Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra euskaltzain oso izentau ditu gaur Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2007-11-30 13:55   Euskerea berbagai

Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra euskaltzain oso izentau ditu gaur Euskaltzaindiak, Bilbon egin dan osoko bilkuran. Biak izentau ditue Euskaltzaindiaren Arautegiak agintzen dauen gehiengo osoa lortu ondoren.

Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra euskaltzain oso izentau ditu gaur Euskaltzaindiak, Bilbon egin dan osoko bilkuran. Biak izentau ditue Euskaltzaindiaren Arautegiak agintzen dauen gehiengo osoa lortu ondoren.

Jakina danez, urriaren 26an, Euskaltzaindiak Donostian egin eban osoko bilkuran, Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra euskaltzain urgazleak proposatu ziran, 29. eta 30. zenbaki-hutsarteak beteteko. Joan Mari Torrealdai euskaltzain urgazlea Jose Antonio Arana Martixa, Miren Azkarate eta Andres Urrutia euskaltzain osoek proposatu eben eta Lourdes Oñederra euskaltzain urgazlea, barriz, Henrike Knörr, Xabier Kintana eta Pello Salaburu euskaltzain osoek.


Joan Mari Torrealdai

Joan Mari Torrealdai Nabea, Foruan jaio zan 1942an. Filosofia eta Teologia ikasketak bete zituan, Oliten (1960-1963) eta Arantzazun (1963-1967), hurranez hurran. Toulouseko ‘Institut Catholique’ ikastetxean atara eban Teologiako lizentziaturea, 1972an, eta Parisen, barriz, Hizkuntza Frantseseko diplomaturea (‘Alliance Française’, 1972) eta Gizarte Zientzietako lizentziaturea (‘Institut d’Etudes Sociales’, 1975). Informazino Zientzietan graduko lizentziatua, (Euskal Herriko Unibersidadea, 1984). Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea da (Deustuko Unibersidadea, 1991)

Anaitasuna hamabostekaria zuzendu eban. Deustuko Unibersidadean Soziologiako irakasle izana (1976-1978 eta 1991-1993 urte tartean), Doktoratutzako klaseak be emon ditu EHUn zein Deustun, 1978an. Bestalde, Euskal Idazleen Elkartea erakundeko idazkaria izana da (1969-1978), bai eta Soziologoen Euskal Elkartea erakundeko idazkaria (1979-1980) be.

Euskaldunon Egunkaria-ren Administrazino Kontseiluko kidea izan zan hasieratik bertatik, eta 2000tik 2003ra bitartean Lehendakaritzea bete eban. 1977tik, Jakin aldizkariaren zuzendaria da.

1975eko bagilaren 27an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban. Akademiaren enkarguz, euskal idazleen eta euskerazko produkzino idatziaren azterketea egin eban.

Hogeita hamar urtetan zehar landutako lan bibliografikoak bi alor nagusi ditu: bat, liburua bera gizarte adierazle gisa ulertuta liburugintzearen azterketa, Jakin-en 30 zenbakitan emona eta modu zabalagoan ‘Euskal idazleak gaur’ eta ‘Euskal Kultura gaur. Liburuaren mundua’ liburuetan sakondua. Eta bi: liburuen katalogoa, fitxa bibliografikoz osotua.

Argitaratu dituan lanen artean ondokoak dagoz, besteak beste: Iraultzaz’. Jakin, 1973; Euskal idazleak gaur / Historia social de la lengua y literatura vascas’. Jakin, 1976;El euskara y la cultura escrita’. Jakin, 1977;Euskal idazleak gaur’. Jakin, 1977; Euskal liburu eta aldizkariak’. Euskaltzaindia, 1978; ‘Euskararen zapalkuntza’. Jakin, 1982;XX. Mendeko euskal liburuen katalogoa’. Gipuzkoako Foru Aldundia, 1993-97; El libro negro del euskara’. Ttarttalo, 1998; Martin Ugalde: Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena’. Jakin, 1998; La censura de Franco y los escritores vascos del 98’. Ttarttalo, 1998; XX. Mendeko euskal liburuen katalogoa, I, II, III, IV, V’. Gipuzkoako Foru Aldundia; ‘Imanol Murua Gipuzkoako Alkate’, Alkartasuna Fundazioa, 2004.

Jaso dituan sarien artean: Euskadi de Plata Saria, (1997), ‘Euskal Kultura Gaur’ liburuari liburudendariek emona, Donostian egindako Liburu Eguneko Azokan liburu salduena izateagaitik. Euskadi de Plata Saria, (1998), ‘El Libro Negro del Euskera’ liburuari liburudendariek emona, Donostian egindako Liburu Eguneko Azokan liburu salduena izateagaitik. Eta aurten, 2007an, ‘XIX. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria’. Ohorezko aitamena.


Lourdes Oñederra

Donostian sortua, 1958an. Filologia Hispanikoan lizentziaduna (1980). Euskal Filologian doktorea (1987). Tesia euskal hizkuntzearen palatizazinoaz egin eban, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean. Master of Arts The University of Iowa, Department of Linguistics (1982).

EHUko katedraduna da. Unibersidade honetako Filologia eta Geografia eta Historia Fakultadean dihardu gaur egun, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean, bertan Fonetika eta Fonologia irakasle dalarik.

Horrezaz gan, Grazeko (Austria) Unibersidadeko irakasle konbidatua izana da eta, besteren artean, Teaching Assistant bezela aritu izan da Iowako Unibersidadean, fonetika eskola praktikoak emoten. Vienako eta Hawaiiko (Honolulu, AEB) Unibersidadeetan be izana da, fonologia ikerketak egiten. Hawaiiko kasuan, David Stampe doktoreagaz lan egiteko aukerea izan eban.

Euskaltzaindian, Ahoskera batzordeko kide izan zan, harik eta batzordea desagertu arte. Batzorde horretan, ahoskereari buruzko normatibizazinoaren inguruko ikerketa lan bat egin eban (1993-1994). Ahoskera batzordeko koordinatzailea be izan zan (1995-1998).

Euskaltzaindiak 1996ko martiaren 29an izentau eban euskaltzain urgazle.

Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zan (2002-2003), ASJU (Anuario del Seminario de Filología Vasca ‘Julio de Urquijo’) argitalpenaren kontseilukidea da. Linguistic Society of America (LSA) eta Societas Linguistica Europea (SLE) alkarteetako kidea da. 2004tik, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko idazkaria da.

Komunikazino eta ponentzia ugari eginak ditu eta biltzar askotan parte hartu dau, hizlari eta aditu bezela.

Bestalde, hainbat aldizkaritan argitaratu ditu bere lan zientifikoak. Euskaldunon Egunkarian, 1995-1997 urte bitartean, hamabostean behin zutabe bat idazten eban. Egunkari bereko Begia gehigarrian be zutabe laburrak idazten aritu zan (2000tik 2001era). Bestalde, Ere, Oh Euzkadi!, Hika, Argia edota Diario de Noticias de Alava komunikabideetan argitaratu ditu bere kolaborazinoak.

2001eko irailetik 2005eko zemendira arte, Euskal Herriko Unibersidadearen izenean, EiTBrako hizkuntza kontsultarako aholkulari bezela jardun eban.

Lourdes Oñederrak ‘Eta emakumeari sugeak esan zion’ argitaratu eban 1999an. Liburu hori Espainiako Sari Nazionalerako finalista izan zan eta Euskal Herrian hainbat sari jaso eban: Beterriko Liburua 1999, Zilarrezko Euskadi Saria 2000, Euskadi Saria 2000, Kritika Saria 2000. Gaztelaniazko itzulpena be argitaraturik dago ‘Y la serpiente le dijo a la mujer’ izenburuaz, Iñaki Iñurrietak itzulirik, Bassarai argitaletxearen eskutik. Eta ingelesera be itzuli dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu