Jagon bildumearen 5. liburukia aurkeztu dabe Euskaltzaindian
2007-11-23 15:41 Euskerea berbagaiLiburuaren aurkezpenaren ostean, orain dala 25 urte Euskerearen Legea egin ebenei diploma bana emon jake. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazinoko lehendakariak eta Patxi Baztarrika Hizkuntza sailburuordeak banatu ditue.
Gaur, zemendiak 23, XI. Jagon Jardunaldiak egin ditu Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan, 'Euskerearen Legea, 25 urte Euskal Autonomia Erkidegoan' gaiaren inguruan. Sabino Arana Fundazinoagaz batera antolatu dauen jardunaldi horretan, eta 10/1982 Euskararen Erabilera Normalizetako Oinarrizko Legearen 25. urteurrenaren harira, arlo desbardinetako hausnarketea bultzatu gura izan dau Akademiak: legea onartu zaneko giro historiko, sozial eta politikoa, baita ordutik hona euskereak izan dauen garapena be aztertu dira. Azkenik, Euskal Herriko beste lurraldeen ikuspegia be adierazo dabe Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako ordezkariek.
Horrezaz ganera, beste ekitaldi bi egin dira: batetik, Akademiaren Jagon bildumearen 5. liburukia aurkeztu da, hau da, Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz izenekoa. Eta, bestetik, Euskerearen Legea egin ebenei omenaldia egin jake.
Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz liburuaren aurkezpena
Euskaltzaindiaren Jagon Sailaren Sustapen batzordeak egin dau Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz liburua eta Euskaltzaindiaren Jagon bildumearen 5. liburua da. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzinoz argitaratu da.
Hizkuntza-zuzenbidearen arloan nazinoarteko testu garrantzitsuen bildumea eskaintzen dau liburuak. Andres Iñigo Jagon sailburuak esan dauenez, 'euskerea ikututen dauen corpus juridikoa batzea izan da lan honen helburua eta, ondorioz, han-hemenka eta hainbat hizkuntzatan sakabanatuta dagozan gure hizkuntzearen erreferentzia juridiko guztiak euskaldunen eskura euskeraz jartea'.
Liburuaren atarikoan Andres Urrutiak esaten dauen legez, 'ahots desbardinak, hizkuntza desbardinetan. Horregaitik, hain zuzen be, berebiziko ahalegina egin dau oraingoan Euskaltzaindiaren Jagon Saileko Sustapen Batzordeak ahots eta mezu horreek, hizkuntza-zuzenbidearenak, euskeraz batzen, euskaldunek eskura izateko hots horreek barruratzen dituan mezua'.
'Bilduma batera ekarri dau Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeak egun euskereari bere herrialde guztietan aplikau ahal jakozan testu nagusiak. Ipar zein Hego Euskal Herrian, osterantzeko antolamentu juridikoen ganetik, hizkuntza-zuzenbidea helburu daben eta aplikagarri diran arauak eta bestelakoak dira honen eroaleak'.
Testu-bildumeagaz batera, eranskin legez, aurkibide analitikoak eta iturrien zerrendea ere eskaintzen dira liburuan.
Omenaldia
Liburuaren aurkezpenaren ostean, orain dala 25 urte Euskerearen Legea egin ebenei diploma bana emon jake. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazinoko lehendakariak eta Patxi Baztarrika Hizkuntza sailburuordeak banatu ditue eta honako hau jarten dau: 'Euskararen erabilera normalizatzeko 10/82 Oinarrizko Legeak 25 urte bete dituen honetan, lege hori ontzen aritu ziren andre-gizonak omendu nahi ditugu. Har ezazu diploma hau, egin zenuen lanaren aitorpen eta esker onez. Bilbon, 2007ko azaroaren 23an.'
Honeek izan dira omenaldian: Inmaculada Boneta, Ramon Labayen, Jose Luis Lizundia eta Jose Antonio Maturana. Ekitaldira etorri ezin izan diran Pedro Miguel Etxenike, Alberto Ansola eta Alfredo Marco Tabar be aitatu ditue omenaldian. Azkenik, Joaquin Maria Aginaga, Santiago Griñó y Rabert eta Jose Antonio Zaldua hildakoak be gogoan izan ditue.
Diplomak jaso ostean, Jose Luis Lizundiak -omendu guztien izenean- zenbait dokumentu historikoren dohaintzea egin deutso Euskaltzaindiari: berbarako, Euskararen Legearen testua osotzeko erabili ziran nazinoarteko testuak edota Legea bera egiteko prozesuan egin ziran zuzenketak eta emendakinak, baita onartu zaneko hemerotekea eta agiriak be. Dokumentu guztiak Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu ditu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!