Jokin Zaitegi XXI. Sariketara lanak aurkezteko epea zabaldu dabe

Bizkaie! 2007-10-31 11:22

Arrasateko AED alkarteak eta Elkar argitaletxeak, Kutxaren laguntzinoagaz, XXI. Jokin Zaitegi Sariketea deitu dabe, aurtengo Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko dana. Lanak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da.

Arrasateko AED alkarteak eta Elkar argitaletxeak, Kutxaren laguntzinoagaz, Jokin Zaitegi idazle arrasatearra gogoratzeko eta hark literatura unibersala euskeratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, XXI. Jokin Zaitegi Sariketea deitu dabe, aurtengo Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko dana.

Aurten, Suediako Akademiak Doris Lessing idazle britainiarri emon deutso Literaturako Nobel Saria. Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Lessing-ek idatzitako 'The Grass is Singing' (Bedarra kantari) nobelea itzultzea da.

Lehiaketan parte hartzeko, obrearen lehenengo bost orriak euskeratu beharko dira eta egindako lan horren hiru kopia bialdu AED alkartearen egoitzara (Pablo Uranga 4 behea, 20500 Arrasate), 2007ko abenduaren 31 baino lehen. Ez da itzultzailearen izenik agirian jarriko, baina bai goiburu bat; itzultzailearen datuak eta telefonoa gutunazal zarratu baten barruan adierazoko dira eta sobre horren azalean goiburu bera errepikatu.

Lehenengo bost orri horreek telefonoz, idatziz zein e-mailez eskatu ahal izango dira, baita www.elkarlanean.com/jokinzaitegihelbidean be.

Idoia Gilleneak, Aiora Jakak eta Alberto Martínez de la Cuadrak osotutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta hareetako bat izentauko dau irabazle 2008ko urtarrilaren amaierea baino lehenago. Aurkeztutako lanek kalidade nahikorik ez balebe, saria hutsik itxi ahal izango dabe. Kasu horretan, antolatzaileek aukerea izango leukie itzulpen hori enkarguz eskatzeko, bekako diru-kopuruaren trukean.

Irabazleak 5.500 euroko saria irabaziko dau 'The Grass is Singing' nobelea osorik itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egiterakoan jasoko dau, eta beste erdia lan amaitua entregau ostean. Lan amaitua 2008ko irailaren 30ean entregau beharko dau Elkar argitaletxean. Epeak ez badira beteten edota itzulpenaren kalidadea nabarmen txarra izan ezkero (epaimahaiaren eretxiz beti be), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehenengoa bueltau egin beharko leuke irabazleak.

Elkar argitaletxeak (eskubideak eskuratuta) argitaratuko dau 'The Grass is Singing' nobelea euskeraz eta 2008ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemugea. Ale guztietan nabarmen aitatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena be, ez baitau galduko bere lanaren ganeko jaubetzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu