Agirre Lehendakariaren 'plana'
2007-11-06 14:20Oraingo artikuluan orain dala 70 bat urte EAJk eta Jose Antonio Agirre orduko Lehendakariak 'plan' bat abiarazoteko egindako ahaleginaren barri emongo dogu.
Iraileko azkenengo egunetan Ibarretxe Lehendakariak ekimen politiko barria aurkeztu eban Eusko Legebiltzarrean. Batzuentzako 'Ibarretxe Plana' deitutakoaren bigarren atala baino ez zan. Euskal Herria Espainiatik eta Frantziatik askatu nahi dauen planaren beste atal bat.
Oraingo artikuluan orain dala 70 bat urte EAJk eta Jose Antonio Agirre orduko Lehendakariak 'plan' bat abiarazoteko egindako ahaleginaren barri emongo dogu. Bere momentuan, erderaz 'obediencia vasca' deitu jakon egitasmoari eta hauxe da, gitxi gorabehera, jazotakoa.
1939. urtearen azkenera, Espainiako Gerra amaituta egoala eta euskaldunak eta euren ordezkaritzea, Euzkadiko Jaurlaritzea, erbestean zirala, EAJko agintari garrantzitsuenak, hau da, Agirre Lehendakariak eta bere gobernuko sailburu jeltzaleak egoerearen azterketea egin eben. Ondorioen artean, bi nagusitu ziran: alde batetik, Espainiar Errepublikea deseginda egoala igarri zan; bestetik, Europan etorkizunean jazo beharrekoaren arabera, Bigarren Mundu gerrea hastear egoala konturatu ziran eta euskaldunen arazoak beharbada beste inguru batzuetan konponduko behar zirala pentsau eben. Erabagia argi egoan: euskaldunen aldarrikapenetan zeozer egin nahi izan ezkero, Espainiari eta espainiarreri lotzen eutsiezan lotura guztiak apurtu behar ziran.
Asmo horregaz, euskal abertzaleak Espainiako alderdi politikoakaz loturak eukiezan Euzkadiko Jaurlaritzako beste alderdi politikoen eretxia jakiten ahalegindu ziran. Goian aitatutako azterketeari jarraituz, aurrerantzean Espainiako alderdiakaz eukiezan lotura eta menpekotasun guztiak apurtzeko prest izango ziran galdetu eutsien Jaurlaritzako sozialista, komunista eta errepublikarrei. Agiria lehenik eta behin sozialistei bialdu jaken, Jaurlaritzan ziran talde politikoen artean eurak ziralako alderdi nagusia.
Urtea eztabaidetan joan jaken Eusko Jaurlaritzako alderdi espainiar zein abertzaleei. Dana dala, espainiarren artean, Santiago Aznar sailburu sozialistea eta Ramón María Aldasoro sailburu errepublikarra Agirrek eta EAJk eskatutakoagaz bat egiten hasi ziran. Ordurako, Euskadiko Sozialisten Batzordeko nagusi Paulino Gómez Beltrán eta beste kide batzuk be proposamena ondo ikusten ebela aitatu eben, baina ezin ebela erantzun ofizialik emon euren kideakaz komentau arte.
Eretxi horrek ekarrena arriskutsua begitandu jakon Mexikon egoan Indalecio Prieto sozialista ospetsuari eta berehala abisau eban sozialistak lehenik eta behin espainiarrak zirala eta ez egoala ezelako zatiketarik edo euskal alderdi sozialista baten sorrerarik onartzerik.
Ezbai gogorrak izan ziran euskal sozialisten artean. Eusko Jaurlaritzako industria sailburu Santiago Aznar sozialistea be ahalegindu zan alderdi politiko sozialista barria sortzeko pausuak emoten. Aldasoro berak be, Espainiako alderdi errepublikarrak antolatutako ekintzetan parterik ez hartzea erabagi eban, bere euskal nortasuna aldarrikatu eta Espainiagazko loturak apurtu guran.
Baina egoerea pil-pilean zala, 1940ko bagilean, aurreko urteko irailetik martxan zan Bigarren Mundu Gerran aurrerakada nabarmena egin eben alemanek, Parisera arte helduta. Agirre Lehendakaria Belgikan egoan orduan, bertan errefuxiauta egozan ama eta senideak bisitetan. Egun batetik bestera, naziek atrapau eben, Frantzian ziran hainbeste erbesteratu euskaldun legez, agintariak barne.
Ondorioz, ez zan gehiagorako astirik izan eta bakotxak ahal izan eban moduan alde egin eban. Agirre Lehendakariarentzako zein beste euskaldun askorentzako beste erbesteratze gogor bat hasi zan, politikarien artean ordura arte buruhausterik handienetakoa zan 'euskal nortasun eta menpekotasun politikoko' kontua bertan behera geratuz.
Holan amaitu zan kontua. Luzaroan, laster Londresen sortuko zan Manuel Irujoren gidaritzapean, Euskal Batzorde Nazioanalak hartu eban erreleboa. Baina hori beste kontu bat da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!