Jesus Eguzkiza 'Eguzki': 'esateko idazten dogu eta entzuteko esaten dogu'

Koldo Isusi Zuazo 2007-11-05 14:56   Barriketan
Bikoizketa aktorea

Aurten bete dira 25 urte hizkuntzearen artisauak, itzultzaile-egokitzaileak beharrean hasi zirala gure artean. Euskal Herrian 1983 eta 1993 bitartean bizi izan eban boladarik garrantzitsuena bikoizketa lanak; tarte horretan 1500 ordu inguru bikoizten ziran urtean ETB1erako eta azken urteotan, barriz, 500 ordura be ez da heltzen. Sasoi batean 150 filmetik gora bikoizten ziran urtean.

Bilboko Herri Irratian hasi zan baina bikoizketa lanetan 25 urtetik gora (Edertrack-en lehenengo eta Irusoinegaz bategin osteko Mixer enpresan orain) daroazan Jesus Eguzkiza ‘Eguzki’ (Arrazola, 1946) jn.agaz ondoko barriketaldia izan dogu:


1.- Zelan gogoratzen dozuz lehen euskal bikoizleak lanean hasi ziraneko momentuak?

Momentu amesgarriak izan ziran, esparru barri baten ohiartzuna etorrelako; euskereak orreatino beste indar bat hartuko ete dau, beste urtenbide bat eukiko ete jok? Nire buruan holako pentsakizunak ebilzan. ETB emitiduten hasi aurretik Donostian urtebete lehenagotik ikastaro batzuk egiten baebilzan, bikoizketearen mundua zer zan eta abar... Guk ez genkian ezer eta beste hizkuntza batzuetako pelikulak euskerara ekartea amesa zan. Azkenean, Bilbon be ikastaro bat antolatzea lortu genduan. Zerotik, zertan edo hatan hasi ginan. Gero, baegoan Galdakaon Xoxoa izeneko diskoetxe bat eta hori izan zan Bizkaian bikoizketeari sarrerea emoteko atea. Galdakao Estudios izenpean, lehenengo bikoizketa produkzinoak han egin ziran. Hortik aurrera, beharrizan handia egoan eta bikoizketeak indar handia hartu eban, kontuan hartu, bertoko, barruko produkzinorik ez egoala, ez egoan azpiegiturarik ez artistarik eta, beraz, kanpoko materiala behar zan. Horrek bikoizketeari zeozelako lan esparru barria ekarri eutson nahiz eta hasieran huts handiak egin.


2.- Ahots ‘ona’ izatea garrantzitsua da baina besterik zer behar dau bikoizketa aktore on batek?

Nik uste dot norbere bihotza zabalik izatea, lotsa larregirik barik norbere barruak zabaltzea, herriaren ezagutza sakona izatea, euskerearen erabilera garbia eta joria izatea eta, batez be, guapoa izatea nahitaezkoak dira (barreka). Berez, bikoizketea badirudi oso lanbide erraza dala eta era berean, ikaragarri gatxa da; irudi bati bizitasuna emon behar deutsazu, inoren gorputzean, ahoan sartu behar zara eta inoren keinuei, mobimentuei eta abar bizitasuna emon behar deutsezu, han ikusten eta entzuten dozun hori sinisgarria izan daiten. Aretoko bakardadean, mikroaren aurrean aurkitzen zaranean, goizeko 8:00etan negar egitea eta arratsaldeko 20:00etan barre egitea gatxa da.

Bikoizketa aktore ona izateko behar-beharrezkoak dira euskerearen ezagutza sakona eta bihotza zabalik izatea.


3.- Itzultzaile-egokitzailea da bat eta bikoizlea beste bat, ala batek bestea elikatzen dau?

Gaur egun ETBgaz alkarlan estuan ataraten doguz produktuak eta horretan dago aurre lan bat, ekinean dihardugun lan bat eta ondorengo lan bat, zelanbait esateko. Guk dana itzuli eta egokitu egiten dogu lehenengo; papelean idatziz dogun horregaz aretoan sartu eta ‘esan’ egiten dogu; gero esandako hori jantzi egiten dogu musikaz, zarataz, haize hotsez eta abar irudiagaz bat joan daiten. Labur esanda, prozesu osoa hori da.

Kontuak kontu, guk esateko idazten dogu eta entzuteko esaten dogu. Hortxe hasten eta amaitzen da zirkulua. Testua idazten dozunean, beti izan behar da gogoan hori ‘esateko’ dala eta esaten dan hori gero entzuteko eta erraz ulertzeko dala. Gauzak erraz eta berez, egia garbiz esaten ez badoguz, ez deuskue sinistuko. Hori buruan dogula egiten dogu lan. Beraz, gure itzulpen-egokitzearen helburua artelan ikaragarri gatx, landu eta burua apurtu ostean lortzen dozuna baino gehiago da, akaso, gogoan eukita nori begira zagozan, nor daukazun aurrean... egiok berba aurrean daukoan horri! Hartu-emon zuzena behar da ikuslearen, entzulearen eta egilearen artean.


4.- Telebista kateak eta batez be AEBetatik datozen telefilmak be asko ugaldu dira azken aldion eta bikoizleentzat ez dago lan faltarik Espainian. Gurean, barriz, bestelakoa da egoerea...

Bai. Badago kultura aldaketa bat. ETB1ek umeen artean eta zeozelako erakar indar bat lortu dau marrazki bizidunakaz eta abar. Horrezaz gan, beste esparru batzuk be eroso antzean entzuten dira, dokumentalak, doku-drama erakoak... Nagusientzako fikzinoa, barriz, nekezago sartzen da. Akaso, gu nagusiok ohituago, erosoago gagozalako pelikulak erderaz ikusten. Guri ez jaku arraro egiten indio batek gaztelaniaz egitea ‘Yo ser gran jefe’ eta holakoak, naturala begitantzen jaku umetatik holan entzun dogulako. Indio bat euskeraz entzutea, barriz, gogorrago egiten jaku.

Gure hasikerako urteetan, Arrazolan geunkan alkartean, bateko eta besteko gorabeherak aitatzen eta, sarritan Arantza agertzen zan, ‘Negrin’ deitzen geuntsana eta halako baten dinost: -‘Hi Eguzki, arpegia polito baltzitu jok baina ezagutu haut-. Nik momentu haretan baltz baten papela egiten neban baina Negrinek uste eban ni han irudian agertzen nintzana bera nintzala, hau da, arpegia baltzez pintauta... Jakina, nik pelikulako baltz hari ahotsa jarten neutsan. Mundu hori deskubridutea falta jaku guri. Euskerea nekez sartzen da fikzino munduan. Baina nik ez dakidana da ia telebistagaz jaio, hazi eta handitu diran umeek gerora zer ekarri eta zer sentiduko daben. Dana dala, guri pasetan ez jakuna pasetan jake gazteei, hau da, ikusi daben pelikula bat zein hizkuntzatan ikusi daben itaundu eta ez dakitela erantzuten deutsue; horixe da niretzako euskerearentzako erantzunik itxaropentsuena.


5.- Euskal bikoizketa arloak 1983-93 tartean bizitako loraldiaren ondoren, zergaitik aldatu da horrenbeste egoerea?

Egoerea berezko lekura datorrela esango neuke. Telebista bat entreteniduteko tresna bat da. Ez da Jainko salbatzailea ezta deabru erretzailea. Gaur egun, barriz, zazpi mila pantaila doguz, Internet, telebistearena, eskuko telefonoarena... pantailaz beterik gagoz eta horrek erosotasuna dakar; mundua txikitu egin jaku, geu zabaldu garelako. Kontuak kontu, hurrekotasunak ikaragarrizko indarra dauka, gauzak zenbat eta hurrekoago egin orduan eta unibersalagoak gara. Beraz, hurreko gauzak egiten ikasi behar dogu eta hori produkzinotik dator; guri ez jaku kanpotik inor etorriko ezer erakusten; kanpotik euren produkzinoak, euren estetikea, mundu ikuskerea, idiosinkrasia eta jarrera bereziak helduko jakuz, beste zeru batzuk. Eta kanpo lorak diran moduan, guk bertoko lorak sortu behar doguzala uste dot, etxeko produktu gehiago sortu behar dogu. Baina hori bikoizketa mundutik kanpo dagoan kontua da.


6.- Gaztelaniazko telebistetako programazinoetan, film eskaintzea nahikoa zabala da. Euskeraz dogun bakarrean, barriz, nahikoa urria da. Jenteak ez dauelako holakorik eskatzen izango ete da?

Zeozelako kontrapuntua dago hor. ETB berez euskerearen bultzagarri, akulu, zirikagarri, babesle eta abar izateko sortu zan baina komunikabide moduan, gero gauzak politizau egiten dira; nik uste dot, gizarte mailan euskerearen indarra murritza dala gaur eta numeroak gorabehera, euskeraz jakin edo erabilten dogunona, gizartean jentea erakartea da garrantzitsua eta, esangura horretan, film onen eskaintzeak erakar indar handia dauka eta, jakina, gaztelaniaz filmak ondo eta erraz ikusten dira eta ganera gehienak ondo bikoiztuta dagoz. Gurera etorrita, gaztelaniazkoak konpetentzia gogorra egiten deutso euskerazkoari. ETB1 zein ETB2 ikusten dabenak herritar berberak dirala pentsetan dot eta aldi berean leku bitan egotea ezinezkoa da. Berbarako, ‘La noche de...’ programan film onak eskaintzen ditue eta hor dagoan ikusleak ezin dau euskerazko programazinorik jarraitu. Jenteak errazena subertetan jakona ikusten dau eta eskaintzarik zabalena eta ikusgarriena be gaztelaniazkoa dala jakinik, euskereak galtzen dau.


7.- Gaur egun publizidadeak hartu dau indarra. Portzentajeetan gaur egun zer eta zenbat bikoizten dozue?

Nik esango neuke mundu arriskutsuak izanik, ondo zaindu beharrekoak dirala. Publizidadea erakundeetatik dator asko eta sarritan, euskera aldetik negargarri; esangura horretan, erakundeei eskatuko neuskie dabena baino kontu handiagoa izateko euskerea zaintzen. Niretzako aldizkari ofizial danak euskeraz jarteak baino inportantzia handiagoa dauka telebista eta irratietarako iragarkiak euskeraz ondo egotea. Zergaitik? Mezua laburra izan arren, euskereari ikaragarrizko kaltea egiten deutsolako. Kontu honetan erreta nago. Euskerea ez dogu zaintzen eta sarritan, zaindu guran gabilzanok be ezinean aurkitzen gara.

Bestetik, portzentajerik ez baina esango deutsut marrazki bizidunak lantzen doguzala gehien; gero dokumentalak be asko eta filmak be bagabilz bikoizten, batez be, Europako produkzinoak baina gaztelaniara; nahikoa produkzino interesgarriak, frantziarrak gehienak; beste estetika bat dakarre, intimoagoak dira.


8.- Bikoizketa arloan emon dozuzan urteetan makinatxu bat anekdota edo pasadizu biziko zenduzan. Bateren bat nabarmenduko zeunke?

Bai. Jenteak itaundu lei oheko eszenatan eta holakoetan, zelan jokatzen dogun bikoizketea egikeran. Gure gurasoak eta ez daitezela estutu ze holakorik ez dogu zuzenean egiten eta laztan baten edo musu baten zaratatsua egin behar dogunetan be, geure eskugainari emoten deutsagu musu zaratea atarateko (barreka). Ez, ez, ez. Jentea biluzik agertzen danetan da gu ez gara biluzik jarten, jantzita egoten gara (barreka).

Mundu guztiak jakingo ez dauena da umeena zelan egiten dogun. Alde batetik, ume bat lanean jartea galarazota dago eta oro har ez dogu eurekaz beharrik egiten. Nonoiz gauza bereziren bat danean eta, ekarri izan dogu umeren bat. Dana dala, umeen papelean emakume bikoizle aktoreak ibilten dira. Gizonezkook sekula be ez dogu umerik bikoizten.


9.- Ahotsa zaintzeko, Eguzkik ze metodo erabilten dau?

Ez dot ezer berezirik egiten. Lehen erre egiten neban eta orain ez medikuak kendu deustalako; lehen edan egiten neban eta hori medikuak kendu deust (barreka). Askatasun esparru urria geratzen jat. Baina, jakina, astegoienean zapoak, zotxak eta sugeak iruntsi badozuz, astelehenean urtengo deutsue danak.

Bromak aparte, behin gaztaroan ahotsak bere neurria hartzen dauenean, ahotsa landu daiteke baina barrutik; ohitu behar zara zure barruagaz berba egiten eta ez haginetatik kanpora. Haginetatik barrura berba egiten ikasi behar dozu.


10.- Bikoizle, itzultzaile-egokitzaile kantera ona izan dogu Euskal Herrian. Hamar urte barru zelan egongo ete da lanbidea?

Bikoizketa munduan jente asko mobiduten gara baina euskeraz ez dago behar beste ahots. Produkzinoak be murritzak dira. Dana dala, nahikoa baikorra naz. Kontuan hartu hau ez dala farandulazko ogibide bat, telebista kateetan sarriegitan agertzen dira sasi artiston kopla eta pasadizuak baina hori munduori ez da esistiduten gure ogibidean. Gure sektore hau oso serioa eta isila da; ikusi be ez da egiten. Guk ez daukagu zeozelako glamour edo holakorik, gu ez gaitu inork ezagutzen.

Hona sartu zarenean, konturatuko zinan hemen ez dagoala zaratarik, mundu guztia isilk dabil; hemen ahotsa, musikea eta zaratea landu egiten doguz; guk ‘egin’ egiten dogu ez dogu zaratarik ‘ataraten’.

Esandakoak esanda, ardurea sentiduten dot testu lanketan aurrera pausuak emoteko eta behar dan kasuetan laguntzeko, ze seguru nago testu on bati bizitasuna emotea askosaz errazagoa dala testu kaxkar bati interpretazinorik onena emonda be etekin ona lortzea. Testu on batek erdia baino gehiago emoten dau eta arlo honetan uste dot ez darabilgula politika lar onik testu lanketan. Badago zer egin.

Hemetik urte batzuetara egoerea zein izango dan asmetea ez da erraza baina ni neu itxaropentsu nago. Gugana hurreratzen dan jenteak sensibilidade berezia dauka, aparteko estetikea, irudimentsua da eta, esangura horretan, trankil nago. Hori bai, guk 25 urtean ikasitakoa, gitxi ala asko, atzetik datozenei erakusteko prest gagoz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu