G puntua berbagai Beñat Gaztelumendi eta Uxue Alberdigaz

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2007-11-15 14:54   Bertsolaritzea

Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendigaz ibili gara berbetan. Biak be, zeresan handia dabe Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Saio ederrak egin ditue eta euren kanturako segurtasunak dinosku ez dala kasualidadea izan.

Gpuntua Eskoriatzako polikiroldegiraino mobiduko da zapatu honetan, zemendiaren 17an. Bertan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehenengo finalerdian kantari jardungo daben sei bertsolariak honakoak dira: Jexux Mari Irazu, Uxue Alberdi, Jon Martin, Ainhoa Agirreazadegi, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendi.

Gu Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendigaz ibili gara berbetan. Biak be, zeresan handia dabe txapelketa honetan. Saio ederrak egin ditue eta euren kanturako segurtasunak dinosku ez dala kasualidadea izan. Bizkaie!-k onena opa deutse.


1. Zelan ikusi dozue zeuon burua txapelketan?

Beñat Gaztelumendi: Txapelketa honetan saio bi egin dodaz, eta bietatik oso sentsazino desbardinekaz atara naz. Lehenengo saioa Orion egin neban, eta han ez neban askorik gozau, bertso zuzenak kantau arren ez neban ezer orijinala edo polita egiterik izan. Baina final-laurenetan saio potentea egokitu jatan Tolosan, eta sekulako ilusinoa neukan hor kantetako. Saioaren hasieran urduri samar ibili nintzan baina pixkanaka giroan sartzea lortu eta azkenerako dezente gozau neban; batez be ikusi nebalako hainbeste jenteren aurrean eta holako saio batean saio polit bat egiteko gai nintzala. Beraz, azkenerako oso gustura ari naz geratzen txapelketeagaz.

Uxue Alberdi: Nahiko ondo. Lehenengo txapelketea dodala kontuan hartuta nerbioek ez deustie pasada txarregirik emon. Gustora nago orain arte saioetan niretik zeozer itxi dodalako. Ez dot ariketa guztietan asmau, eta akatsak egin dodaz, baina ariketa bat edo bestetan nahi nebana egitea lortu dot, eta horregaz pozik. Ganera, txapelketearen inguruko guztia da politena: entrenetako lagunakaz batzea, lagunen saioak jarraitzea, alkarregaz ospatzea eta alkar kontsoletea...


2. Ze asmo izan zenduen txapelketea hasi aurretik? Helburuak aldatu egin dira?

B. G: Egia esan ez nintzan asmo eta helburu bereziekaz apuntau. Saio polit bat egin nahi neban, ikusi nahi neban gai nintzala txapelketako saio bateko tensinoari aurre egiteko. Lehenengo saioan ez neban guztiz lortu agian, gehiago joan nintzalako hutsik ez egitera arriskatzera baino. Tolosako saioan, barriz, banekian barruan neukana emon behar nebala, benetan gozetan joan behar nebala txapelketan nengoala ahaztuta. Beraz, hasierako helburua bete dot; tensinoari nahiko ondo egin deutsat aurre. Hemendik aurrera be gauzak ez dira askorik aldatuko; badakit nik espero neban baino askoz urrunago heldu nazena eta hemendik aurrera ezin dodala gehiago eskatu. Saio polit bat egin nahiko neuke; puntuak ahaztu eta gozetako.

U. A: Egia esan, ez neukan asmorik edo helbururik. Inguruko lagunek izena emon behar ebelako animau nintzan, eta nire burua probetearren. Txapelketako saio bakarrean kantauko nebala uste neban eta, alde horretatik, uste baino luzeagoa egin jat txapelketea. Hasieratik, ahalik eta ondoen abestea zan nire helburua, eta oraindino be holan da. Egia da espero ez neban zeozer pasau jatala: nik uste neban bape presinorik bako txapelketea izango zala, baina kanporaketa fasea pasau nebanetik kanpotik presino dexente igarri dot, jenteak nigandik zeozer esperoko baleu legez. Eta hori karga bihurtu jat momentu batzutan. Baina saiatu naz nire buruari behin eta barriro esaten nik ez dodala inori ezer demostrau beharrik. Ahalik eta gehin gozau nahi dot kantuan.


3. Zelan Hamaika Bertutegaz? Balio izan deutsue txapelketarako?

B. G: Ni oso gustura nabil. Batetik, bestelakoan ezagutuko ez neukezan hainbat plazatan kantetako aukerea izan dodalako. Ni normalean Donostia inguruan ibilten naz, eta Hamaika Bertutegaz esparru horretatik kanpoko saio batzuk be izan dodaz. Gainera, bertsolarion arteko hartu-emonak be dezente estutu dira eta egiten dogunaren inguruan hausnartzeko be balio izan deusku. Beraz, oso gustura. Txapelketarako ez dakit zenbateraino dan baliogarria. Hasi ginanean ez ginan txapelketara begira hasi, eta nik ez deutsat ezer eskatzen txapelketarako. Halanda be, beti da ona zure kantukide izango diranak hobeto ezagutzea eta plaza gehiagotan aritzea.

U. A: Oso ondo. Udan bakotxa bere aldetik ibili da eta taldea ez da beti bezain aktibo egon, baina irailetik aurrera barriro hasi gara geure burua antolatzen, eta gogoz eta indar handiz ari gara barriro. Proiektua sortu genduanetik 150 saiotik gora egin doguz, eta eskaera barriak datoz etenbarik. Eta txapelketarako? Bai, txapelketarako be balio deusku. Azken batean lagun talde handia gara, eta Hamaika Bertuteri esker alkarrengandik askoz gertuago gagoz. Entrenetako askoz lagun gehiago dogu orain, adibidez. Lehen ingurukoak bakarrik alkartuko ginan, eta orain edozeini deitu ahal deutsagu alkartu eta bertsotan egiteko. Alkarlanak onura asko ekarten ditu, eta onura horreek bizitzako alderdi askotan aplikau daitekez.


4. Nor ikusten dozue txapelerako faborito?

B. G: Nik jente asko ikusi dot oso ondo preparauta, eta faborito bat baino gehiago daukadaz. Nik Tolosan Mendiluze eta Maiagaz kantau neban, eta biek emon eben oso maila ona, espero zan bezela. Baina, beste kanporaketetan be saio ederrak entzun dira, eta ezin neike esan zein daukadan faborito argitzat, behin Ilunben sartuta edozeinek irabazi leike eta.

U. A: Teknikoki abilena Mendiluze dala uste dot, baina edozer pasau daiteke, eta txapela lortzeko baino, finaleko zortzikotea osotzeko izango da lehia estuena, nik uste. Sarriegi, Jon Martin, Mantxi eta beste gazte batzuk be ez neukez bistatik galduko!!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu