Euskerea sustatzeko akordioa sinatu dabe Bertsozale Elkarteak eta Jaurlaritzeak

Bizkaie! 2007-11-08 10:45   Bertsolaritzea

Bertsozale Elkarteak transmisinoan (bertso eskolak), ikerkuntzan eta komunikazinoan lan egingo dau batez be. Horretarako, 126.111 euro jaso ditu Jaurlaritzatik.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak hitzarmena sinatu dabe Donostian. Holan, orain dala zazpi urte sinatutako lankidetzeari jarraipena emon deutsie, Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusian (EBPN) batutako helburuak beteteko.

Aitatutako planaren hirugarren helburu estrategikoak dino hizkuntzea eroso eta erraz egin eta erabiliko bada, elikatu egin behar dala, liburu, irrati, aldizkari, egunkari, telebista eta abarren bidez.

Euskerea Sustatzeko zuzendari Miren Dobaran eta Bertsozale Elkarteko presidente Iñaki Murua ondoan zituala, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazo dau Bertsozale Elkartea euskerearen ezinbesteko erakundea dala eta, sinatutako hitzarmenari esker, aitatutako helburua lortzeko behar dan moduan lan egiteko aukerea izango dabela.

Bertsozale Alkarteak transmisinoan (bertso eskolak), ikerkuntzan eta komunikazinoan lan egingo dau batez be, azaldu dau Baztarrikak. Lan hori aurrera eroateko, Eusko Jaurlaritzeak 126.111 euro jarri dituala iragarri dau.

Baztarrikak azpimarratu dauenez, gure gizartearen eta hizkuntzearen ondare garrantzitsua da bertsolaritzea eta danon eginbeharra da beroni bizirik eta indartsu eustea. Bertsolaritzea jolas eta aisialdiko ekintzea da, beti be hizkuntzea tresna edo bitarteko dala. Hori guztia dala eta, ganeratu dau Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen lana bete-betean bat datorrela euskerea sustatzeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen helburuakaz.

Helburuei jagokenez, transmisinoaren atalean bertso eskolak eta hezkuntza arautuan bertsolariek egiten daben ekarpena nabarmendu dau. Horren harira, bertsozaletasunaren iraupenerako eta euskerearen erabilerea gazteen artean sustatzea behar-beharrezkotzat jo ditu Baztarrikak. Globalizazinoaren garaian bizi gara eta transmisino-moduak eta bideak etenik barik aldatzen dira; edozein modutan, bertsolariek ahalegin berezia egin dabe garai barrietara moldatzeko, azpimarratu dau.

Ikerketa arloa be landu beharreko esparrua danez, Baztarrikak esan dau horretarako bitartekoak jarri behar dirala. Bertsolaritzearen ondarea gorde eta ikerlarien lantokia dan Xenpelar Zentroa be sendotu beharra dogu, nabarmendu dau. Bide horretan, ikerketeari laguntzeko zentro horretako fondoak horniduten jarraitzea eta materiala behar dan moduan gorde eta sailkatuta eukitea behar-beharrezkoa dala azpimarratu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu