Bertsotan zemenditik abendura

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2007-11-30 15:47   Bertsolaritzea

Zemendian eta abenduan badagoz boligrafoa hartu eta egutegian borobil inperfektu bategaz inguratzeko moduko egunak.

Aurrerago egin genduan legez, komenidu da bertso idatzi eta bat-batekoei errepaso txiker bat emotea, batez be sasoi honetan. Ederto dakigu abenduaren 16a bertsozaleon egutegietan gorriz markauta dagoana, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko dalako Donostian. Halan da be, hile honetan beste egun batzuk be badagoz boligrafoa hartu eta egutegian borobil inperfektu bategaz inguratzeko modukoak.

Zemenditik abendura salto egin eta Gasteizen egingo dogu gure lehenengo geldialdia. Abenduaren 1ean, Errexala Elkartean jokatuko da Bertxoko Sariketako finala. Egin diran hiru saioetan, saio bakotxeko lehenenengo bertsolari biek baino ez dabee finalean kantetako aukerea. Jokin Labaien (Arrasate), Eneritz Artetxe (Azkoitia), Manex Agirre (Aramaio), Maindi Murua (Azkaine), Iñaki Viñaspre (Abetxuko) eta Itsaso Paya (Algorta) dira sei bertsolariok. Ez da edozelango finala izango!. Informazio gehiago topauko dozue http://bertxoko.halabedi.org Bertxoko Sariketearen web orrialdean.

Astebete itxaron beharko dogu hurrengo sariketea entzun ahal izateko. Aiherran jokatuko da Hernandorena saria, abenduaren 8an, Denen Etxean iluntzeko 19:30etan. Euskal Herri bat marraztu geinken sariketa honetan Zuberoa, Lapurdi eta Behe Nafarroako bertsolariak ibili dira kantuan Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako bertsolariakaz final hau osotzeko. Unai Gaztelumendi, Jone Uria, Eneritz Zabaleta, Patxi Iriart, Maialen Arzalluz, Arrate Illaro, Ekhi Erremundegi eta Kristine Txoperena dira finalistak.

Amaitzeko San Antxontxu Bertso-Paper Lehiaketearen barri emongo deutsuet. Mungiako Taket Bertsolaritza Elkarteak antolatzen dau eta bertsozale guztioi dago zuzendua. Multzo bi egingo dira, 18 urte baino gitxiagokoak alde batetik eta 18 urtetik gorakoak beste alde batetik. Lehenengoek gitxienez 6 bertso eta gehienez 8 egin beharko ditue eta helduagoek barriz, gitxienez 8 bertso eta gehienez 12. Lanak jasoteko azken eguna abenduaren 31 izango da. Ganerako informazinoa www.bertsozale.com/agenda//berria_7848.pdf web orrian topau ahal izango dozue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu