'Wine Star 2007' saria emon deutsie Errioxako ardaoari

Imanol Sarasola Enologoa 2007-11-22 11:54   Jan edanak

Estadu Batuetako entzute handiko Wine Enthusiast aldizkari espezializatuak jakitera emon dau 'Wine Star 2007' saria Errioxako jatorrizko izentapenari emon deutsiela ardaogintzarako urteko lurralde onenaren kategorian.

Estadu Batuetako entzute handiko Wine Enthusiast aldizkari espezializatuak jakitera emon dau 'Wine Star 2007' saria Errioxako jatorrizko izentapenari emon deutsiela ardaogintzarako urteko lurralde onenaren kategorian. Poztasun handiz jaso dabe barria Errioxako ardaogintza arloan, izan be, sari hori oso garrantzitsua da.

Wine Enthusiast Estadu Batuetan kontsumitzaileakan eragin handienetarikoa dauen aldizkaria da. Orain dala 20 urte sortu eben eta 500.000 ale saltzen ditu argitalpen bakotxeko. 2001ean hasita, Wine Star izenagaz ardaogintza arloko izen handiko lanak argitaratzen dira 10 kategoriatan banatuta eta, aurten, Errioxa Ardaogintzarako Urteko Lurralde Onena legez agiri da. Errioxako ardaogintzaren historia mendeetakoa bada be, eta hainbat urtetako esperientzia izanagaitik, gaur egun, bertako bodegeroek esaten daben moduan, garapen bidean dago. Izentapenak nazinoartean bere burua ezagutarazotea lortu dau.

Saria Nueva Yorken emongo da urtarrilaren 28an eta ekitaldia ardaogintzako AEBetako ekitaldirik entzutetsuena izango da.

Estadu Batuak, Britainia Handia eta Alemaniaren atzetik, Errioxako ardao eroslerik garrantzitsuenak dira eta, etorkizunera begira, merkadu hori ez ei da beherantz joango, gorantz baino. 2006an 6´8 miloe litro ardao saldu ziran AEBetara, Errioxako salmenten % 10, eta aurreko urtean baino % 13 gehiago. Igoera hori, ondutako ardaoen artean % 22koa izan zan. Errioxak AEBetan saltzen dauenaren ardoaren % 70 ondutako ardaoa da, balio erantsi handiena dauena izateagaitik.

Aurreikuspenen arabera, Errioxak, derrigorrez, promozinorako inbersinorik handienak bertan egin behar ditu. 2007rako, 2.170.145 euroko aurrekontua izan dau horretara zuzenduta eta datorren urterako handiagoa izango da. Kanpaina barria 'Vibrant Rioja'' deitzen da eta lelo horrek kontsumitzaileari aditzera emon gura deutso zelan bizi daben Errioxan ardaoagazko pasinoa eta zelako aldaketak izan diran azken 15 urteotan ardaogintza arloan. Kanpainan, baita, Errioxako Ardaoak New Yorkeko Moda Astea eta Culinary Institute of America, sumiller eta sukaldarien formazinorako erakunde entzutetsuena diruz lagundu dituala be erakusten da.

Wine Enthusiast-ek emoniko saria Errioxako ardaoa munduko ardao guztien artean lortzen dabilen ospearen ezaugarri bat da. Izan be, Wine Intelligence Britainiar konsultoreak eginiko ikerketa batean be, Errioxako ardaogintzea, mundu zabalean arrakastatsuena ez bada, arrakastatsuenetariko moduan aitatzen dabe. Ezin ahaztu Errioxako ardaoen artean arabar errioxako ardoak dirala ezagunenetarikoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu