Jon Martin finalera

Bizkaie! 2007-11-19 14:59   Bertsolaritzea

Eskoriatzan astegoienean jokatutako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoan, Jon Martin oiartzuarrak irabazi eban zuzeneko txartela eta Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre gertu izango dira, puntuazinoaren arabera behintzat.

Eskoriatzan astegoienean jokatutako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoan, Jon Martin oiartzuarrak irabazi eban zuzeneko txartela eta Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre gertu izango dira, puntuazinoaren arabera behintzat.

G punturako bidean, finaleurrekoetan lehenengoa, Eskoriatzan zaleak gora, bertso puntuagarriak gora, bertsolarien maila be gora... Barrikuntzetan aitagarriena kanturako ariketena: hamarreko txikian ez dabe kantau beharko jada, eta puntuka eta sei puntuko motzean aritu beharko dabe, haren ordez. Bertsoaren adar barriak jokoratu dira G puntura, eta horreei sendo eutsi ezik iges egingo deutso Ilunbeko zezenak.

Eskoriatzako Intxaurtxueta kiroldegira 1.000 lagun hurreratu ziran eta kanpoko hotzari aurre egiteko agurrek be berogarri lana egin eben hasieratik. Agirrek trenetik jaisteko gogo gitxi ekarri dau; Irazuk, hurrena, Xanti, Patxi eta Juanitori txaloka hasi da. Amaren txarolezko zapatakaz konparau dau Txapelketea, Uxuek. Gaztelumendi kapaz dala erakustera etorri da. Ahots txikiz baina beretik abestera datorrela esan dau Agirreazaldegik. Azkenik, Martin eztarriko arazoak ahaztuta, oilartzera etorri da.

8ko handian ekin eutsen, beraz, lehen finalaurrekoari. Agirrek eta Irazuk ekin eutsien. Hamabost urteko gazte baten gurasoak dira. Alabeak esan deutse balleteko dantzari izan nahi dauela eta etxetik 600 kilometrora dagoan ikastetxera joan nahi dauela dantzan ikastera. Egoki hasi ziran biak be, akatsik barik. Irazuren bigarrenak emon eutson punttua lanaldiari.

Alberdi eta Gaztelumendik jarraitu eben. Lankideak dira biak; euren lantokia zarratu behar dabela-eta, lanean jarraitzekotan, atzerrira joatea proposatu diete. Bertsokera finez aritu dira saioko bi gazteenak. Gaztelumendiren hirugarrenak txalo asko jaso ditu.

Agirreazaldegi eta Martin izan ziran azkenak. Eskulturak zaharbarritzen egiten dabe lan biek; hurrengo zeregina Franco-ren eskultura bat zaharbarritzea izango dabe. Polito ibili ziran biak Franco-ren eskulturea barritzearen kontrako jarreran.

Hortik aurrera, 8ko txikian, puntukako saioan, sei puntuko motzeko ariketan zein kartzelakoan, bikain ibili ziran danak baina bateren bat nabarmentzekotan Gaztelumendiren bertsoetako egokitasuna, Martin eta Uxueren bertsoen sendotasuna, egokitasuna eta erritmoa.

Kontuak kontu, azkenean Jon Martinentzat, beraz, Ilunbeko finalean kantetako Eskoriatzako zuzeneko txartela. Oiartzuarraz gan, Irazu eta Agirre gertu izango dira, puntuazinoaren arabera behintzat

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu