Ingenia 2007 sariek ITP enpresearen lana eta Joseba Jauregizarren ibilbide profesionala autortu ditue

Bizkaie! 2007-11-07 13:42

Bilboko Injineru Eskola Fundazinoak abiarazotako ekimen handinahi honen helburu nagusia, injinerutzeagaz zerikusia daben persona, lantalde, enpresa edo erakundeen lana eta gizaberatasuna aintzat hartzea da.

Industria de Turbo Propulsores (ITP) aeronautika sektoreko euskal enpreseak eta Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Informazino Gizarteko zuzendari Joseba Jauregizarrek Ingenia 2007 Sariak irabazi ditue. Sari honeek Bilboko Injineru Eskola Fundazinoak banatzen ditu urtero injinerutzeagaz zerikusia daben enpresa eta personen lana aldarrikatzeko asmoz. Sariak emoteko ekitaldia astelehenean, zemendiak 12, arratsaldeko 19:30etan egingo da Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Ikasgela Nagusian.

ITP Euskadin aeronautika sektorean dagozan konpainia nagusietakoa da. Sener Aeronautikak eta Rolls Roycek partekatutako enpresa hau ITP Taldearen sorgunea izan da. Aireontzientzako motoreak eta gas turbinak egitea da enpresearen jarduera nagusia, injinerutza, ikerketa eta garapena, fabrikazinoa, muntaia eta probaldiak barne hartuta. Horrezaz gan, ITP aeronautika sektoreko motoreak fabriketan dituezan munduko enpresa gehienen mantenimendu zerbitzu ofiziala da.

Enpresa-taldeak hiru filial ditu Zamudion, Barakaldon eta Mexikoko Santiago de Queretaro urian, zortzi bat lantegi Espainian zehar sakabanatuta eta beste bat Erresuma Batuan. Danetara, 2.500 langile ditu, eta bere bezero nagusien artean Boeing eta Airbus nabarmendu behar dira. Airbusentzat, Superjumbo izenaz ezagutzen dan munduko aireontzi handienaren presino baxuko turbinea fabriketan dabil. ITPk Zamudion dauka egoitza nagusia eta 2006an 440 miloe eurotik gorako fakturazinoa egin eban. Taldeak baliabideen zati handi bat eskaintzen deutse barrikuntzeari eta teknologia propioaren garapenari. I+G+b proiektuak produktuak garatzeko alor guztietara zabaltzen dira, diseinuan nahiz produkzinoan lehiakortasunezko abantailak eskaintzeko asmoz.

Bestalde, Joseba Jauregizarrek gizarte garapenaren ondoko hiru eragileak izan ditu ardatz bere bizitza profesionalean: zientzia, teknologia eta barrikuntzea. Prestakuntza akademikoa Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoan hasi eban, eta bertan lortu zituan industria eta telekomunikazinoetako injineru tituluak. Ondoren, Ingurumen Injinerutzan eta Udal Industri Injinerutzan diplomau zan. Enpresa desbardinetan lan egiten hasi zan, baita teknologiaren transferentzia zentroetan be, Nafarroako Industriaren Elkartean kasu. 1986tik 1991ra bitartean, Robotiker enpresako zuzendari gerentea izan zan, eta aitaturiko azken urte horretan, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia Saileko Teknologia zuzendari izentau eben.

Azken 16 urteotan, Joseba Jauregizarrek euskal administrazino publikoak teknologia, telekomunikazino eta barrikuntza alorretan garatutako politikak zuzendu ditu. Gaur egun, Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologia eta Informazino Gizarteko zuzendaria da. Bere zereginik behinenetakoa da, besteak beste, 2005-2008 epealdirako Zientzia, Teknologia eta Gizarte Plana garatzea. Zientzia eta Teknologiaren Euskal Kontseiluko kidea da, eta Zientzia eta Teknologiaren Estaduko Kontseilu Nagusiko kidea be bai. Horrezaz gan, Euskadiko teknologia zentroen patronatuetako eta IK 4 eta Tecnalia korporazinoetako kidea da. Era berean, Eusko Ikaskuntzako Ekonomia eta Gizarte Gaien Ikerketa Batzordeko partaidea da.

Ingenia Sarien VI. edizinoa da aurtengoa. Bilboko Injineru Eskola Fundazinoak abiarazotako ekimen handinahi honen helburu nagusia, injinerutzeagaz zerikusia daben persona, lantalde, enpresa edo erakundeen lana eta gizaberatasuna aintzat hartzea da. Aurreko edizinoetan, golardoa Idom, Iberinco, Sener eta Panda Software enpresek eta Ormazabal enpresa-taldeak jaso dabe. Ibilbide profesionalarentzako sariari jagokonez, Santiago de Ybarra (Vocento), Luis Maria Cañada (Vicinay Cadenas), Juan Celaya (Cegasa), Josu de Lapatza (Amurrio Ferrocarril) eta Javier Madariaga (Ingeteam) izan dira orain arteko sarituak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu