Arantza Madariaga: 'gizonezkoen laguntzino barik ezin dogu bardintasuna lortu'

Koldo Isusi Zuazo 2007-11-23 12:17   Barriketan
Emakundeko Idazkari Nagusia

1999ko Biltzar Nagusian, NBEak Emakumeakazko Indarkeria Ezabatzeko Nazinoarteko Eguna izentau eban zemendiak 25.

Zemendiaren 25aren jatorria 1960an dago, urte horretan hiru Mirabal aiztak hil zituelako Dominikar Errepublikan politikan jarduteagaitik.

Kontuak kontu, gaur egun legearen aurrean Konstituzinoak gizon eta emakumeen berdintasuna autortu arren, giza eskubideen urraketak eguneroko kontua dira (hilketak, 69 aurten, gaur arte, eraso sexualak, tratu txarrak, mehatxuak, irainak, emakumeen irudi sexista eta estereotipatua...).

Egunotan eztabaidea izan da Barakaldoko webgunean tratu txar emoileen izen abizenak argitaratzeko aukerearen ganean eta gaiaren ganeko eretxi eta jarrerak pilatu egin dira.

Egun berezi honen ingurukoak, egungo egoeraz, orain arte emondako pausuez eta bihar-etziko erronken ganean berba egiteko Arantza Madariaga, Emakundeko idazkari nagusia konbidau dogu.


1.- Emakumeakazko Indarkeria Ezabatzeko Nazinoarteko Egunaren harian, zeintzuk dira aurtengo aldarrikapenak?

Aldarrikapenak zoritxarrez ez dira aldatzen aspalditik. Bardintasunaren bitartez, emakumeakazko indarkeriagaz amaitzea da asmoa. Emakumeakazko Indarkeria Ezabatzeko Nazinoarteko Egunagaz gizartea sentsibilizau gura da, barriro gogoratu gaia hortxe dagoala, XXI. mendean emakumeen kontrako indarkeria dagoala eta 60tik gora hildako izan dirala. Era berean, laguntzinoa eta babesa eskatu behar jako gizarteari holako jarrera eta erasoak salatuz, danon artean pausuak emon daiguzan.


2.- Emakunde, emakumearen euskal erakundeak 20 urte beteko ditu 2008ko zezeilaren 5ean. Ibilbide horretan ze pausu emon dau erakundeak? Ze mugarri nabarmenduko zeunke?

Erakundea bera sortzea sano garrantzitsua izan zan. Orduko politikoek apustu sendoa egin eben, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren menpeko erakunde autonomoa da eta hori babes eta seguridade itzela izan da.

Beste alde batetik, 20 urteotan bardintasunaren diskurtsoa eta eztabaidea kalean zabaltzeko abiarazotako pausu eta plangintza guztiak nabarmenduko neukez. Danak izan dira inportanteak baina mugarri garrantzitsuenetarikoa 2005eko Emakume eta Gizonen arteko Bardintasun Legearen onarpena izan zala uste dot, besteak beste, oinarri sendoa dalako bihar etzirako.


3.- Kofi Annan, NBEko idazkari nagusi ohiak esaten eban genero indarkeria giza eskubideen urraketa lotsagarriena dala. Zer uste dozu?

Bai. Giza eskubideen urraketa guztiak dira lotsagarriak baina bat nator Kofi Annanen eretxiagaz. Kontuan hartu, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibersalera 30 atal batu zirala orain urte batzuk eta horreetatik emakumeen kontrako indarkeria edota urraketakaz lotutakoak 18 dira, nahikoa datu adierazgarria.


4.- Indarkeria berbea entzukeran, gehienetan eraso fisikoak jatorkuz burura baina zelan baloretan dozuz ‘kalte’ fisikorik eragiten ez daben jarrera eta jokabideak?

Adituen ustez, eraso fisikoak baino larriagoak dira psikologikoak. Emakumea ‘gauza’ bihurtzea da erasogile horreen asmoa, emakumea gizartetik ataratea, isolatzea. Gogorra da esatea baina eraso fisikoak denporeagaz ‘osatu’, ‘konpondu’, ‘orbaindu’ leitekez zeozelan esateko baina psikologikoak, personearen nortasun eta autoestimuan eragindako kalteak ez dira sekula desagertzen edo konponbidea gatxagoa da sikeran. Emakumea hutsaren hurrengo bihurtzen doa eta atzera bueltetea oso gatxa izaten da.


5.- Emakumeen eta gizonen eguneroko bizitzan maskulinotasun eredu tradizionalek zelako eragina dabe gaur egun?

Maskulinotasuna eta feminismoa kontzeptu abstraktuak eta teorikoak izan daitekez baina gure ustez maskulinotasun ereduak eragina dauka bai gizonetan zein emakumeetan. Oraintsu egindako kongresu batean aztertu izan dogu maskulinotasun ereduari eusteak zer dakarren, zaintza, osasun, ekonomia, droga zein jarduera arriskutsuen arloetan eta ikusi doguna da gizonezkoentzat be ez dakarrela ezer onik. Maskulinotasun ereduari eutsiz, gizonek ez ditue sentimentuak adierazoten, sexu eta droga gehiegikeriak eta errepidean egindako astakeriak lorpen edo balentriatzat hartzen ditue baina zorionez, jarrera horreek baztertzeko joerea gero eta handiagoa da.


6.- Ohikoa da tratu txarrak sufriduten dituan personea isilik geratzea eta salaketarik ez jartea. Ikusitakoak ikusita, zergaitik jokatzen da holan?

Azken urteotan egoerak eta jarrerak nabarmen aldatu dira onerako baina bide luzea dogu oraindino. Edozein eraso edota menpekotasun jarrera baten aurrean, emakumeak gizonaren menpekotasunik eta tratu txarrik onartu ez eta banatzea edo alde egitea erabagiten dauenean, gizonaren erreakzinoa biolentoa izaten da kasurik gehienetan eta sasoi batean, emakumeak etxean egoten ziranean, zeozelan menpekotasuna ‘onartu’ egiten eben eta gizonezkoak nagusitasun eta dominatzaile egoera horretan eroso bizi ziran. Gaur egun, barriz, salbuespenak salbuespen, emakumeak etxetik kanpoko lan munduan sartu dira, independentzia ekonomikoa lortu dabe eta honezkero ez dagoz gizonaren menpean, sasoi bateko dependentzia hori desagertu egin da. Ganera, eraso txikiena salatzeko jarrerea gero eta zabalago dabil gizartean, gu behin eta barriro esaten gabilz holakoak salatu egin behar dirala, oro har, gizarteak ez dau onartzen holako jarrera dominatzailerik baina zoritxarrez, oraindino be giza eskubideen urraketa argien kontra emakumeek ‘erantzun’ eta askatasunaren bila doazenean, erasoak eta hilketak izaten dira.

Gure aldetik, instituzinoen aldetik gure lana da laguntzea, baliabideak emotea salatzea erabagiten daben emakumeei baina jakinik danon lana beharrezkoa dala bardintasuna eta gizarte bidezkoago bat lortzeko.

Oraintsu ezagutu dogu emakumeen kontrako indarkeriari buruzko azken urtebeteko datuak jasoten dituan txostena eta hor agiri diran datuak bildurgarriak dira, danetara, 3869 salaketa aurkeztu dira, hau da, egunean 10 salaketa baino gehiago dira. Pausuak emon doguz, bai, baina asko dago egiteko.


7.- Hezkuntzan ete dago arazoaren konponbidea?

Duda barik hortik hasi behar da. ‘Zer ikusi ha ikasi’ egiten dogu eta umeek nagusienen jarrera eta jokabideak imitetan ditue. Hezkuntza eta etxeko giroa oso garrantzitsuak dira personearen garapenean eta, esangura horretan, Emakundek aspalditik dauka biolentziaren prebentzinorako programa bat eskoletan. Hamar eta 11 urteko umeakaz hasi ginan eta orain proba pilotu bat egiten gagoz 8 eta 9 urteko umeakaz ze adituek dinoe umeek estereotipoak gero eta arinago garatzen edo bereganatzen dituela eta horregaitik da garrantzitsua gero eta gazteagoakaz lan egitea.

Era berean, beste kanpaina bat be martxan dago ‘Maitasuna ez da mando batez kontrolau daitekeen jokoa. Txo! Kontrolatzen? Zure agintea birtuala da, ni benetakoa’ goiburuagaz, 13 eta 18 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta.

Edozelan be, bardintasunaren gaia, indarkeriaren kontrako jarrerak eta abar etxean, familietan eta eskoletan ez eze, gizarteko arlo guztietan eta komunikabideetan zabaltzea komenidu da.


8.- Zelakoa da Berdinsarea, EAEko politika, ekonomia, kultura eta gizarte bizitzako arlo guztietan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko benetako eta egiazko bardintasuna lortzea helburu dauen euskal udalerrien sarearen orain arteko jarduna?

Oso pozik gagoz. Emakundek eta Eudelek emondako pausua oso garrantzitsua izan zan. Orain urte bi sortu zan eta gaur egun 36 udalerri dagoz sare horretan eta, beraz gure gizartean, biztanlegoaren % 30 inguru dago ordezkatuta. Beti esaten dogu udalak dirala herritarrakandik hurren dagoan erakundea dala eta alde horretatik holako babesa jasotea sano pozgarria da guretzako.

Zorionez, gero eta eskabide gehiago dogu sare horretara sartzeko eta esango deutsut baldintza batzuk betetea nahitaezkoa dala horretarako, besteak beste, bardintasun plangintza zehatza abiarazoko dauen teknikari bat izatea.

Beste alde batetik, argi itxi gura neuke Berdinsareak ez dauela bakarrik behar egiten sarera batutako 36 udalerri horreekaz, lana udal danatara zabaltzen da ahalik eta inplikazino handiena lortu guran.


9.- Zeintzuk dira Emakunderen gaur egungo burukominak? Bihar-etziko erronkak?

Bardintasuna lortu arte burukominak ez dira faltako. Sarritan pentsetan dozu egiten dogun lan guztia zertarako ete dan ze gizartean atzera pausuak ikusten dozuz sarri. Frutuak ez dira erraz ikusten baina badakigu emoitzak gitxika-gitxika datozela eta, esangura horretan, ez dago atzera egiterik. Pazientziaz jokatzen dogu ze badakigu urte askotan sakon sustraitutako estereotipo eta gizarte eredu bat aldatzen gagozala.

Erronken artean, lehen aitatutako legea garatzen jarraitzea da asmoetako bat eta, bestetik, oraintsu abiarazotako ‘Gizonduz’ ekimena, bardintasunaren gaian gizonezkoak inpliketako ekimenari bultzadea emotea. Emakundek badaki gizonezkoen laguntzino barik ezin dogula bardintasuna lortu, kontua ez da inoren ‘kontra’ egitea, danon artean gizon eta emakumeen arteko bardintasuna eredu izango dauen gizarte zintzoago, orekatuago bat lortzea. Labur esateko bardintasunagaz era aktiboan inplikauko diran gizonezkoen masa kritikoa sortzea da asmoa gizartean eredu izan daitezan eta jarrera hori zabaltzen lagundu dagien.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu