'Euskal gizartearen lehen mailako eginkizuna da euskerearen erabilerea normaltzea'

Bizkaie! 2007-11-28 10:28   Euskerea berbagai
Adierazpen instituzional bateratua Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian

Erabilerea baita, azken batean, edozein hizkuntzaren etorkizunaren giltzarria. Erabilerarako aukera eraginkorra dalako, alkarrenganako errespetuagaz batera, hizkuntz eta hiztunen arteko alkarbizitza berma leiken bakarra.

Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazpen instituzional bateratua irakurri eban atzo (2007-11-27) Gasteizen, datorren abenduaren 3an ospatuko dan Euskerearen Nazinoarteko Egunari begira. Ekitaldi nagusia, egun horretan egingo da Gasteizko Artiumen 19:30ean hasita.

Gotzon Lobera, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskerea Sustatzeko zuzendari nagusia; Esti Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskerearen Normalkuntzarako zuzendari nagusia; Agustin Otsoa de Eribe, Arabako Foru Aldundiko Euskera zuzendaria; eta Jokin Bildarratz, EUDELeko presidentea, Baztarrikaren alboan izan ziran atzo Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, adierazpenaren aurkezpenean.


2007ko Euskerearen Nazinoarteko Eguneko Adierazpen instituzionala

‘Euskal gizarteak, mundu mailara egokitzeko gauzatzen ari dan etenbako eginahalean, lehen mailako eginkizuna dau euskerearen erabilera normaltzea. Izan be, euskera bizi noranahikoaren erregalua da euskal herritarrok unibersaltasunari eskain geinkion baliorik preziagarriena, kultur aniztasun eta identidade ugari eta konpartituen aroan.

Zeregin ugari batzen ditu bere barruan era dinamikoan ulertu behar dan euskereagazko konpromiso horrek, eta danak dira, duda barik, garrantzitsuak. Pausu sendoak emon dira, berbarako, irakaskuntzan, euskerea jakintza eta ezaguerarako hizkuntzatzat finkatuz. Sare zabal barria da hedabideen alorrean euskerea ehuntzen ari dana. Eten barik eguneratzen ari da euskerea heldutakoan ikasi edota landu behar dabenentzako eskaintzea...

Hau da, era guztiz eraginkorrean mamitzen ari da euskal gizarte eta herri erakundeen arteko lankidetzea euskerearen ezaguerari jagokozan eremuetan, hizkuntz bilakaera neurtzen daben adierazleek garbi asko azaltzen dabenez. Eta ahalegin horren arrakastatik jatorku hain zuzen, euskal gizarteari bezela baita herri erakundeoi be, gaur egun erabateko arreta eskatzen deuskun erronka erabagigarria: egunez egun euskaldunagoa dan gizarte honetan, alkar hartuta gainditu behar doguz ohitura eta joera zaharkituek euskerearen eguneroko erabilereari jarten deutseezan traba eta oztopoak.

Erabilerea baita, azken batean, edozein hizkuntzaren etorkizunaren giltzarria. Erabilerarako aukera eraginkorra dalako, alkarrenganako errespetuagaz batera, hizkuntz eta hiztunen arteko alkarbizitza berma leiken bakarra.

Baina ezinbestekoa da gogoan hartzea honaino ekarri gaituan bidea, gogoetarako gai egokia eskaintzen deusku eta, Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzen ari garan honetan. Izan be, aurten bete dira hogeita bost urte Euskerearen Legea onartu zanetik, eta ha bide-makulu hartuta egin dogu honainoko ibilbidea.

Lege harek garrantzia handieneko mugarria jarri eban euskerearen normalkuntzarako bidean, herritarron hizkuntz eskubideak onartu eta euren zaintza eta sustapena aginte publikoei emonez. Ezinezkoa litzateke euskerearen erabilerea normaltzearen eginkizunari ekin, orain hogeita bost urte Eusko Legebiltzarrak ezinbesteko zutabe horreek ezarri izan ez balitu. Nahitaezkoa da, beraz, lege baliabide horren balorazinoa egiterakoan, haren eragina guztiz positiboa izan dala eta dala gogoan hartzea. Eta hori autortzeagaz batera, guztiz preminazkoa da, mende lauren bat geroago ospatzen ari garan Euskerearen Nazinoarteko Egun honetan, araudi haren baliorik sendoena goraipatzea: euskerearen normalkuntzaren alorrean sekula ezagutu dan adostasun zabalenez onartu zan lege harek, gizartean egoan -eta dagoan- alkarbizitzarako erabagi sendoa islatzen dau. Opari ezin hobea, duda barik, orduko eta ondorengo belaunaldientzat.

Balio berezia dauka, gaur, adostasun zabal eta sakon haren aitamena egiteak, etenbakoa baita konsensu haren oinarri zibilak birrintzeko ahalegina, mutur batetik zein bestetik elebakartasunaren amesgaiztoaren liluran tematzen diranen aldetik. Garbi aldarrikatu behar dogu: alkarbizitza bestearen amore emote baldintzabakoaren barruan jarten dabenak dira, ikuspuntu hori aldatu ezean, euskerearen normalkuntzearen aldeko lankidetzan lekurik ez daben bakarrak.

Ganerakook, barriz, izan geinkez -eta badoguz- gure artean eretxi eta sentiberatasun desbardinak, baina, horreen gainetik, adostasun ha etenbarik zabaldu eta sakontzea dogu helburu nagusia, eta gai gara -eztabaidatuz adosten dakigulako- geure aurrean dogun erronkeari eusteko: euskerearen erabilerea areagotzeko eguneroko jardunean geuk -gutariko bakotxarengan, gizarte zibilaren kolektiboetan eta herri erakundeetan sendo erroturiko inertzien bidez- sortzen doguzan oztopoak paretik kentzea, eleaniztasunerako bidea zabal daigun.

Helburu horretarako gure gizarteak bere buruari eskaini deutson marko juridikoak eginkizuna ahalbidetzen deusku, duda barik. Izan be, gaur egun ez dago, euskerea bizibarritzeko lanetan, gizartearen gehiengoak egin nahi leuken ezer edo emon nahi leuken pausurik Euskerearen Legeak eragozten dauenik. Are gitxiago dago, euskerearen normalkuntzearen historia osoan, arau harek baino adostasun zabalagorik bereganatu dauen proposamen edo egitasmorik. Eta geuri, euskal herritar eta herri erakundeoi jagoku Euskerearen Legeak bere barruan dituan ahalmen ugariak era progresibo eta orekatuan garatzea, bi norabide nagusitan: euskerea erabilteko aukera barriak sortzea eta lehenagotik dagozanak sendotu eta garai barrietara egokitzea; eta, herritar bakotxaren hizkuntz aukereagazko errespetu osoz, euskerea eguneroko eginkizunetan erabiltearen aldeko jarrera eta jokaerea sendotzea. Izan be, urteotako jardunean ondo ikasi dogunez, pixka bat es mucho, ez baitago ekarpen txikirik norabide egokian abiatutako hizkuntz normalkuntzearen eginkizun alkartasunez partekatuan.

Horixe da, beraz, alkarbizitzeak eskatzen deuskun ahalegina: euskerearen erabilerearen aldeko politika orekatu bat, zentraltasunean finkatua eta muturretako tentazino antzuetatik urrutiratua. Geure buruari eta belaunaldi barriei zor deutsegu, eta holan aldarrikatzen dogu Euskeraren Nazinoarteko Egunean’.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu