Eneritz Gorritxategi: 'bizitzako beste arlo batzuez be disfrutetako beharra ikusten dogu'

Saioa Torre Gereketa 2007-11-19 11:42   Barriketan
Ene Bada taldeko trikitilaria

Euskal Herriko eta munduko makinatxu bat plazatan kontzertuak emon eta jentea jantzan imini ostean, jaio eta hamar urtera, Ene Bada talde bizkaitarrak agur esango deutsie erromeriei. Azken kontzertu berezia antolatu dabe zapatu honetarako, zemendiak 24, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Aurretik, Eneritz Gorritxategi taldeko trikitilariagaz bat egin dogu taldearen errepasoa egiteko eta beste zenbait kontutxu kontetako.

1.- Taldeak hamar urte egin ditu taula ganean. Zelan gogoratzen dozuz sorrerako sasoi hareek?

Ilusino handiz hasi ginan erromerietan joten. Lehengo 2 neskok, Edurtzeta eta ni ibilten ginan herririk herri, baina 1997tik 98rako gabonetan talde heavy bateko bajujole eta bateriajole bat 'reklutau' genduzan eta euskal herrian plazarik-plaza ibilteari ekin geuntson. Ha zan nahastea, heavyak trikitilariakaz. Urte bete geroago, kitarrajole bat be 'reklutau' ostean (rockeroa), oso giro polita, alaia egoan taldean eta lehengo diskoa grabau genduan. Jenteak gu ezagutzea lortu eta holan hasi ginan aurrera bidean.


2.- Orain, ixtea erabagi dozue. Zergaitik?

Hamar urte pasau izan doguz plazarik plaza, saltoka, irribarre bategaz arpegian eta gustora benetan, baina... beste gauza asko itxi behar izan doguz holan ibilteko; asteburu danak okupauta, planik ezin egin sekula be, udako opor barik... oporrak zer diranik be ez. Gazte-gaztetatik hasi ginan, 16 eta 18 urtegaz, eta, momentu honetan, bizitzako beste arlo batzuez be disfrutetako beharra ikusten dogu. Danon arteko erabagia izan da, batezbe neskok bultzatutakoa, deskantxu txiki bat hartzeko beharra dogu. Baina... musikariak gara, musikeagaz jarraituko dogu, han edo hemen ibiliko gara eta gugaz jantzan egin izan daben horreek barriro be topauko doguz. Beste proiektu batzuk, beste arlo batzuk buztartu... Ondino gauza asko daukaguz ikusteko eta ikasteko!


3.- Durangoko Plateruena Kafe Antzokian izango da azken kontzertua. Zeozer berezia preparau dozue ala orain artekoak moduko emonaldia izango da?

Bai, zelan ez! Guretzako oso berezia izan da Ene Bada proiektua, kristona, ezin da azaldu emon deuskuna eta gure artean oso ondo konpontzen garan momentu batean ixten dogu, plazetan be presente gagozan momentu batean. Hori dala eta, ez dogu penatuta itxiko (halanda be, hori egunean bertan ikusi beharko da), jai bategaz itxiko dogu. Plateruenako kontzertuan, Ene Badagaz jo izan daben musikagile ugari egongo da tabladuan, argazkiak egongo dira, sorpresaren bat be bai... Azken batean, juergea eta jaia egongo dira. Horixe izan da Euskal Herriko plazetan ezagutu eta lortu izan doguna urteotan eta holantxe amaitu gura dogu.


4.- Heavy, rock, triki... Danetarik nahastau dozue. Zelan definiduko zeinke Ene Badaren musika-estiloa?

Zenbat definizio imini deuskuezan! Triki-rock, triki-pop, triki-country, triki-punk... Ez dakit, neuk be ez dakit zelan definidu. Momentu batxean, sentitu izan doguzan eta urten jakuzan kantak jo izan doguz; barrutik urten jakuna grabau izan dogu; eta, bersinoak egiterako orduan, benetan gustetan jakuzanak eta kanta alaiak jo izen doguz, punk, rock, pop edo zer ziran begiratu barik. Bai, aurretik aitatutako musika arlo guzti horretatik pasau gara, eta egia da trikia badagoala Ene Badan (ni neu), baina ez jaku inoiz gustau holako fusino-izen arrarorik jartea. Instrumentu guztiek euki dabe sekulako garrantzia taldean... Zergatik ez, orduan, kitarra-punk? Edo pandero-rock?

Izen bat emotekotan gure musika estiloari: Ene Badaren musika estiloa da: martxosoa!


5.- Egin daigun zuen diskografiaren errepasoa...

Bi disko grabau doguz: 'Ai ene' eta 'Uretik izotzera'. Biak Gaztelupeko Hotsak zigilupean. 'Ai ene' guk geurera egin genduan eta 'Uretik izotzera' diskoan Fran Iturbe ibili zan produkzino lanetan. Bata 99an atara zan eta bestea 2001ean, oker ez banago. Handik aurrera single ugari atara izan doguz, '5 naufrago', 'Euskal Herrian euskaraz', 'Erdu nire ondora', 'Benusetik gertu'... Gure teoria zan: Euskal Herrian ez da diskorik saltzen eta irratian abesti bakarra iminten dabe... Bagenkian garrantzitsua zala zure kantaren bat irratian entzutea noizbait. Horretarako formulea: singlea atara eta jo eta fuego zuzenekoetan, daukagun dana emotera!

Kanta garrantzitsuenen artean, 'Euskal Herrian euskaraz', 'Oroituz'eta 'Erdu nire ondora' dagozala esan daiteke.


6.- Zuen erronkea, zuen benetako bizitasun eta ikusgarritasuna zuzenekoetan erakutsi dozue. Jantzarako prest egoten da euskal publiko gaztea?

Bai, gazteak ondino jantzarako prest dagoz, gero eta gehigo, ganera. Kontua da, kontzertua dan lekuaren arabera hurreratzen dan jente muetea, giroa... Errealidadie desbardinak dagoz baina, normalean, Ene Badak esan leike Euskal Herriko gazteriak, eta baita kanpotarrek be, jantzan egiten dauela, eta zelan! Batez be gaueko ordu txikietan joten badozu. Hor... ez dau librauko danik!


7.- Orain dala hogei urte inguru sartu zinien trikitixearen munduan. Ze eboluzino bizi izan dozue ordutik hona?

Edurtzeta eta ni orain dala 20 bat urte hasi ginan, bai. Eboluzinoa... ba maila personal eta profesionalean kristona, zenbat eta gehiago jo, zenbat eta jende gehiago ezagutu, teknika desbardinek ikusi, trikitixea biziteko era desbardinek ikusi... Zeuk be, zeure interpretazino propioa egiten deutsazu instrumentuari eta zeure lekua topetan dozu instrumentu eta (kasu honetan) mobimentu kultural horretan.

Txikitan, trikitixea herriko jaietan kalejiran joteko instrumentu legez ikusten genduan; gero, lagunakaz tragoak hartzen zoazen bitartean giroa alaitzeko tresna moduan; ostean, txapelketatan parte hartu eta jenteak zu ezagutzeko bide moduen; handik, jenteari gaua alaitzeko balio daben droga moduan, aste barruan, zure lana izatera bihurtzen da (biok gara triki eta pandero irakasleak, hortik aparte be irakasle garan arren); eta, azkena eta garrantzitsuena, zure lehenengo konfidente inkondizional moduan, zuk nahi dozunean hor dagoan laguna, lasaitzen lagunduko deutsun laguna eta barruan gordeten doguzan nerbio eta bildur horreek ataraten lagunduko deutsun auspozko lagun-botoiduna.


8.- Mundua ezagutzeko aukerea be izan dozue eta Alemanian, Suitzan, AEBn, Herbehereetan... izan zaree. Zelakoa izan da jentearen erantzuna?

Bai, hainbat lekutan izan gara eta beti, beti lortu izan dogu jentea jantzan imintea. Leku batzuetan jentetzeagaz eta beste batzuetan gutxiagogaz, baina... esan geinke beti lortu dogula jentearen erantzun oso positiboa. Zeozer badaukagu taula ganean, hori umore ona eta alaitasuna da, eta... nori ez jako gustetan alaitasuna? Zeinek esango deutso ezetz alaitasun eta zoramen dosi txiki bati?


9.- Zelan ikusten dozue euskal erromeriaren osasuna?

Euskal erromera... bizirik, guk bizirik ikusten dogu. Jente gaztea jantzan egiteko gogoz, trikitilariak eta musikari gazteak edonon topau daitekez... Zer gehiago behar da? Ez dago bildurrik, odolean daroagu euskaldunok plazako jantza giroa eta gatxa da hori gorputzetik ataratea.


10.- Beharrezkoa da euskal musikea beste musika-estilo 'modernoagoakaz' buztartzea jentea erakarteko?

Horra hor, Tapia ta Leturia. Euren zuzenekoa tradizionala da, benetan, baina... oso ona. Zahar, gazte zein ume, danak jantzan. Beste alde batetik begiratuta, Lin Ton Taun, Kepa Junkera, Goseren proiektu teknoa... Euskal Herrian eta munduan danentzako lekua dago bakotxak gustetan jakonari ekiteko eta ekin, ekin gogor!


11.- Betirako agurra da?

Momentuz, bai. Inork ez dau pentsau bueltan, inork ez dau horren ganean berba egin. Uste dot, ganera, inork ez daukala horrelako asmorik. Zelan itxiko dogu, ba, itzelezko agurra egin ostean... gero barriro bueltetako bada? Badakit ez dala esan behar, etorkizunean zer EZ dozun egingo, baina... nik ezetz uste dot. Denporeak emongo deust, edo ez, arrazoia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu