AlhondigaBilbao erakundeak 'Slow Food' mobimentua ezagutzera konbidau ditu herritarrak

Bizkaie! 2007-11-27 18:09   Jan edanak

AlhondigaBilbao erakundeak zenbait jarduera antolatu ditu Bilboko Bizkaia plazan, zemendiaren 29tik abenduaren 4ra bitartean, 'Slow Food' izeneko filosofian oinarrituta elikadura osasungarria bultzatzeko asmoz.

AlhondigaBilbao erakundeak zenbait jarduera antolatu ditu Bilboko Bizkaia plazan, zemendiaren 29tik abenduaren 4ra bitartean, 'Slow Food' izeneko filosofian oinarrituta elikadura osasungarria bultzatzeko asmoz. Ekimen hau 'hótik at' (AlhondigaBilbaoren eraikinetik kanpo) programearen barruan dago; programa horren bitartez, jarduerak antolatuko dira uriko zenbait espaziotan. AlhóndigaBilbaok ez ditu 2009ra arte espazio guztiak martxan izango, baina, bien bitartean, 'hótik at' programeak erantzuna emongo deutse herritarrek ahalik eta arinen zentroaz gozetako azaltzen dituen asmoei.

'Slow Food' elikadura osasungarri, garbia eta justua sustatzen dauen mobimentua da. Horretarako, barraskilo baten irudia erabilten dau. 'Slow Food' mobimentuak bioaniztasuna eta elikadurearen eskaintza zabala defendiduten ditu, dastamenaren heziketea bultzatzen dau eta kalidadezko elikagaien produktoreak hartu-emonetan jarten ditu hainbat ekimenen bitartez. AlhondigaBilbao be bat dator balore horreekaz.

Egun horreetan BEC erakustazokan izango dan eta mobimentu honetan oinarrituta dagoan ‘Al Gusto, Saber y Sabor’ nazinoarteko azokeagaz batera, AlhóndigaBilbaok ‘El caracol visita Bilbao-Marraskiloa Bilbora dator’ programazinoa diseinau dau. Helburua da txikienei elikadura osasungarria eta familian egindakoa sustatzen daben baloreak helarazotea. Hori dala eta, AlhondigaBilbaok Mirikol izeneko barraskiloaren bisitea hartuko dau Bizkaia plazan.

Jarduerak sei egunetan zehar egingo dira. Hasiera batean, programazinoa lau egunetan egitea egoan pentsauta, baina, ekimenak ikastetxeen artean piztu dauen interesa eta izan dauen arrakastea ikusita, AlhondigaBilbaok erabagi dau karpan egingo dan jarduerea bi egun gehiagoz luzatzea.

Kontuak kontu, zemendiaren 29an eta 30ean eta abenduaren 3an eta 4an, ikastetxeentzako bisita gidatuak egingo dira. Sei eta 12 urte bitarteko 600 neska-mutil baino gehiago joango dira karpara, jolas, tailer eta jarduera desbardinen bitartez ahalik eta modurik osasungarrienean zelan elikatu behar dan ikasteko. Arratsaldez, 17:00etatik aurrera, karpea zabalik egongo da jente guztiarentzat.

Abenduaren 1ean eta 2an, helduek eta txikienek aukerea izango dabe 'Slow Food' mobimentua ezagutzeko, bost zentzumenetan zehar egingo dan ibilaldi baten bitartez; izan be, familientzako menuak preparauko ditue, eta ipuinak edota marrazkiak izango dira. Astegoien horretan, gainera, 18:30etatik aurrera, ‘Dastamenaren tailerrak’ egingo dira, bai helduentzat zein txikientzat.

Beste alde batetik, AlhondigaBilbao argitaratzaile lanetan hasi da, ‘El caracol visita Bilbao-Marraskiloa Bilbora dator’ izenburuko argitalpenagaz. Liburuak 25.000 aleko tiradea izan dau, eta doban dabilz banatzen Bilboko ikastetxe guztietan. Liburuak 'Slow Food' izeneko nazinoarteko mobimentuaren baloreak sustatzen ditu.

Heziketa-argitalpena da, eta oso harrera ona ari da izaten irakasleen artean; izan be, liburu honi esker, txikienek aukerea dabe Bizkaia plazako karpara joan aurretik, modu osasungarrian jateko era baten sekretuak ezagutu eta ikasteko.

AlhondigaTxiki bildumako lehenengo liburu honetan Pablo Barredo ilustratzaile bilbotarrak eta Virginia Lanzagorta nutrizionista bilbotarrak kolaborau dabe. Liburua BBKren babesari esker argitaratu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu