euskerearen Nazinoarteko eguna dala eta, bestelako lege edo araubidearen beharraz, euskerearen orduko eta gaurko egoeraz, ofizialtasunaren argi-ilunez, erronka eta enparauez berba egiteko Jose Luis Lizundia euskaltzaina konbidau dogu.


1.- Orain 25 urteko Euskerearen Erabilerea Arauzkotzeko Oinarrizko Legea akordio zabalaren ondorioa izan zan. Zelakoak ziran orduko giro sozio-politikoa eta euskerearen egoerea?

Euskerearen egoerea tamalgarria zan, euskerearen bazterketa historikoa mende eta erdi ungurukoa zan eta, azken aldian, 40 urteko diktadurea egoan eta zapalkuntza gogorra; kontuan hartu Legea egiten hasi ginanean sei urte besterik ez zirala Franco diktadorea hil zala. Zerotik ez, zeropetik hasi ginan. Legea egin genduanean, gurako neukean Errepublika garaian Catalunyan egon zan moduko lege bat izatea hemen, guk ez genduan holakorik izan. Edozelan be, giro politikoari jagokonez, frankistak ostenduta, koldartuta egozan, ez ziran ausartzen, gaur barriro indartu badira be, euskerearen ofizialtasunaren kontra egiten. Aldeko giroa egoan eta akordio zabala lortu zan; EAJ eta EE % 100ean; alderdi sozialista % 60-70 bat eta erdia eskas inguru UCD; AP kontra egoan eta zoritxarrez orduan HBk ez eban parte hartu. Beraz, Legea babes handiagaz onartu zan.


2.- Zeintzuk dira 10/1982 Legearen mugarriak?

Irakaskuntza arloa nabarmenduko neukizu. Euskerearen Legearen ondorioa izan da Irakaskuntzan hiru ereduak ezartzea. Gero hezkuntzako konpetentziak EAEra transferidu ziranean, garapena sekulakoa izan zan. IRALE programeari esker, ehundaka irakasle euskaldundu dira eta ahalegin hori eskertzekoa da. Zenbait kasutan, ahalegin txikia edota eskasa be egon da, jakina eta administrazinoko zenbait arlotan liberatu batzuk oporralditzat hartu dabe tarte hori.

Beste alde batetik, ofizialtasunarena be gauza handia izan da nahiz eta Iparralden euskerearen ofizialtasuna autortzeko egon eta Nafarroako egoerea be negargarria izan.


3.- Irakaskuntzan, ezagutza arloan nabarmen egin dogu aurrera baina ez horrenbeste euskerearen kalidadean ta erabileran. Hizkuntza ereduak ordezkatzeko sistema barria behar ete dogu?

Ez dot gaia lar ezagutzen baina nik dakidala behintzat Hezkuntza sailak aldaketa proposamena egin dau, aukera hori Legebiltzarrean eztabaidatuko da eta segurutik aurrera atarako da. Zeozelan esateko ereduak ‘kartara’ izango dira aurrerantzean eta horrek arriskua be badauka, izan be, ‘menua’ zentroaren arabera ixten bada, euskaldundu ez diran zentro pribatuetan atzera egingo dabela aurreikusi daiteke.


4.- Euskerearen mesederako azken urteotan emondako aurrera pausuak ezin ukatu baina badira Legea agortuta dagoala dinoenak. Zein da zure eretxia?

Bi aldetatik Legea aldatzeko gogoa atzemoten dot. Batetik, PP eta nazionalismo espainolak Legea aldatu gura dabe okerrera; bestetik, kontrako muturrean badira Legea agortuta dagoala dinoenak, arlo asko jorratu barik dagozalako eta abar. Haruntzago joanda, nik hormetan idatzita ikusi izan dot, oso oker ez banago Euskal Herrian Euskeraz taldeak sinatuta, ‘Hizkuntza bat legeria bat’ esaldia. Hori utopia kaltegarria da ze itxaron beharko geunke, Bizkaia eta Zuberoa parlamentu baten agintepean egon arte, independentzia lortu arte. Holakorik ez da inon jazo, astakeria galanta da hori esatea. Irlandak ez dau itxaron ugartearen batasuna lortu arte legeak egiteko, ezta Errumaniak be.

Beraz, Legea ez dagoala agortuta esango neuke, neurri handi baten era irregularrean garatuta dagoala uste dot. Akaso, justizia arloan, agortuta dagoala esan daiteke ze zoritxarrez arlo honetan tranferentziak oso urriak izan dira. Berbarako, irakaskuntzan ondo garatu da; udal administrazinoan, barriz, gorabehera handiak dagoz, Euskadiko udalen lege baten faltan. Udaletxeetan euskerearen normalizazinoa kaotikoa da, herri baten ondo garatu da eta aldamenekoan, beharbada, eskas edo gehiegi garatu izan da. Udaletxe batzuetan ordenantzak egin ditue baina lege mailarik ez dabenez, Estaduko abokatuak errekurridu egin ditu.

Osakidetzaren euskalduntzeari berandu ekin jako...

Laburbilduz, analisi bat egin beharko litzateke Legea zertan garatu dan ondo eta zertan oker zehazteko.


5.- Gizon eta emakumeen bardintasuna pil-pilean dagoan gaia izanik, euskal hiztunok ez dogu euskeraz berba egiteko aukera bardintasunik, erderearen menpean bizi gara eta elebitasun funtzionalik be ez dago... Giro horretan, hizkuntza eskakizunak eta ‘inposaketaren’ bidea salatzen dituenak be badira. Euskeraz jakitea eskubidea ala betebeharra ete da?

Euskeraz jakitea uritarron eskubidea da eta euskeraz jakitea betebeharra da, barriz, funtzionario publikoentzat. Inposaketa berbea oker eta maltzur erabilten dala uste dot. Herritarrok funtzionario publiko euskaldunak izatea eskatu behar dogu, hori gure eskubidea dalako eta, jakina, herri zerbitzuan dagozan horreek ‘derrigor’ jakin behar dabe euskeraz, eurentzat betebeharra da. Albaitari baten edo mediku baten ‘betebehar’ maila, jakina, ez da bardina izango eta Karrantzako edo Espejoko eta Ondarroako funtzionario publikoen derrigortasun mailea be ez da bardina izango baina funtzio publikoan dagozanek euskeraz jakiteko betebeharra dabe eta hori ez da inposaketa. Hori bai malgutasunez jokatzea da bidea, epeak ezarriz eta abar, orain arte egin dan moduan. Dana batera eskatzea ez da bidezkoa.


6.- Lan arloan, aurten 150 enpresa (48.500 behargin) aurkeztu dira EAEn euskera planak garatzeko deialdira. Asko ala gitxi da hori?

Ez dakit. Euskerearen Legearen artikulu baten arlo hori garatzea eskatzen da eta, jakina, MCC, Learko eta beste batzuk gehiago saiatu dira, beste batzuk gitxiago. Kontuan hartu behar da enpresak dirua irabazteko dagozala eta, esangura horretan, diru-laguntzinoen politikea nahitaezkoa da euskera planak aplikau ahal izateko.


7.- Euskerearen erabilera politikoa ez da bidezkoa baina gure Euskal Herri honetan dana endredetea gustetan jaku...

Bai. Aita Villasantek Frankismo sasoian, 1971n oso oker ez banago adierazpen bat egin eban esanaz euskerea danon ondarea dala, dakigunona eta ez dakitenena, ezkerrekoena eta eskumakoena, abertzaleena eta ez abertzaleena. Sano garrantzitsua da hori. Nik inoiz eztabaida saioetan eta parte hartu izan dodanean, salatu izan dot batzuk euskerea gustora ikusiko leukiela museoa baten. Beste batzuk, ostera, euskerearen agiriko erabilera politikoa eginaz dopatu egiten dabe hizkuntzea eta doping-a oso arriskutsua da gorputz ahul baten; euskearen egoera politiko eta soziala oso ahula da eta doping-ak heriotzea eragin leikio. Orduan, eztabaida horretan konsensuz lortutako akordio sendoa beharko litzateke euskerea sekula ez erabilteko tresna politiko moduan. Ezin da ibili norgehiagoka ezta norgitxiagoka be.


8.- Euskerearen erabilerea eta Lege zaharrak jorratu ez zituan arloak kontuan hartzea dira orain burumokin eta erronka nagusiak?

Bai. Lege zaharrak jorratu ez zituan edo 25 urteko tarte honetan garatu ez diran gaiak edo arloak aztertzea ezinbestekoa da eta Legebiltzarrean eta hiru Batzar Nagusietan, foru arauetan arau betearazleak zehaztu eta apliketea komenidu da.

Erabilereari jagokonez, erronka handiaaren aurrean gagoz eta argi dago euskerea ez dala hizkuntza heraldiko bat, menbreteetan ipinteko ze dotore bai dotore geratuko da baina gero erderaz egiten badogu, akabo. Erantzunkizuna gizarteak dauka; gurasook euskeraz egiten ez badogu eta umeen euskalduntzea ikastolearen edo eskola publikoaren esku ixten badogu, akabo. Holan ez dago erabilerea bermatzerik. Esangura horretan, Fishman, munduko soziolinguista ospetsuenetakoak, judeoa bera, kongresu baten esan euskun: -Ni ez naz zuon fededuna baina familiako transmisinoa eta etxean hizkuntzea erabiltea oinarri-oinarrizkoa da hizkuntzea salbetako, irakaskuntza sistemeagaz batera-.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu